Ez hain modu nabarmenean, baina autobideak ere bitan zatitzen ditu herritarrak. Errepidearen parean bizi direnak daude alde batean, eta errepidearen parean bizitzeaz gain, errepideaz bizi zirenak, bestean.
«Batzuentzako txarra dena, besteentzako ona da», dio Tomas Cortoreal Elo sarreran dagoen gasolindegiko langileak. «Herritarrak pozik daude, zarata leundu eta zirkulazioa arindu delako; gauza jakina da, izan ere, lasaitasunak ez duela preziorik».
Preziorik izan gabe ere, baina, lasaitasun horrek badu eraginik salmentetan. 8.000 bat auto pasatzen ziren lehen egunero errepide horretatik, eta nabarmen murriztu da kopuru hori autobidea ireki zutenetik. Gutxi batzuk baino ez dira, egia esan, gaur egun bide horretatik pasatzen diren autoak, eta, ondorioz, behera egin dute errepideari begira bizi diren negozioen salmentek.
Errepideko gidarientzat dago margotuta Idotzingo Ricardo Rebolledoren altzari dendaren ezkerreko pareta osoa. «Muebles Idozin, abierto los domingos», irakur daiteke letra handiz, denda igandeetan ere irekita dagoela gogoraraziz. Inor gutxik irakurtzen duorain, ordea, mezua. Ia ez da autorik pasatzen. Iraganari mintzo zaio iragarkia, orainari baino gehiago.
«Franko igarri da aldaketa», aitortu du Rebolledok. «Autoak etengabe pasatzen ziren lehen, eta gelditu egiten ziren batzuk. Bidean zihoazela, denda ikusi, eta jakin-minak jota sartzen ziren, agian, eta bezeroak egiten ziren horrela». Noain inguruan jarri dute orain iragarkia, balizko bezero horiek mantentzeko asmoz. «Krisi ekonomikoa dela eta, igartzen da negozioak behera egin duela, baina autobidea irekitzearekin, are gehiago egin dute behera salmentek».
Elo sarrerako Unzue ostatuak ere iragarki handi bat ageri du ezkerreko horman. Jakarako norabidean doazen autoentzako dago hor. Iraganari baino ez zaio mintzo hau, ordea, autobidea ireki baino hilabete lehenago erabaki baitzuen Agustin Unzuek ostatua ixtea. «Gastuak ordaindu ezingo genituelako hartu genuen erabakia. Hondamendia izan da autobidea guretzako, eta baita herriarentzako ere: desertu bat dirudi orain».
Aldaketa kolpean gertatu zela dio Unzuek. Egun batetik bestera. «Begiak itxi eta irekitzea bezala izan zen. Autobidea ireki, eta hurrengo egunean bertan inor ere ez zen jadanik herrira sartzen».
Autobidetik herrirako irteera herritik hurbilago egin balitz, bestelakoak lirateke gauzak Unzueren ustez. «Herrira bertara eman behar zukeen irteerak, hori zen onena, baina hiru kilometro daude autobideko irteeratik Eloraino. Ostatura joateko autobidetik 300 metro urrundu behar izanez gero, urrundu egiten da jendea, baina 3 kilometro egin behar izanez gero, aurreragorako uzten du geldialdia».
Agur bat autoko
«Dezente aldatu da bizitza hemen», dio Juan Antonio Lasak. Unzu ostatuaren parean dauka lantokia Elon berak, errepidearen beste aldean. «Hementxe jaio nintzen ni, errepide parean, eta orain kosta egiten zait, kasik, lo hartzea, soinurik ez dagoelako».
Zazpi bat auto pasa dira solasaldiak iraun duen denboran Lasaren lantokiaren paretik. Guztiek jo ez badute, ia guztiek jo dute bozina, eta ia denak agurtu ditu Lasak eskuaz. Keinu bat, kasik, auto bakoitzeko. «Lehen ez zenuen inor ezagutzen, milaka auto pasatzen zirelako, baina orain inguruko herrietakoak dira pasatzen diren guztiak, eta denak ezagunak direnez, denek agurtzen gaituzte pasatzean».
Autoentzako tailer bat dauka Lasak, baina dioenez, ez du negozioan beherakadarik sumatu. Dioenez, inguruko herritarrak dira bere bezeroak, eskuaz agurtzen zituen ber horiek, eta errepide parean bizi, eta lan egin arren, ez zen «errepidetik bizi».
«Primeran etorri zaigu autobidea», dio Jose Labiano Elotarrak errepidean paseoan doala, «hainbeste autorekin ezinezkoa zen hemen bizitzea». Dena ez da onura, halere, Labianoren iritziz. «Herriak zuen bizitzaren falta sumatzen da taberna itxi zutenez geroztik».
Elon bertan jaio zen Labiano, orain 91 urte, eta lehen eskutik ezagutu ditu errepideak herrian eragindako aldaketak. «Iruñera mando gainean joana naiz ni gurasoekin, eta alokatutako lokal bat zen animaliarentzako garajea», gogoratzen du irribarrez. «XX. mendeko aldaketa ia guztiak bizi izan ditut nik». Lehen autobusa, lehen autoa, lehen traktorea... denak ditu gogoan.
1939an joan behar izan zuen soldaduska egitera Labianok, eta orduan ikasi zuen gidatzen. Han lortu zuen gida baimena soldaduskan izanagatik ere, soldadu gisa beharrean, kamioilari gisa aritzeko. «Sei urtez han egon ondoren, herrira bueltatzean, hiruk geneukan gidabaimena herrian. Medikuak, herriko beste gizon batek eta nik. Hiru baimen, eta bi auto. Pentsa, nola aldatu diren gauzak».
«Egia da herria landatarragoa bihurtu dela autobidea ireki zutenetik, baina hobeki gaude horrela», dio Josu Lekunberri idozindarrak. «Lau traktore, autobidea eraikitzeko lanetan dabiltzan kamioi batzuk, eta auto gutxiren batzuk salbu, gaur egun ez da inor pasatzen herritik, eta lasaigarria da hori herritarrentzat».
Lekaundik aurrera
Idotzindik aurrera segituz gero, Lekaun ingurua da mugarria. Iruñetik Jakarako N-240 errepideko paisaia oso eberdina da hara heldu baino lehen eta haren ondoren. Eguna eta gaua. Autobidea bukatu gabe, edo egiteke dago oraindik, egon ere, gune horretatik aurrera, eta, beraz, errepide zaharra hartzen dute autoek.
Ledena da horren adibide. Herritik pasatzen dira oraindik autoak. La Torre ostatuaren eta haren aurrean dagoen gasolindegiaren paretik, hain zuzen ere. Geldialdia egiteko dela, andela betetzeko dela; beteta daude, ia, bateko zein besteko aparkalekuak, baina 2011n gune horretan ere autobidea irekitzearekin, hori aldatuko den beldur da Francisco Ventura gasolindegiko arduraduna.
«Idotzinen eta Elon gertatu dena pasako da hemen ere», dio, «autobidea gure aurretik pasatuko ez denez, autoek ez dute N-240a hartuko, eta bezerorik gabe geldituko gara, ziur aski. Txarra izango da, beraz, autobidea guretzat, baina ona herriarentzat».
Nafarroako autobidearen erdia dago oraindik egiteko
2012rako egongo da Iruñetik Jacarako autobidea bukatuta. Hala espero dute, behintzat. 106 kilometro izango ditu errepideak guztira, baina oraingoz lan erdiak daude bukatuta. 2005az geroztik, zatika-zatika lanak bukatu ahala, ireki diete bidea autoei, eta egun Noaindik hasi eta Lekaun pareraino dago autobidea erabilgarri. Ekaina bukatzerako Judasen Bentara heltzea espero dute lanen arduradunek.Aurreko astean egin zuen Nafarroako Gobernuak hortik aurrerakoak eraikitzeko lehiaketa, eta 2011ko abendurako bukatuta nahi dituzte lanok.