Gelditu, begiratu eta pasatu. Arlo askotan aplika daitezken hitzak dira. Futbol entrenatzaileak ikasleei; baloia babestu eta zuzen jokatzeko aholku gisa. Erosketak egitera joan, erakusleihoei begira jarri eta gustuko kamiseta. Pasatu barrura. Kasu askotan, ordea, azken pauso hori ematea ez da beharrezkoa: begiratu, aukeratu eta txanponak sartzearekin nahikoa da nahi dugun hori eskuratzeko.
Gero eta ohikoagoa da askotariko produktuak saltzen dituzten makinak ikustea; edonon eta edonolako salgaiekin. Kontsumo ohiturek eta kostu txikiko produktuak erosteko joerak makina horien etorkizuna baldintzatuko dute datozen urteetan.
Vending edo vending machine izenarekin ere ezagunak dira, ingelesetik itzulitako «saltzeko makina» gisa. Ez dago dendaririk, langileak produktu berriak jarri eta dirua jaso besterik ez du egin behar. Luzea da makinotan eros daitezkeen produktuen zerrenda: gozokiak, freskagarriak, tabakoa, preserbatiboak, kafea, bidaia txartelak... Ohikoa da -beste zenbaiten artean- horiek lantoki, kirol instalazio, unibertsitate zein ospitaletan ikustea. Baina, txikitatik gogoan izaten diren txikleen eta fruitu lehorren makinak ahaztu gabe, vending makinen eskaintza zabaltzen doa egunez egun.
Euskal Herrira, esaterako, esne makinen boom-a iritsi da; eta, horrekin, arrakasta. Kontsumitzen den produktua egunero eta uneoro erosteko aukera. Japonian ere eguneroko produktuak saltzen dituzte, eta ez edonolakoak: erabilitako kuleroak 20 eurotan saltzen dituzte. Eta, zertarako? Galdetuko diote askok beren buruari. Antza denez, usaintzeko saltzen dituzte kuleroak, erosten dituenaren gozamenerako. Makina horien gaineko debekua jarri zuen gobernuak 1993. urtean, baina oraindik horrelakoak aurki daitezke Japoniako hainbat hiritan.
Japonia bete-betean sartuta dago saltzeko makinen merkatuan: 23 biztanleko makina bat daukate. Ia denetik eros daiteke hango vending makinetan, bizirik dauden otarrainak tarteko. Munduko vending makinarik handiena ere han daukate. Harrigarria badirudi ere, ez du saltzen ez edaririk, ez tabakorik; ezta jatekorik ere. Kamisetak eros daitezke bertan; bi solairu betetzen dituzte makinak banatuko dituen kamisetek, tutuetan gordeta.
Kamisetez gain, jean galtzak saltzen dituen makinarik ere badago Florentzian (Italia), baita bainujantziak dituenik ere; azken hori, AEBetako hotel kate baten eskutik. Behin gorputza dotoretuta, oinak jantzi behar. Erresuma Batuko bi enpresak gau-txorientzako ideia bikaina izan dute. Takoidun zapaten nekea amaitu eta takoi gabeko oinetako arin eta erosoak erosteko makinak jarri dituzte diskoteketan. Goitik behera janzteko aukera, beraz, dendara sartu gabe. Abu Dhabitik Madrilera (Espainia) iritsi da urrea saltzen duen makina bat; Westin Palace hotelera, hain zuzen. Makinak, barnean duen mekanismo baten bidez, urreari balioa ematen dio, hamar minuturo.
Saltzeko ez ezik, kanpaina egiteko ere aprobetxatzen dute vending makinen saltzaileek. Esku bat, hanka bat, belarri bat... Gorputzaren zatiak saltzen dituen makina. WorkSafe konpainiak egindako kanpaina da, langile eta enpresariek laneko segurtasunaren inguruan kontzientzia har dezaten. Ekologiaren aldeko apustua egiten dute beste vending makina batzuek.
Saldu baino gahiago, maileguak ematen dituzte; bizikleten maileguak, hain zuzen. Bike Dispenser esaten diote, eta Herbehereetatik datorren ideia da. Bizikleta bakarra ikus daiteke, haren atzean dagoen makinan baitaude bizikletak, bata bestearen atzean pilatuta. Ordu batzutarako maileguan hartu, eta gertuen dagoen postuan utz daiteke bizikleta denbora baten buruan. Euskal Herrian egon badago antzerako zerbitzuaz gozatzeko aukera; makina baten barruan beharrean, ilaran ikus daitezke erabilgarri dauden bizikleta guztiak.
Osasunarekin lotutako salgaiak dituzten makina batzuek zeresana eman dute gizarteko zenbait sektoretan. Bilbo eta Barakaldoko optiken kanpoan, esaterako, lentillak jarri dituzte salgai. Horiekin batera, lentillak garbitzeko likidoak, koloreetako lentillak eta malko artifizialak ere eros daitezke.
Zerbitzu horren eskaintza salatzen dutenen artean dago Euskadiko Optometria eta Optikoen Elkargoa. Haien iritziz, kalean eta profesionalen kontrolik gabe, begiko arazoak jasateko arazoak ager daitezke. Hori dela eta, salaketa ezarri dute Kontsumo eta Osasun Ministerioaren aurka, «sekulako zentzugabekeria» dela argudiatuz. Optikako produktuak saltzen dituzten makinen banatzailea da Selhosvi, beste produktu batzuen artean. Jose Luis Calvo enpresako kudeatzailearen ustetan, «farmazialarien sektoreak konpetentzia ikusi du makinon ezarpenarekin»; gainera, beste makinekiko ezberdintasun handirik ez dagoela dio: «Gainerako makinen higiene neurri berdinak jarraitu behar dituzte; arazoren bat izanez gero, erosketa tiketa izango du bezeroak erreklamazioak egiteko».
Bestetik, ezohiko sendagarri bat jarri dute AEBetako vending makina batzuetan: marihuana. Edonork eskuratzeko moduan dagoela pentsa daitekeen arren, ez da horren erraza makina engainatzea. Makina makina izanda ere, badu eroslea identifikatzeko modua: argazki kamera bat du barnean, baita hatz markak detektatzen dituen gailua ere. Medikuaren errezeta eramanda, hainbat dositan eskuratu daiteke marihuana.
Neurriak hartu beharra
Higiene eta osasun neurri zorrotzak bete behar dituzte saltzeko makinek. Kontu handiz ibili beharreko gaia da, elikagaien kutsadura baita makinok duten arrisku nagusia. Elikagaiak mantentzeko tenperatura desegokia eta jakien iraungitze data gainditzea dira bezeroarentzako arriskuak. Hori saihesteko, funtsezkoa da kontrol bat jarraitzea; bai tenperaturan, bai materialen etiketatzean; baita garbitasun eta desinfektatzean ere.
Horietaz gain, saltzeko makinaren kanpoaldean enpresaren izena eta helbidea agertzea beharrezkoa da; arazoren bat izanez gero, jabearekin harremanetan jarri ahal izateko. Makinak egokiak ez diren lekuetan jartzeak ere elikagaien segurtasuna kalte dezake.
Izan ere, geroz eta leku gehiagotan ikus daitezke saltzeko makinak: zerbitzu-guneak eta hotel kateak dira azken aldian vending makina gehien txertatu dituztenak. Langileen gastuak aurrezteko ez ezik, 24 orduko zerbitzua eskaintzeko aukera ematen diete makinek saltzaileei.
Krisiak ere izan du eraginik vending makinen salmentan. Makinen arrakasta erabat lotuta dago enpresaren arrakastarekin. Horretaz gain, tabakoaren aurkako legeak eta elikadura osasuntsu baten aldeko apustuak galera ekarri die makinen merkatuari.
EZARIAN. SALTZEKO MAKINAK. Edozer, edonon, edonoiz
Txoko bat hartu eta ordu askoz egoten dira lanean saltzeko makinak. Ohikoak diren goxoki eta freskagarriez gain, eskaintza bitxiak ere ikus daitezke munduko 'vending' makinetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu