XVIII. mendean hasi ziren lehenengo giza dorreak egiten, zenbait iturrik esatenen dutenaren arabera. Dirudienez, Valls herrian (Tarragona, Herrialde Katalanak) hasi ziren colles edo bertako koadrilen artean giza dorreak egiten, hobea nork egiten zuen erakusteko. Beste teoria baten arabera, prozesio erlijiosoen ondoren hasi ziren gaztelu horiek egiten. Aldiz, Julio Caro Baroja antropologoaren ustez, jatorri paganokoak dira, uzten zikloei eta nekazaritzako errituei estu lotutakoak. Sorlekua Tarragona inguruan izan zela behintzat nahiko argi dago, eta, dirudienez, denborarekin (XIX. mende inguruan) iparralderago zabaltzen hasi zen. Dorre horien inguruko lehen dokumentu idatzia 1801ekoa da. Hain zuzen ere, Vallseko festetakoa da.
Hiru zati nagusitan banatzen da dorrea: pinya, tronc eta pom de dalt. Pinya, castells-aren oinarriari deitzen diote. Kide askok osatzen dute, eta haien zeregin nagusia dorreari egonkortasuna ematea da. Hala ere, dorrea hautsi eta jendea erortzen bada, kolpea samurtzeko ardura ere badaukate. Bigarren zatiak tronc izena dauka. Zati horrek beste forma bat du, maila askok osatzen baitute. Dorre motaren arabera, maila bakoitzean pertsona kopuru bat egon liteke, pertsona bakarretik bederatzi arterainokoak izan ditzake maila bakoitzak.
Eskua altxatu eta behera
Pom de dalt goiko zatia da. Haur eta gaztetxoek osatzen dute, arinak eta malguak izan ohi direlako. Bi gaztek pisu bat osatzen dute, eta, ondoren, beste bat jartzen zaie gainean. Azkenik, anxaneta deitzen dioten taldeko txikiena igotzen da haren gainera. Gora iritsitakoan, eskua altxatzen du, dorrea sortu dutela erakusteko. Lana ez da hor amaitzen,ordea, kontuz jaitsi behar izaten baita.
Maila gehiagoko dorrea egiteko, zati edo atal gehiago jartzen dituzte oinarriaren edo pinya-ren gainean. Kasu horietan, bigarren mailak folre izena du, eta hirugarrenak, manilles. Inoiz egin den handiena hamar mailakoa izan da, eta 15 metrokoa. 1998an lortu zuten Castellers de Vilafrancakoek lehenengo aldiz egitea, beraien plazan, laugarren saioan.
Teknika zehatzak daude gazteluak osatzeko. Gehienetan, pinya sortzen dute lehendabizi. Bertako bakoitzak bere zeregina eta kokapena ongi zehaztuta edukitzen du, edozein modutan pilatuta daudela badirudi ere. Bestalde, kasu askotan ikusleek ere parte hartzen dute oinarria sortzeko laguntzen. Ondoren, mailaka igotzen da jendea, ordena errespetatuz. Betiere, indartsuenak azpian jartzen dira, eta arinagoak direnak, berriz, goragoko pisuetan. Azkenik, anxaneta igotzen da dorrea bukatzeko. Hala ere, bada teknika konplexuagorik; izan ere, etxea teilatutik eraikitzen dutela esan liteke batzuetan. Muturretik hasi eta pultsuan jendea gora igotzen ere ibiltzen baitira.
Normalean doinu batek lagunduta eraikitzen dute castells-a. Horren bilakaeraren erakusle ere izaten da kantua, zati bakoitzaren hasiera eta amaiera nabarmentzen baititu. Dultzaina itxura duen gralla izeneko musika tresnak eta tinbalek osaturikoa izaten da doinua.
Ondare gehiago izendatu dira
Hainbat bitxikeria ere ikus daitezke Unescoren ondare immaterialaren zerrenda berrituan. Hegaztiak erabilita egiten den ehiza ere ondare izendatzea erabaki dute. Mexikoko sukaldaritza tradizionala eta Chiapa de Corzoko Paradichosen festa ere sartu dituzte zerrendan. Flamenkoa ere ondarea dela erabaki dute Unescoko kideek, Mallorcako Sibilaren kantua bezala. Dieta mediterraneoarra ere ondare izendatzeko modukotzat jo dute batzordekoek.
Miquel Ferret. Castellers de Vilafrancako presidentea
«Arriskutsuak baino gehiago, ikusgarriak dira erorikoak»
X. O.DonostiaGustura dago Unescok hartutako erabakiarekin Miquel Ferret (Vilafranca del Penedes, 1971). Castells-ik zailenetakoak egitea lortu duten collet edo taldeko presidentea da bera, Castellers de Vilafrancakoa. Herriz herri ibiltzen dira bai Herrialde Katalanetan, baita handik kanpo ere. Datorren urtean «agian» Gasteizen izango direla jakinarazi du.
Zer esanahi daukate castells-ek kataluniarrentzat?
Castells-ak herri tradizio garrantzitsuak eta sustraituak dira Katalunian. 200 urte baino gehiagoko historia daukate, eta sinbolikoki daukan indarragatik eta transmititzen dituen balioengatik, nortasun elementua dela esan genezake.
Zer esan nahi du castells-ak ondare immaterial izendatzeak?
Betiere ederra izaten da beste herrialde eta kulturetako jendeak zure ohitura eta ekimen kulturalak modu onean ikustea eta ezagutza ematea. Gizateriaren ondare immaterial izendatzea albiste oso pozgarria da castellers guztientzat eta castells-ak maite dituen edonorentzat.
Castells-en txapelketa bosgarren aldiz jarraian irabazi duzue. Horrek zerbait esan nahiko du ezta?
Castells-en txapelketa Tarragonan jokatzen da bi urtetik behin. Bertan, herrialde osoko colla onenak biltzen dira, eta gaztelu onenak eraikitzen saiatzen dira. Castellers-ek parte hartzen duten txapelketa formal eta arautu bakarra da hori. Urte osoan egiten dituzten gainontzeko saioak erakustaldiak dira; bertan, taldearen gaztelu onenak eraikitzen saiatzen dira, baina inongo sari ekonomiko eta trofeorik lortu gabe.
Txapelketa horrek 70 urte baino gehiago ditu, eta Castellers de Vilafranca da hori bost aldiz jarraian irabazi duen colla bakarra. Etorkizunean hobetzea zaila izango den errekorra da. Asko poztu ziren gure castellers guztiak, baita Vilafrancako herritarrak eta Penedes ibarrreko guztiak ere.
Lehenak izan zineten hamar pisuko giza gaztelua eraikitzen. Duela gutxi «biko zortzikoa» egitea lortu duzue. Nolako dorreak dira horiek? Zergatik dira hain zailak?
Castells-ak izenaren arabera bereizten dira. Pisu bakoitzean dagoen pertsona kopuruaren eta zenbat pertsonako altueraren arabera izendatzen dira. Honako izen hauek dituzte dorreek: pilareak (pisu bakoitzeko pertsona bat), dorreak (pisu bakoitzeko bi pertsona) eta castells-ak (pisu bakoitzeko, hiru, lau, bost, zazpi... lagun). Pilareak, dorreak eta castells-ak sei pisu, zazpi, zortzi, bederatzi edota hamar pisuraino ere irits litezke. Kasu horretan, pisu bakoitzeko hiru pertsona jartzen dira. Beraz, hiruko hamarrekoa izango litzateke. Hiruko hamarrekoa egiteko teknika handia izan behar da, eta baita kide piloa ere, hau da, 600 lagunetik gora.
Duela bi aste, Vilafrancaren historian lehenengo aldiz biko zortzikoa egitea lortu genuen, hau da, zortzi pisukoa, eta pisu bakoitzean bi pertsona izanda. Eraikuntza oso teknikoa dauka, eta oso hauskorra dela azpimarratu beharra dago. Dorre hori egin ahal izateko, entrenamendu gogorra eta konstantzia izan behar dira.
Norbaitek pentsa lezake arriskutsua dela castells-ak egitea. Hartzen al duzue inongo segurtasun neurririk?
Sareak erabiltzen ditugu gure aretoetan entrenatzerakoan. Haurrak kaskoekin eta hortzetarako babesarekin ibiltzen dira. Castellers-ak garenok, gerrikoak erabiltzen ditugu bizkarra babesteko. Hala ere, segurtasunerako neurririk onena, oinarrian pinya ona izatea da. Horrek koltxoi lana egiten du, eta goikoak erortzen badira, bertakoek eusten diote. Erorikoak izatea ez da oso normala, eta gertatzen direnean, oso castells zailak egiterakoan gertatu ohi dira. Erorikoak, arriskutsuak baino gehiago, ikusgarriak dira. Castells-ak egitea ez da arriskutsua, inondik ere ez.