Udazkena, baso eta mendietan barrena txangoak egiteko, sasoi polita izan ohi da. Gipuzkoako lau parke naturalak udazkeneko kolorez jantzita daude, gure zain.
Urtaro bakoitzak du bere erakargarritasuna, baina udazkenak eskaintzen dituen koloreak bakarrak izaten dira. Basoetako zuhaitzen hostoei begiratzea baino ez dago. Eta zer esanik ez udazkeneko fruituez: onddoak, gaztainak... Horrela jantzita ageri dira garai honetan Gipuzkoan dauden lau parke naturalak: Aiako Harria, Aizkorri-Aratz, Aralar eta Pagoeta. Toki horietan naturak jartzen dizkigun erakargarritasunak ez dira gutxi, baina gizakiak jarritako parketxeak ere badira, natura hobeto ulertzen lagundu, informazioa bildu edo atseden hartzeko tokiak.
Aiako Harriak dituen granitozko hiru tontorrek, Irumugarrieta, Txurrumurru eta Erroilbidek, denboran atzera egitera garamatzate. Paleozoikoan sorturiko mendigunea izaki, Gipuzkoako mendirik zaharrena da. Tontorretatik ikusten den paisaia ikusgarria da: Txingudiko badia, Hondarribia, Irun, Hendaia, Oiartzungo aldea... Aiako Harria parkeak, guztira, 6.913 hektarea ditu, eta gainazalean ikus daitekeena zoragarria bada, kasu honetan lur azpia ere aipatu behar, bertan baitago Oiartzungo Arditurri meategia. Meategia duela gutxi arte ustiatu dute, eta aurkitutako aztarnek garbi erakusten dute aspaldi erromatarrak ere ibili zirela. Horren guztiaren inguruko informazioa jasota dago Arditurri parketxean. Bertan Interpretazio Zentroa dago, eta Aiako mendilerroari buruzko xehetasun guztiak erakusteaz gain, Arditurri meategiaren inguruko informazio zehatza jasotzeko eta meazulora bisita egiteko aukera ere badago.
Aizkorri-Aratz da Gipuzkoako parkerik handiena. Gipuzkoa eta Araba artean dago, eta 19.400 hektarea ditu. Eremu horretan naturaren altxor asko daude; adibidez, basoak. Baina aipagarriak dira Aizkorri-Aratzek gordetzen dituen kultura-ondareak ere. Aspalditik ikazkintza eta abeltzaintzarekin lotuta egonik, Urbian oinez goazela, monumentu megalitikoak erraz aurki daitezke. Parke horretan dago Aizkorri mendia ere; 1.544 metroko garaiera du.
Gipuzkoako Foru Aldundiak bukatzear du Oñatin Arantzazu Parketxea; eraikuntza hornitzea baino ez da falta. Baina informazioa nahi duenak erraz aurkituko du Arantzazuko Santutegiko informazio bulegoan eta www.gipuzkoamendizmendi.net webgunean. Eta zer bisitatu ere bada han, hasi santutegitik bertatik eta Oñatiko Arrikrutz kobetaraino. Bertan, lur azpiko altxorrak ezagutzeko aukera dago.
Aralar, Pagoeta eta Miramon
Aralar da eremuz bigarren parke naturala. 10.971 hektarea ditu Aralar parke naturalak, eta bertan dago Gipuzkoako pagadirik zabalena. Artzaintzari oso lotuta egonik, artaldeak, saroiak eta Idiazabalgo gazta eremu horretan adierazgarriak dira. Mendi esanguratsuena Txindoki da, 1.345 metrorekin. Parketxe aldetik ere oso hornituta dago, bi baititu, biak Ataunen. Bata, Lizarrusti izenekoa; Mikeleteen etxea izandakoan dago. Interpretazio gunea izateaz gain, taberna, jatetxea eta ostatua ere baditu. Bestetik, Ataungo San Gregorio auzoan, On Joxemiel Barandiaranen bizitza eta lana jasotzen dituen museoa dago.
Pagoetako parke naturalak ere merezi du txangorik. 1.335 hektarea ditu. Ehun urte baino gehiago dituzten gorosti eta pagoak erraz aurki daitezke han, eta mundu guztiko loreak jasotzen dituen lorategi botaniko bat ere badago. Iturraran parketxearen alboan dago hura, Aian, eta guztira 25 hektarea ditu. Parketxea, berriz, aspaldiko baserri eder batean dago, eta parkeari buruzko maketez gain, ikus-entzunezkoak eta erakusketa biltzen ditu. Erlategi egokitu bat ere badago.
Parke natural eta parketxe bakoitza bakarra eta berezia da. Baina, guztiek kidetasunik badutenez, Parketxe Fundazioa sortu da duela gutxi. Fundazioak badu beste leiho bat, bosgarrena, hiriko leihoa esaten diotena: Miramongo Kutxaren Zientziagunea. Han, parke naturalen inguruko erakusketa iraunkorra dute jarria. Donostiako gune hori abiapuntu izan daiteke txangoari ekiteko.
Datuak
Iturraran ParketxeaTel: 943-83 53 89
Arditurri Parketxea
Tel: 943-49 45 21
Aralarko Parketxe hedatua
Lizarrusti tel: 943-58 20 69
Barandiaran tel: 943-18 03 35
www.gipuzkoamendizmen di.net