Arrantzaleen antzera, itsasoan eman ditu Kepa Acerok (Getxo, 1977) azken bost hilabeteak. Munduko bost olaturekin geratzeko milaka olatu hartu ditu, baina Ozeania eta Afrikako klima baldintzek ametsa eten diote. Edo Luzatu. Datorren urtean saiatuko da Namibia (Afrika) eta Australiako (Ozeania) olatuak magaleratzen, bost kontinenteetako bost olatu handienen bilduma gordetzeko asmoz.
Pou anaien Zazpi pareta, zazpi kontinente hitzaldiko entzule izaten hasi, eta Bost olatu, bost kontinente proiektuaren sortzaile bihurtu da Kepa Acero. «Beraien bidaiatzeko era gustatu zitzaidan, beti izan dut hondartzan gaudela herria ezagutzen ez dugun sentipena». Maiatzaren 16an atera zen Afrikara, eta urriaren 7an itzuli zen Ameriketatik. Ozeania, Asia, Afrika, Amerika eta Europako bost olatu aukeratzeko milaka kilometro zeharkatu ditu.
Europatik Mundakako olatua aukeratu du, Aceroren hitzetan, bere bihotza eta altxorra. Eskeletoen kosta (Namibia, Afrika) beste planeta bat dela dio: «Tenperatura eta jendea oso beroa da, baina, bisitaririk ez denez joaten, taula bat besapean daramazulako harritu egiten dira, zoratuta zaudela pentsatzen dute». Panaitan uhartea (Indonesia, Asia) surflarien Himalayatzat dauka, eta Patagonia (Txile, Amerika) lurralde gertu gisa iltzatuko du oroitzapenetan. «Gnavaloo (Australia), ez zait hainbeste gustatu».
Bost hilabete bakarrik eman ditu, baina ez da bakarrik sentitu. «Herrialde batzuetan topatu dudan jendearen harrera sekulakoa izan da». Lagunik gabe joateari arriskutsu deritzon arren, erronkak ez du kikildu: «Indonesiako oihan batean botaka zaudenean eta ez dakizunean zer gertatzen zaizun gaizki pasatzen duzu». Malaria izan zezakeen, baina ez du ezer larririk jasan.
Munduko errealitate desberdinak ezagututa, «beste pertsona bat jaio da». Munduarekiko kritikoago izaten ikasi du, erabakietan ziurtasun handiagoa edukitzen: «Diruarekin nahikoa dela pentsatzen dugu, eta ez da horrela. Guk ez dakigu benetako gosea zer den». Olatu gosez joan, eta bidaiarekin aseta bueltatu da.
Hartu eta ematean, horretan datza kulturen arteko elkar harremana Acerorentzat. Namibian (Afrika), esaterako, hilabete eta erdi eman zuen basamortuan inorekin egon gabe. «Beldurra pasatu nuen, oso nekatuta nengoenean 300-400 kilometro egin, eta hurbilen zegoen herrira joaten nintzen. Behin, baina, alokatutako autoa ez zen martxan jarri. Eskerrak ordenagailuan Internet nuen komunikatzeko». Argazki eta bideo kamerari esker, bidaian zehar grabatutako bideoak jarri ditu www.fivewavessurf.com atarian. «Sare sozialetan eta webgunean idatzitako zale eta lagunen mezuek indar handia eman didate». Bertan daude ikusgai, besteak beste, namibiarrei kalimotxoa prestatu zieneko momentua eta bidaiako egunerokoak.
Jendea harritu duela aitortzen du, baina baita jendeak harritu duela ere. «Indonesian malaria asko dago, eta animaliak uxatzeko botika ahaztu zitzaidan. Lagun batek esan zidan zigarroak erreta ziztadak gutxitzen zirela. Arrantzaleekin egon nintzen gauetako batean erretzen nengoela sekulako sustoa hartu nuen: burua joaten hasi zitzaidan». Lasaitu, eta poza hartu zuen Asian zigarroei onddoak nahasten zizkiotela jakin zuenean, «kristolako barreak bota genituen». Dena, ordea, ez da poza izan. «Ezagutu dudan jendea agurtzeak pena handia eman dit, ikusi arte esanez agurtu arren, badakidalako ez ditudala berriro ikusiko». Munduko bost olatu handienetako bi nahi bezala ezin hartzeak ere goibeldu duela nabari zaio, baina alaitasuna gailentzen zaio maiatzean itzuli nahi duela kontatzen duenean.
Bost hilabeterako bost surf taula eraman zituen, baina guztiak apurtu eta Australiara postaz bidali behar izan zizkion Pukas enpresa babesleak bost taula berri. Arrantzaleek bezala, zail izan du aurrez jakiten itsasoak zer berri ekarriko zion. Haatik, esploratzaile gisa aukeratu ditu olatuak Acerok: «Mundaka salbu, jenderik ez topatzeko tokiak hautatu ditut».
Bidaia inprobisatua
Olatuen tontorra zapaltzea, ordea, mendizaleak Himalayara igotzea bezala da: klima baldintzak bete behar dira. «Haizeak olatuaren kontra egiten duenean, olatutik olatura distantzia handia dagoenean, eta itsaso garbia dagoenean da olatua ona». Bi eta hiru metro arteko olatuak hartu ditu, 300 eta 600 metro bitarteko zeharkaldiak eginez.
Esploratzaile gisa inprobisatzen igaro du bidaia, eta hala jarduteak ezustekoz bete du: «Namibiara heltzean, beheko kanpalekutzat neukan tokia duela bost urtetik ez zela existitzen esan zidaten».
Hogeita hamahiru urterekin, haurtzarora bueltatu da zenbaitetan. Nahiz eta leku gehienetan ingelesa eta gaztelaniarekin ondo moldatu, komunikatzeko papera margotzen eta keinuka ibili da: «Hoberen Indonesian ezagutu nuen mutu batekin ulertzen nintzen, biak geundelako baldintza beretan». Azukrearen falta sumatu badu ere, esperientzia gozoa egin zaio. «Txorakeria dirudi, baina hamar egun azukrea probatu gabe eta arroza jaten daramazunean...txokolatearen plastikoa miazkatzen bukatu dut. Amatxoren patata tortillaren falta sumatu du».
Ahaztezina. Hala gogoratuko du bost hilabetean bizi izan duen esperientzia surflari bizkaitarrak. Oraingoz, ahaztu ezin dituen bi olatuak saskiratu, eta proiektuarekin dokumental bat egitea du buruan. «Ideia asko ditut, ametsak beti izan behar dira, dirua ere bai. Dirua izango banu, bihar joango nintzateke».
EZARIAN. Olatuen arrantzan
Kepa Acero surflari bizkaitarra munduko olatu handienetan ibili da 'Bost olatu, bost kontinente' proiektuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu