Gogorra, luzea, gehiegizkoa, astakeria, erronka. Denetariko hitzak erabil daitezke Ehun Miliak lasterketa zer den zehazteko. Bakoitzak erabili eta aukeratuko ditu bereak. Baina lasterketaren zenbaki dantzak eta ibilbidearen perfil gorabeheratsuak inor ez dute hotz-epel utziko. Beasainen hasi eta bukatu, 167 kilometroko ibilbidea Gipuzkoako bira moduko bat da. Goierri, Urola eta Tolosaldeko 29 udalerri zeharkatuko ditu, eta ibiltariak Izazpe, Erlo, Hernio, Txindoki, Ganboa eta Aizkorri igoko dira, besteak beste. Guztira, 25.000 metroko desnibel metatua, Europan parekorik ez duena -Mont Blanceko ultramaratoiak ditu antzeko distantzia eta desnibela-.
Ongi bidean, 22 orduren bueltan ibiliko da lasterketaren irabazlea. Denbora hori aurreikusi dute antolatzaileek. Betetzen bada, bihar arratsaldeko laurak aldera iritsiko dira aurreneko lasterkariak Beasaingo udaletxeko plazara. Igandeko 18:00etan itxiko dute helmugako kontrola. «Mota honetako lasterketetan irteten diren erdiek bukatu ohi dute», ohartarazi du antolatzaileetako batek, Mikel Valdivielsok. Izena eman dutenen erdiak Euskal Herriko mendizale, lasterkari eta ibiltariak dira, eta beste erdiak, kanpotarrak. «Kataluniatik makina bat etorriko da, eta beste asko, Espainiatik, Portugaldik eta Frantziatik. Inguruko herrialdeetan probaren berri izan dutela pentsatzera garamatza horrek». AEBetatik eta Ingalaterratik ere etortzekoak dira mendizale batzuk.
Lehenengo urtea izaki, lasterketa laburrago bat ere antolatu dute Arrastaka elkartekoek: Goierriko Bi Haundiak, 82 kilometrokoa. Beasain izango du zeharkaldi horrek ere abiapuntu eta helmuga, eta Txindoki eta Aizkorri lotuko dituzte parte-hartzaileek. Zenbaki dantza xumeagoa izanagatik, gogorra da hori ere: 82 kilometro, 6.500 metroko desnibela eta 22 orduko epea ibilbidea egiteko. Ehundik gora ibiltarik eman dute izena, eta haiek ere gaur abiatuko dira, 23:00etan.
Azpiegitura lan handia
Zenbaki dantza ez da lasterketara mugatzen. Azpiegitura lan erraldoia behar da Ehun Miliak eta halako probak behar bezala prestatzeko. Ibilbidean Gipuzkoako 29 herri zeharkatuko dituzte, eta haietako guztietako mendi talde, elkarte eta boluntarioen laguntza ezinbestekoa dute. Ibilbide osoan 1.500 boluntariotik gora izango dira, lasterketa behar bezala atera dadin. Ibilbidea markatuz batzuk, lasterkarien zalantzak argituz bestetzuk, eta anoa postuetan gehienak. Muturreko lasterketa izanik, 10 kilometroko jarriko dituzte anoa postuak, eta jatekoa eta edatekoa izango dute lasterkariek horietan. Bi atsedenleku nagusiak, berriz, Tolosan eta Etxegaraten jarriko dituzte, 77. eta 130. kilometroetan, hurrenez hurren.
Proba antolatzeko orduan, mendizaletasunaren sehaska diren mendiei erreparatu diete Arrastaka elkartekoek: Alpeei; Mont Blanc mendiaren inguruetan antolatzen duten ultratrailari, hain zuzen. Euskal Herritik urtero joaten dira hara ibiltari, korrikalari eta mendizaleak, eta antolaketa eredugarria dela diote. Lehenengo ekitaldiak izaten duen erantzunaren arabera, halako iraupen luzeko lasterketa bat urtero antolatu nahi lukete: «Ibilbide eder eta gogorra prestatu dugu, Europan antolatzen diren gogorrenetakoa. Paraje aldetik, ez da Mont Blanc, baina gure mendiek beren ezaugarriak dituzte, eta horiek ezagutarazi nahi ditugu». Halako probek azken urteetan hartu duten indarra ikusita, klasiko bat izateko traza hartu dio batek baino gehiagok Ehun Miliak lasterketari.
