EZARIAN. SORMENA. Musika, dantza, antzerkia

Modan daude 'lip dub' izenez ezagutzen diren bideoak. Sekuentzia bakar batean egiten dira grabazioak, eta lagun talde batek ongi pasatzea da helburu nagusia. Euskal Herrira ere iritsi da fenomeno berri hori.

edurne begiristain
Gasteiz
2010eko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Bideokamera, lagun taldea eta kanta. Hiru osagai horiek behar dira lip dub bat grabatzeko. Azken boladan Interneten zabaldu den fenomeno berria da lip dub. Baina zer da lip dub bat? Hitz gutxitan esanda, kanta batekin egiten den koreografia kolektiboa da; ingelesez, ezpain bikoizketa esan nahi du lip dub hitzak. Gero eta oihartzun handiagoa dute gisa horretako bideoek Interneten, eta, ondorioz, gero eta gehiago dira halakoak egitera animatzen diren lagun taldeak. Euskal Herrira ere iritsi da moda berri hori.

Kalean, unibertsitatean edo lantokian grabatzen dira lip dub gehienak. Eta ikasle, langile edo lagun talde bat izaten dira antzezleak. Bideoa grabatutakoan, sarean jartzen da, edonork ikusteko aukera izan dezan. Baldintza bakarra bete behar du mota horretako bideoak: kamera bakar batekin etenik gabe grabatu behar da, hau da, sekuentzia bakar batean. Hala, aurrez antzezpena ongi planifikatzea ezinbestekoa da, grabatu ostean ezin delako bideoa editatu. Ezinbestekoak dira lotsagabetasuna eta ongi pasatzeko gogoa izatea. Parte hartzea ere garrantzi handikoa da, inportanteena ez baita kanta baten playback-a ongi egitea, lan talde batek, giro onean, koreografia oso bat egitea baizik. Horiexek dira, hain justu, lip dub-ak erakargarri egiten duten ezaugarriak, eta horretan datza moda berriaren meritua ere.

Ameriketako Estatu Batuetan du jatorria joera berri horrek. Askorentzat, Spice Girls musika taldearen Wannabe kantaren bideo-klipa (1996) da fenomeno honen aitzindaria. Baina lip dub terminoa, berez, 2006an sortu zen. Enpresetan urtebete geroago hasi ziren tankera horretako bideoak egiten, eta unibertsitateetan, 2008an. Hain justu ere, unibertsitatean egindako lehen lip dub-a Alemaniako Fachhochschule Furtwangen unibertsitateko ikasleek egin zuten. Ordutik, mundu osoko fakultateetan grabatu dituzte. Ikasleek zein ongi pasatzen duten erakusteko ez ezik, Internet bidez unibertsitatea ezagutzera emateko ere balio dute bideo horiek.

Euskal Herrian ere zabaldu da fenomeno hori. Fakultateetan, ikastetxeetan, herrietan, euskaltegietan, txosnetan... hainbat eta hainbat herritan egin dira lip dub-ak. Sarean sartuz gero, dozenaka adibide topatu daitezke. Horietako asko aldarrikapenerako tresna gisa erabili dituzte sortzaileek: esaterako, Altsasuko gaztetxeak (Nafarroa) hogei urte bete dituela ospatzeko, bideo alai bat egin dute, eguneroko lanak modu irudimentsuan azalduz, eta Zarautzen (Gipuzkoa), berriz, txosnen aldeko bideo bat grabatu dute.

Gero eta gehiago dira Euskal Herrian egindako lip dub-ak, eta jendearen artean duten arrakasta ikusita, lehiaketak antolatu dituzte han eta hemen.

Independentzia aldarri

Joan den urriaren 24an, Kataluniako Vic hirian, orain arteko lip dub jendetsuena egin zuten. Obrint Pas taldearen La Flama kantaren doinuek 5.771 lagun dantzan jarri zituen Herrialde Katalanen independentziaren aldeko bideoan. Inoiz egin den lip dub jendetsuena izan da Kataluniakoa, eta horren oihartzuna Euskal Herriraino heldu da, sarean bolo-bolo dabilen gaia bilakatu baita.

Lip dubEuskal Herrian bloga Kataluniakoa sortu eta egun berean jaio zen, eta bertan eztabaida gune bat sortu da. Gainera, http:/lipdub.euskalherrian.info webgunean Euskal Herriko independentziaren aldeko lip dub jendetsu bat egiteko deia zabaldu dute, eta herritarrei ideiak prestatzeko eta proposamenak bidaltzeko eskatu diete. Independentzia aldarri hartuta, lip dub jendetsua, koloretsua, alaia eta aldarrikatzailea egiteko deialdia zabaldu dute. Besteren artean, indarra hartzen doa abenduaren 6an Durangon (Bizkaia) independentziaren aldeko lip dub-a egiteko proposamena.



Hogei urte hauetan egindako jardueren irudikapenaegin dute Gaztetxeko kideek'lib dub' batean.

Altsasu

Hogei urteko ikuskizuna

Ainhoa Altuna.

Altsasuko Gaztetxearen urteurrenaren omenaldi gisa, Vendetta musika taldeak 20 seinale izeneko abestia egin zuen. Altsasuko gazteak abestiaren bideoklipa sortzeko lanean hasi ziren, baina azkeneanlip dub bideoa sortzea erabaki zuten, modan jartzen ari den joera baita.

Abestia esku artean izanda, irudia jartzea otu zitzaien gaztetxeko kideei.Bideoa grabatzea «egun gutxiko kontua» izan zela diote. Garbi zuten gaztetxeak urte hauetan egindako ibilbidea erakutsi nahi zutela obra horretan. Urte osoan egiten dituzten ekintza eta eskaintzekin jokatu zuten azkenean: kontzertuak, pintxoak, serigrafia tailerrak, eta abar. Horiek bata bestearekin nola lotu pentsatu, eta grabatzen hasi ziren. «Egun bat jarri eta ideia oraindik oso landuta ez genuen arren, grabatzen hasi ginen», azaldu dute. Lib dub-en ezaugarri nagusia, bideoak hartualdi batean egitea da. Hala ere, grabatu ahala ikusi, eta ikusitakoaren arabera aldaketak sartuz joatea erabaki zuten. «Lau hartualdi orokor egin, eta horietatik txukunen zegoena izan zen sarean dabilen azken emaitza».

Grabatzeko garaian, berrogei lagun inguru elkartu ziren gaztetxearen inguruan. Jendearen parte-hartzearekin «oso gustura» geratu dira. «Bakoitzak bere alea jarrita, lan polita egitea lortu dugu azkenean». Gazte berri asko heldu da azken urte hauetan gaztetxera eta belaunaldiak bateratzeko balio izan die bideoak. «Elkarlanean giro ederra sortu zen, eta oso gustura ibili ginen; 16 urtetik 28 urte bitarteko jendea elkartzea lortu genuen».





Hondarribiko Ama Guadalupeko ikastetxeko ikasleen bideoak arrakasta handia lortu du.

Ikastea, dibertigarria

Hondarribia

E. B.

Hondarribiko Ama Guadalupekoa ikastetxeko ikasle talde batek Ze Esatek! taldearen Kantuz eskertuz abestiarekin grabatu dute euren lehenengo lip dub-a. Ikasbidaiarako dirua behar zutela eta, Gaztea irratiak antolatutako lehiaketan parte hartzea erabaki dute, ikastetxean grabatutako bideoarekin Itsaso Izagirre euskara irakaslearen gidaritzapean egin dute bideoa, eta arrakasta handia izaten ari da sarean. Lip dub-a egitea esperientzia aberasgarria eta pozgarria izan da ikasleentzat. Euskarazko klaseetan egin dituzte entseguak eta grabaketak, eta Izagirrek argi dauka euskara ikasteko eta bultzatzeko tresna «dibertigarria» izan dela. Gainera, euskararen inguruko «topikoak apurtzeko» eta ikasleengan hizkuntzarako zaletasuna bultzatzeko balio izan duela uste du: «Lip dub-ak aukera eman digu ikasleak euskara zerbait modernoa eta erakargarria dela ohartzeko».

Bideoa grabatzea uste baino zailagoa izan dela aitortu du Izagirrek. Plano bakar batean grabatzeak dena ongi antolatuta egotea eskatzen du, eta lan horretan astebete baino gehiago eman dutela azaldu du. Grabazio eguna bera «neketsua» izan zen, hiru aldiz egin behar izan zutelako antzezpen osoa, horren ostean grabazio onena aukeratzeko. Bainalortutako emaitzarekin «oso pozik» daude irakasle eta ikasleak.Boto gehien lortu duten bideoen artean dago Gaztea-ko lehiaketan, eta lortutako arrakasta ikusita, Gabonetarako beste bat egiteko proposatu diete ETBtik. Egingo duten, ordea, ez dakite: «Denbora eskatzen du, eta ez da hain erraza. Ikasleak, ordea, irrikan daude».





Euskara joera berrietara «berandu irits ez dadin» antolatu dute Eibarren'lip dub' lehiaketa.

Eibar

Lehiaketetan, aitzindaria

E. Begiristain.

Euskaraz egindako lip dub-en lehenengo lehiaketa Eibarren (Gipuzkoa) egin zen, uda aurretik. Fenomenoa Europara iristen hasi zenean antolatu zuten lehiaketa Eibarko Udalak eta Eibar.org elkarteak,Eibar Merkataritza Gune Irekia elkartearekin elkarlanean. Lehiaketa aitzindaria izan da, ordura arte Euskal Herrian lip dub bakarra zegoelako, eta gaztelaniaz zen.Euskara Interneteko moda berri horretara «berandu» irits ez zedin antolatu zuten lehiaketa, Josu Mendikute Eibar.org-eko kide eta lehiaketako antolatzailearen esanetan. «Ate hori ireki nahi genuen, eta lortu dugulakoan gaude».

Pozik daude lehiaketaren emaitzarekin. Denera, bost bideo aurkeztu ziren, eta Eibarko euskaltegiarenak eskuratu du lehen saria, The Uski's musika taldearen Katuek bezala abestiaren doinuekin egindako bideoarekin. Eibarko merkatariek jarri dute saria: dendetan gastatzeko 5.000 euro eta beste 1.000 euro eskudirutan. Euskaltegiko irakasleek, ikasleek eta haien lagunek parte hartu dute lip dub-ean. «Bideo polita da, adin guztietako jendeak parte hartu du, eta poztasuna helarazten du», dio Mendikutek.

Lip dub-ak euskara sustatzeko tresna ezin hobeak direla uste du Mendikutek. Haren aburuz, joera bat modan-modan egon arte itxaron beharrean, euskara «joera guztietara garaiz» iritsi behar da. Hala, euskarazko lip dub-ak egitea garrantzitsua da hizkuntzari bultzada emateko: «Euskaldun sentitzen garen guztiok oso adi egon behar dugu, eta moda bat datorrela ikusten dugunean, eutsi egin behar diogu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.