Goizean goizetik etengabea izan zen jendearen joan-etorria Armentiako zelaietan. Goiz-goizetik bildutako jendetzak ondo erakusten zuen eguraldi onak aurreko urteetan baino jende gehiago animatu zuela Armentiara igotzera.
Euritakoa, motxila eta mendiko botak. Horiexek gazteek, helduek nahiz txikiek Armentiako zelaietara joateko eraman zituztenak. Gora eta behera paseoan izan ziren hasieran gehienak, eta gutxi batzuk ausartu ziren zelai hezean esertzera. Baina eguzkiak bazterrak gozatu ahala, animatuz joan ziren hainbat koadrila zelaian jesartzera, zirak, jertseak eta plastikoak ipurdi azpian jarrita.
Baselizan egiten diren ohiko elizkizunekin eman zitzaion hasiera ofizialki San Prudentzioren omenezko egunari. Ordurako, baina, goiztiarrenek hasia zuten jaia, txorizo ogitartekoa eta freskagarria eskutan zutela. Urtero gertatzen den modura, bazter guztietan paratutako janari eta edari postuetan bildu zen jendetza handiena, gosea ase nahian. Barraskilo, erroskila, opil eta sagardo saltokietan ilarak sortuz joan ziren goizak aurrera egin ahala. Bezperan egindako parranda luzatu nahian zebiltzan gazteak ere ez ziren falta, neke aurpegiarekin, baina aldarte onarekin. Haiek, ogitartekoak baino, kalimotxoa, ardoa eta garagardoa eskatu nahiagozuten.
Arabako Dantzarien Biltzarrak antolatutako ikuskizunak ongietorria eman zien eguerdiko hamabiak aldera bertara heldu zirenei. Armentia ikastolako gaztetxoak oholtza gainean dantzatzen ari ziren bitartean, handik metro batzuetara aizkolariak enborrak ebakitzen hasi ziren, eta ondo-ondoan, Perurena aita-semeak harriak jasotzen.
Orduek aurrera egin ahala, prestatutako egitarau zabalaz gero eta jende gehiagok gozatu zuen. Besteak beste, Laiotz taldeak jo zuen arratsalde hasieran Armentian. Eta, bien bitartean, hiriburuan haurren danborrada egin zuten. Txikienek erdialdeko kaleak zeharkatu zituzten, eta Plaza Berrira gerturatu zirenek txokolate goxoaz gozatzeko parada izan zuten. Iluntzerako hodeiek zerua estali zuten, baina ateri eutsi zion. Aurten, ez. Aurten San Prudentzion aterkirik ez da ireki.
Krisiaren eraginez, Arabako Diputazioak ez du ohiko harrera ofizialik antolatu erretreta egunean eta San Prudentzioko prozesioaren ostean.
Erretretan, gastuak murriztuz
E. Begiristain. GasteizEsan ohi da zaharrak bezain sustraituak dauden ohiturak tinko mantentzen direla San Prudentzio egunean. Aurten, baina, ohitura horietako bat aldatu egin da, krisialdi ekonomikoaren eraginez, nonbait. Erretretaren ondoren eta San Prudentzio eguneko mezaren ostean, ohitura izaten da agintariei luntxa eskaintzea, baina aurten gastuak murriztu nahi izan ditu Diputazioak eta halakorik ez da egon. Erabakiarekin, 64.000 euro inguru aurreztu dituela esan du Aldundiak.
1992an ere neurri berbera hartu zuen, eta Arte Ederren Museoan egin ohi zen harrera ofiziala bertan behera utzi zen orduko egoera ekonomikoa latza zelako. Orduan bezalaxe aurten ere poltsikoetan sos gutxiago izan dute arabar gehienek, baina hori ez da oztopo izan zaindariaren eguna jai giroan ospatzeko.
Euripean
San Prudentzio egunean ez bezala, bezperan jaiegunari ongi etorria emateko Probintzia plazan eskainitako erretreta euripean ikusi behar izan zuten ehunka lagunek. Giro hotzak, hala ere, ez zuen jendea kikildu, eta plaza, urtero moduan, lepo bete zen.
Gaueko bederatzietan Diputazioko eta Udaleko tronpeta jotzaile eta atabalarien doinuek San Prudentzioko jaiari hasiera eman zioten. Gero, musika Bomberos Blues Band taldearen eskutik etorri zen, eta Indarra taldeak dantza ikuskizuna eskaini zuen.
Jaiari hasiera emanda, elkarte gastronomikoen txanda izan zen: elkarteen ateak ireki zituzten,eta perretxiko, barraskilo eta ardo goxoa mahai gainean jarrita gozatzeari ekin zioten. Festa, ohi bezala, gaueko ordu txikiak arte luzatu zen.
Ohikoa den moduan, politikari eta agintari ugarik parte hartu duteSan Prudentzioren omenez egindako prozesioan eta mezan. Juan Jose Ibarretxe azken aldiz egon da ekitaldian EAEko lehendakari modura.
Lehendakari izateari utzi aurretik, azken prozesioa
E. B. GasteizSan Prudentzioren omenezko prozesioaren eta ondorengo mezaren tradizioak itzal luzea dauka. Margarita zuriz inguratutako San Prudentzioren irudia prozesioan eramaten da, eta horren ostean, meza egiten da.
Herritarrak baino gehiago, politikariak eta agintariak izaten dira erlijio kutsuko ekitaldi horretako protagonista urtez urte: prozesioan parte hartzen dute, eta gero mezara joaten dira. Jendetza ugari biltzen da ekitaldi horren inguruan, baina komunikabideek arreta berezia jartzen diete baselizaren inguruan ibiltzen diren politikariei.
Aurten, gainera, tradizio horri, ezohiko ikusmina gehitu zaio. Izan ere, Juan Jose Ibarretxek datorren astean utziko du lehendakari kargua, eta, itxura guztien arabera, Eusko Jaurlaritzako lehendakari moduan parte hartu zuen azken ekitaldi publikoa izan zen atzokoa. Horregatik bereganatu zuen atzo komunikabideen arreta. Jarduneko lehendakariarekin batera, Arabako Diputazioko eta Gasteizko Udaleko ordezkariak ere izan ziren.
Miguel Asurmendi Gasteizko apezpikuak emandako mezan izan ziren agintari guztiak, baseliza lepo betetzen zuten beste hainbat gasteiztarrekin batera. Mezaostean, dantzariek ez ezik, Xabier Agirre ahaldun nagusiak ere ohorezko aurreskua dantzatu zuten. Iaz ere egin zuen dantza ahaldun nagusiak.
Txalo zaparradaren artean amaitu zuen Agirrek dantzaldia, eta gero agintariek elkarri emandako besarkadak eta bostekoak etorri ziren. Begoña Arregi emaztea alboan zuela, Diputazioko eta Udaleko ordezkari guztiak agurtu zituen Ibarretxek. Asurmendi apezpikuarekin ere egon zen hizketan jarduneko lehendakaria.
Esker oneko hitzak
Politikariekin hitz egin zuen jarduneko lehendakariak, baina baita harengana animoak eta esker oneko hitzak ematera bildutako hainbat gasteiztarrekin ere. Hunkituta hurreratu zitzaion hainbat emakume, lehendakari izateari uzteak pena handiz hartzen zutela esatera, etaanimoak ematera joan zitzaizkion. «Goibel egoteko arrazoirik ez dago, gaur jaiaz gozatzeko eguna da», esan zion Ibarretxek emakume bati. «Zazpi mila urte ditugu, eta aurrera begira perspektiba izan behar dugu», adierazi zion, ondoren, bi musu ematera bidean gelditu zuen beste bati.