EZARIAN. MUNDUKO TUNELAK. Lurpeko Euskal Herria

Lurpetik pasatzen da Euskal Herrian ere maiz bizitza; tunel saretik. Eta badira duten neurriagatik, historiagatik edo ematen dituzten arazoengatik nabarmentzen diren batzuk.

Inigo Astiz
2010eko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Euskal Herria ere bada lurpeko herri. Mundu osoan bezala, lurpetik pasatzen da hemen ere bizitza, maiz; tunel saretik. Zail da zenbat izan daitezkeen zehaztea, baina asko dira, dudarik gabe, mendipeko bide hauek. Utziak daude batzuk, berreskuratu egin dituzte beste batzuk, martxan dira asko eta asko, eta oraindik egin gabe daude beste asko. Gizakiak sortuak dira gehienak, gizakiaren marka, eta marka uzten dute naturan ere. Badira batzuk markakoak direnak ere; luzeenak, zabalenak, sakonenak...

Orain markako direnak, baina, ez dira luzez hala izango. Abiadura Handiko Trenaren ibilbidea eraikitzean lurpean geldituko dira orain arteko markako tunel izandako guztiak. Proiektu horren inguruan eraikitakoak izango dira Euskal Herriko tunelik luzeenak, handienak eta baita polemikoenak ere, ziur aski. Ez da txikia, izan ere, proiektua, eta, ezta hura geldiarazteko sorturiko mugimendua ere. Oraindik zehaztu gabe dago ibilbide zehatza, baina Euskal Y-a H-nafarrarekin lotzeko hiru aukera aztertu dituzte arduradunek, eta 11 kilometroko tunela aurreikusten du haietako batek, Aralar mendilerroan barrena. Abiadura handiko trenak Gipuzkoan izango duen ibilbidearen %60 ere, adibidez, tunel bidezkoa izango da.

Urteak dira proiektua aurkeztu zutela, eta urteak dira jendea haren aurka mugitzen hasi zela. Zulo ekonomikoa dela, gutxi batzuen onerako baino ez dela eta haren ibilbidean hainbat paisaia eta natur gune lurperatuko dituela dira egiten zaizkion kritiketariko batzuk. Proiektuaren aurkakoen ustez, handiagoak dira kalteak onurak baino, baina alderantzizkoa da egoera aldekoen hitzetan. Diotenez, errepideetatik autoak eta kamioiak kentzen, komunikazioa hobetzen eta Euskal Herria Europarekin lotzen lagunduko du Euskal Y-ak. Proiektuaren alde direnentzat argia da apustua; aurkakoek, baina, ez dute argirik ikusten proiektuaren bukaeran.

1. Luzeena

Bada Euskal Herrian kilometrotik gorako tunel franko, luzeetan luzeenak, baina, hiru eta erdi ditu, kasik. Eraiki berria da, eta 3.415 metro da luze. AP-1 autobideko Eskoriatzako lurretan den Arlaban tunela (Gipuzkoa) da Euskal Herriko lurpeko pasabiderik luzeena. Bai, behintzat, errepide erabilera dutenen artean, trenbideenen artean bada-eta hori baino luzeagorik. Bilboko portura doan Serantes mendia gurutzatzen duena da, hain zuzen ere, trenentzako tunelik luzeena. 3.650 metroko luzera du, eta protesta artean egin da.

Proiektuaren nondik norako guztiak oraindik zehaztu gabe direla ere, gainditu egingo ditu marka horiek Euskal Y-ak. Eskoriatza (Gipuzkoa) eta Legutio (Araba) batuko dituen Albertia tunelaren proiektuak, adibidez, 4.780 metro izango ditu. Hasiak dira eraikuntza lanak, baina urte batzuk beharko dituzte bukatu aurretik.

2. Arazotsua

Euskal Herriko tunel luzeenetariko bat da Belatekoa (Nafarroa). 2.920 metro da luze, baina ez da luzeena. Bai, ordea, arazotsuenetariko bat. Belate mendatetik pasatzen zen bide zaharra arriskutsua zelako, erabaki zuten tunela eraikitzea. Eraikuntza lanak egiten hasi zirenean hasi ziren arazoak, ordea. Hasiera-hasieratik izan da Belatekoa tunel arazotsua.

Auto eta kamioiei bidea ireki eta hilabetera, erori egin zen tunelaren sabai zati bat, eta, maiz, izan dira geroztik etenak tunelean gisako arazoengatik. Oraindik era behin baino gehiagotan izaten da ur putzurik bidean. Urtarrilean ere ordu batzuez itxi zuten pasabidea, kable batzuk askatu zirelako.

3. Arriskuak

Eraikuntza lan orok bezala, arriskua dakar tunelen eraikuntzak ere. Lan istripuak izaten dira, maiz, haien eraikuntzetan. Izan dira auto istripuak ere gerora, zaurituak eta hildakoak, maiz; baina ez da izan 1999an Mont Blanceko tunelean (Frantzia-Italia) izan zen ezbeharraren neurrikorik. Ez eta haren eskalakorik ere. 39 pertsona hil ziren han pasabidearen barruan zen kamioi batek su hartzearen ondorioz. Tunelen segurtasun neurriak berrikustea ekarri zuen gertakari hark.

4. Musikatua

Musikaz lagunduta doa Euskal Herriko beste tunel baten historia. Lizartza (Gipuzkoa) inguruan Nafarroara doazen tuneletako batean gelditu zen itsu Kaxiano 1949ko irailaren 21etik 22rako gauean. Barrena galdu bat lehertu, eta begiak erre zizkion. Lan istripu bat, eta haren ondorioz hasi zen musika ikasten. Tunel hari lotuta dago, beraz, haren historia.

Kantatuz ere kontatu zuen Kaxianok pasarte hori Nire bizitza izeneko kantan, ilobaren galderei erantzunez: «-Aitona, noiz min hartu zenuen?/ -17 urterekin lanean, min hartu geroz ez dut ikusi/ -Eta gero, soinua jotzen hasi?/ -18kin soinu ta bertso, Euskal herrietan lanean hasi./ 25 urterekin ezkondu, alaba bat eta bi seme hazi». Behin baino gehiagotan esan zuen Kaxianok ezbehar hark izan zuela alde positiborik ere; bista kendu, eta musika eman zion: «Zoritxarrak zortea ekarri zidan».

4. Historikoak

Asko dira Euskal Herriaren historiarekin lotutako tunelak, baina, agian, Iruñea eta Donostia batzen zituen Plazaola trenbidearen ondorioz sortutakoak dira ezagunenak. Meatzerako trena izan zen hasiera batean Plazaola trena, baina meatzearen negozioak lurra jo, eta bidaiari tren bilakatu zen 1914an. 40 urtez egin zuen bide hori, baina 1953ko uholdeek eta autobusen konpetentziak gelditu egin zuen tren haren joan- etorria.

Lehen izandako haren markak baino ez dira gelditzen orain. Berpiztu egin dute tren zaharraren bidea, halere. Bide berde bilakatu dute, turismorako amu. Hala, oinez edo bizikletan egiteko moduan jarri dituzte trenbidearen zati batzuk, baita trenak gurutzatutako tunelak ere. Uitzikoa da ibilbide osoko deigarrienetariko bat (Nafarroa), 2.630 metro baita luze.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.