Egun berezia da urretxuar eta zumarragarrentzat abenduaren 13a. Festa giroa igartzen da Santa Lutzi azokak batzen dituen bi herri horietan. Jaieguna da, eta nabari da kalean. Azoka erraldoi bihurtu dira bata bestearen ondoan dauden bi herri horiek. Nekazaritza eta abeltzaintza produktuak dira nagusi, baina plazak mota guztietako ondasunak eskaintzen dituzten postuz betetzen dira.
Eskulanak, ardoak, gozokiak, arropak... eskura daitezke edonon. Saltzaileek, produktua goraipatzearekin batera, probatzera animatzen dute jendea. Urretxu eta Zumagarrako (Gipuzkoa) txistulari eta trikitilariek kalejiran giroa alaitu dute euren doinuekin. Postuetan ipinitako bozgorailuek ere musika azkeneko bazterreraino eramaten dute.
Urola Kostako bi herri horien izaera industriala alboratzen da Santa Lutzi egunean, eta nekazarigiroak ordezkatzen du. Euskal Herriko lau izkinetatik etorri dira baserritarrak, euren produktuak erakutsi eta saltzera. Eguraldiak lagundu du. Hotz egiten du, baina euririk ez. Arropak jantzi eta janari postuetako duten taloen laguntzarekin berotzen da jendea.
Urdaneta hiribidean bildu da jende gehien. Abeltzain bakoitzak bere pottokak eta baso zaldiak erakusten ditu kalearen ertzean hesiekin mugatu dituzten eremuetan. Batzuek soilik lehiaketan parte hartzeko ekartzen badituzte ere abereak, besteek negozioa egiteko intentzioarekin gerturatu dira. Oscar Otxoaren kasua da hori. Bitorianotik etorri da, Arabatik, eta Santa Lutzi azokara etorri den laugarren aldia da. Ekarritako zaldiak saltzen saiatu da, baina ez diote berak espero bezainbeste eskaini, eta oraindik ez du ezer saldu. Behorrak ernaltzeko erabil ditzaten saldu nahi ditu zaldiak, haragitarako balio duenaren bikoitza atera baitezake modu horretan. Euskal Herrian zaldi haragi gutxi kontsumitzen dela aitortu du. «Frantzian eta Italian zaldi haragi gehiago kontsumitzen da, hemen ez dago haragi mota hori jateko ohiturarik, oso goxoa den arren»
Loiuko (Bizkaia) Arbildu baserriko zaldien jabea ere ez dago oso gustura azokako emaitzekin. «Krisiaren eraginak gutxitu egin ditu erosleak, eta prezioak jaitsi egin dira». Pottoka emeak 400 eurotan, eta arrak, berriz, 250 eurotan saltzen ditu. «Maskota moduan erosten dituzte pottokak, haurrentzako. Gainera, landa garbitzeko ere balio dute».
Errezilgo (Gipuzkoa) Luis Ezkudunek lehiaketarako bakarrik ekarri ditu zaldiak. «Morfologia, azala eta neurri estandarrak betetzen dituen begiratzen du epaimahaiak. Hiru albaitari etortzen dira abereak goitik behera aztertzeko». Abeltzainak erakartzeko, epaimahaiak sariak banatzen dituela dio. «Izena hartzeko eta ondoren erosleak erakartzeko onak izaten dira sariak».
Zumarragako Euskadi plaza postuz eta jendez gainezka dago hamaiketarako. Errezil sagar, fruta eta barazki lehiaketan parte hartzen duten postuez gain, produktu natural ugari eskaintzen duten postuak daude. Lehiaketan parte hartzen duten postuen arteko lehia gutxitu eta postu gehiago erakartzearren, antolatzaileek aurreko urteetan sariak emateko sistema baztertu dute. Horrela, lehenengo hiru postu hoberenak saritzen dira, eta hirurei ematen zaie sari berdina.
Oilasko, kapoi eta tresneria
Donostiako Martutene auzoan du baserria Joxe Manuel Zabalegik. Olatxe da baserriaren izena, eta bertatik ateratzen dituen elikagaiak saltzetik bizi da. Goizeko bostetan jaiki da postua garaiz muntatzeko, familiaren laguntzarekin. Gustuko du Santa Lutzi azoka. «Beste azoketan ez bezala, festa eta ikuskizuna egoten da hemen. Postu guztia muntatu eta gero, esku hutsik irteten zara beste azoketatik. Hemen sariak ematen dituzte». Postuak saritzeko orduan, epaimahaiak aukeraren ugaritasuna kontuan hartzen duela dio Zabalegik. Krisiaren eragina ere nabaritzen du: «Salmentak jaitsi egin dira. Egun, distantziak amaitu dira, eta indartsu datoz kanpoko produktuak. Salbazio bakarra zuzenean saltzea da, bitartekaririk gabe. Horretarako daude azokak.»
Kalebarren-Areizaga plazan egin dira oilasko eta kapoi sariketak. 2008. urtean irabazi zuen saria Aiako (Gipuzkoa) Aiene baserriko Jose Inazio Egurzak. Azokak saltzeko baino gehiago harremanak egiteko direla dio Egurzak. «Jendeak ez du zikindu nahi. Gabonetarako erosiko ditu kapoiak». Itxurari, lumen distirari eta akatsik ez izateari begiratzen dio epaimahaiak. Egungo abeltzaintzaren egoera beltz ikusten du Egurzak. «Arauak nekazari indartsuenentzat daude jarriak. Nekazari txikiok ezin ditugu gure produktuak saldu. Animaliak hiltegietara eramatera behartzen gaituzte, eta pare bat kapoitarako ez du merezi».
Nekazaritzaren munduak eman duen aurrerapauso teknologikoaren erakusle da Zumarragako La Salle-Legazpi ikastetxeko nekazaritzako tresnen feria. Motozerra elektrikoak, traktoreak, belarra mozteko makinak... Sakana etxeko Beñat Diezen arabera, gaur egun derrigorrezkoa da halako makineria edukitzea probetxuzko zerbait egin nahi bada. Diezi ondo etortzen zaio azoka astegunetan izatea: «Jende gehiegi etortzen da bestela ikustera. Profesionalak eta benetan gauzak erosi nahi dituena berdin etorriko dira asteguna edo igandea izan».
EZARIAN. SANTA LUTZI EGUNA. Krisiaren eragina, festa giroa eta hotza azokan
Hotzari aurre eginez, 70.000 lagun inguru bildu dira Zumarragan eta Urretxun, Santa Lutzi eguna ospatzera. 500 erakusmahai jarri dituzte Euskal Herri osotik joandako baserritarrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu