EZARIAN. NAFARROA OINEZ. Mundu bat oinez euskararen alde

Milaka pertsona izan zen igandean Atarrabiako Paz de Ziganda ikastolak antolatutako Nafarroa Oinez-en

Inigo Astiz
Atarrabia
2010eko urriaren 19a
00:00
Entzun
Kontraesana dirudien arren, halakoa izan zen igandean Nafarroa Oinez: hotza eta beroa. Hotza, tenperaturari dagokionez; beroa, berriz, jendearen harrerari dagokionez. Euririk egin ez arren, gogor jo zuen haizeak, eta hamar graduren inguruan izan zen termometroa. Nahikoa, halere, jendea Burlata, Atarrabia, Arre eta Uharte hartzen zituen ibilbidera joateko. Berokia eta eguzkitako betaurrekoak hartuta asko. Jendetza bildu zen Paz de Ziganda ikastolak Munduz mundu leloarekin egindako deialdira, milaka eta milaka pertsona; mundu bat, ia, euskararen alde. Paella bazkariko eta tonbolako txartel guztiak bukatu izana da horren froga.

Giro ona izan zen nagusi 6,2 kilometroko ibilbide osoan. Oinez batzuk, eta geldi besteak, bost guneetan gustukoena hautatu zuten. Bazen non aukeratua. Lehena eta bigarrena izan ziren ume, guraso eta folk zale gehienek aukeratua, pailazo, puzgarri eta Oskorriren emanaldia tarteko.

Eskozia txiki baten antza ere hartu zuen uneka bigarren guneak, herrialde hartako kirol eta musika izan baitzen nagusi. Gizon indartsuak gona jantzita harri jaurtiketan, hango dantzariak eta gaita hotsak. Ikusmin handia piztu zuten ekitaldiok.

Hirugarrenean eta laugarrenean rock zaleak elkartu ziren, eta gazteak. Khous, Bizardunak, Kerobia eta azken orduan Trikizio eta Tximeleta taldeen emanaldiak izan ziren. Hirugarren gunea jo zuen haizek gogorren. Lur idorra altxatu, eta edalontziak eskuz babesten ibili behar izan zuten askok. Laugarren area bilakatu zen, horregatik, arratsaldean jendetsuena. Bosgarren gunean hamaika dantza mota ikasteko aukera izan zuen jendeak.

Euskara mundua eta bertan

Mari Karmen Elizagoien eta Lina Gorostiagak moztu zuten ibilbidea irekitzen zuen zinta. Paz de Zigandaren sorreran lanean aritu ziren biak orain berrogei urte, eta irakasle lanetan gero. Ikastolara bidali zituzten beren seme-alabak, eta han ikasten dute orain beren ilobek ere. Bi emakume, beraz, hiru belaunaldiren ordezkari gisa.

Ez ziren omendu bakarrak izan. Mundua ere izan zuten kontuan, Euskal Herritik kanpo euskara irakasten duten 30 unibertsitateren lana aitortuz. Topagunea euskara elkarteen federazioa ere omendu zuten oroigarria emanez, euskararen alde herriz herri egiten duen lanagatik.

Atarrabia eta Lodosa

Bikoitza izan zen igandeko Nafarroa Oinez, bestalde. Paz de Ziganda izan zen festaren antolatzaile nagusia, eta batxilergoa eman ahal izateko eraikin berri bat sortzeko erabiliko da igandeko irabazien ehunekorik handiena. Lodosako Ibaialde ikastolak ere izan du parterik, ordea; irabazien %20 jasoko du. Ikastolari eustea da haien erronka.

Politika eta kultur munduko hamaika ordezkari izan zen igandean Nafarroa Oinez-i sostengua adierazten. PPN eta UPN ez beste alderdi guztietako jendea. Nafarroako Gobernuko inor ez, Xabier Azanza Euskarabideko zuzendariaz beste.

Jendetza bai, baina arazo larririk ez. Halere, 95 artatze egin behar izan zituzten mediku zerbitzuek. Autobus zerbitzuak gainezka egin zuen batzuetan, eta denbora luzez egon behar izan zuen jendeak zain. NaBaik azalpenak eskatuko dizkio, horregatik, Iruñeko Udalari.

Tafallako Garces de los Fayos ikastolak hartu du hurrengo urteko festa antolatzeko lekukoa, eta hasiak dira lanean jadanik.

Iñaki Saenz.Nafarroa Oinez-eko koordinatzailea

«Aurreikuspenak bete, eta gainditu egin ditugu»

Iñigo Astiz. Atarrabia

Ongi ezagutzen du Atarrabiako Paz de Ziganda ikastola (Nafarroa) Iñaki Saenzek (1975- Iruñea). Ikasle izan zen bere garaian, irakaslea da orain, eta Nafarroa Oinez-eko koordinatzaile orokorra izan da aurten. Urtebetez aritu da igandeko festarako antolaketa lanetan, eta garbiketa lanetan gero. Pozik, halere, deialdiak izandako erantzunarekin.

Jendetza bildu zen igandean. Pozik egongo zarete emaitzarekin, ezta?

Gozatu ederra izan zen. Aurreikuspenak bete egin ziren, eta baita gainditu ere. Kalean jendetza ikusten zen, eta giro oso ona izan zen, gainera. Agortu egin ziren jateko txartel guztiak, bazkariko paella, tonbolako txartelak... Balorazioa oso ona da. Jendea oso pozik dago guztia oso ongi atera zelako; gurasoak, lankideak, irakasleak...

Errazago egingo dira, beraz, festa ondorengo garbiketa saioak.

Horretaz aritu gara gaur hizketan bai. Euria egin izan balu, edo zer edo zer gaizki joan balitz, gehiago kostatuko litzaiguke dena jaso beharra. Atzoko [igandeko] egunarekin, baina, denak pozik gaude, eta, beraz, gustuko aldapan maldarik ez.

Jende kopuruari buruzko daturik baduzue?

Ez, eta ez dugu izango ere, oso zaila delako. Aparkalekuak izaten dira horretarako kontuan hartu ohi direnak, baina aurtengo Nafarroa Oinez Iruñea inguruan izan zenez, jende askok garraio publikoa erabili du. Villabesak bete-beteta ibili ziren, eta oinez egin zuen bidea askok, autobusak hainbeste jende hartzeko beste ez zirelako.

Arazo handirik ez zen izan, halere.

Ez. Hainbeste jende bildu, eta mediku zerbitzuek laurogei pertsona baino ez artatu izana, ez nuke esango miraria denik, baina bai nabarmentzekoa dela. Arazoak arinak izan dira.

Paz de Zigandak antolatu du aurtengo festa, baina irabazien %20 Lodosako ikastolari emango zaizkio. Pozik izango dira haiek ere atzoko emaitzarekin, ezta?

Bai. Portzentaje bat haiei helduko zaie, eta merezita heldu ere, lan handia egin baitute. Nafarroako euskaltzale guztiok gaude pozik, nire ustez, igandekoa euskararen aldeko jai bat delako eta oso ongi atera zelako.

Paz de Zigandan batxilergoa irakasten eraikin bat eraikitzeko dirua biltzea zen igandeko festaren helburua. Eraiki ahal izango dela kalkulatzen duzue?

Eraiki, eraikiko da, baita harriak lurpetik atera behar badira ere. Diru konturik ez dugu egin oraindik, baina helburua bete dela esango nuke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.