Autobus zerbitzua proba ikusi nahi dutenentzat
Ehun Miliak lasterketak iraungo duen 48 orduetan autobus zerbitzu berezia jarriko dute proba iksui nahi dutenentzat. Auto pribatuak ahal den neurrian ez erabiltzea nahi dute Arrastaka elkartekoek, eta horregatik prestatu dute autobus zerbitzua. Beasain du abiapuntu eta helmuga lasterketak, eta autobusak ere handik abiatuko dira, lau linea guztira. Ordutegi, ibilbide eta gainerako argibideak: www.ehunmilak.com.Mikel Valdivielso.Ehun Milien antolatzailea
«Ur handiak dira, baina txalupa onean goaz»
E. Agirre. DonostiaLanez gainezka dago. Gaur hasi eta igandea bitartean jokatuko da Ehun Miliak lasterketa, eta ari guztiak lotu nahian buru-belarri dabil Mikel Valdivielso (Beasain, 1977). Lasterkari eta mendizale amorratua da, eta Euskal Herrian antolatutako lehenengo ultratrailaren arduradunetako bat ere bai. Probaren nondik norakoak azaldu ditu.
Iritsi da eguna. Prest al duzue guztia?
Luze jo du antolaketak, urte eta erditik gora da lanean hasi ginela. Egoera ekonomikoak zaildu egin digu prestaketa, duela hiru urte errazagoa izango genuelako babesleak aurkitzea. Baina kirol ikuspegitik behar bezala erantzuteko modua dugula uste dut. Apustu sendoa egin dugu eta parte-hartzaileei kalitatezko proba bat eskaini nahi diegu.
Lasterkariek lan handia izan dute proba behar bezala prestatzen, baina antolatzaileek ere ez duzue txikia izan. Zer izan da zailena?
Bi alorrek kezkatzen gintuzten, batez ere: ekonomikoak eta babesa nahiz laguntza jasotzeak. Ibilbidearen diseinu moduko bat egin genuen, eta pasatzen zen herrietako jendearekin biltzen hasi ginen, 1.500 boluntario ez direlako goizetik gauera lortzen. Elkarte, talde eta hainbat jenderen babesa lortu genuen, eta udalekin harremanetan jarri ginen proiektua bideragarria ote zen aztertzeko. Udalek ez ezik, ordea, herriek parte har dezaten saiatu gara.
Ur handiegitan murgildu zareten usterik ez?
Hasieratik izan genuen garbi zertan ari ginen.Halako proiektu batean buru-belarri murgiltzeak egunerokoan hainbat aldaketa ekartzen ditu, eta lehen lasaiago bizi nintzela pentsatzen dut batzuetan. Proiektua handiegia ote zen, antolatzeko gai izango ote ginen zalantzak zeuden, baina lan talde ona osatu dugu. Bete-betean asmatu dugula uste dut, eta ur handiak direla baina txalupa onean goazela iruditzen zait. Dena dela, proba bukatuta egin beharko dugu azterketa.
1.500 boluntario lortzeak ez du erraza izan behar.
Baina beharrezkoa da kopuru hori proba segurtasun aldetik bermatzeko. Kilometro asko dira, herri asko zeharkatzen ditu, bidegurutze asko zaindu behar dira, anoa postu asko daude ibilbidean...
Lehenengo ekitaldian 320 lasterkarik eman dute izena proba luzerako. Halakorik espero al zenuten?
Jendeak ez zuen gure alde apusturik egingo akaso, baina hasieratik 300 parte-hartzaile inguru izango genituela aurreikusi genuen. Proba lau haizeetara zabaltzeko gai izan gara eta ireki genuen webguneak -www.ehunmilak.com- 37.000 bisitatik gora izan ditu urtebetean, asko eta asko atzerritik. Bi ibilbideak aintzat hartuta, ia 500 lasterkarik eman dute izena, eta lehen aldia izateko kopuru polita da. Parte-hartzaile gehiago espero genituen lasterketa laburragoan, baina lehen ekitaldirako ez da kopuru makala.
Izena eman dutenen artetik zer nabarmenduko zenuke?
Espainiatik goi mailako talde bat etorriko da, eta punta-puntan ibiliko diren 10 edo 12 laguneko talde bat izango dugu lasterketan. Baina, nire ustez, Iker Karrera amezketarra izan daiteke faboritoetako bat. Mendian oso espezialista ona da, eta ibilbideko azken harria ere ezagutzen du. Jose Luis Albizuri ere irtetekoa da. Halako proba batean oso garrantzitsua da ibilbidea ezagutzea.