EZARIAN. URRUNAGAKO URTEGIA. Bake eremua

Urrunagako urtegi erregulatzailea eraiki zutenean, inor gutxik ikus zitzakeen aurrez egungo natur balioak. Ertzetik larregi urrundu gabe, Legutio-Elosua-Urrunaga bira polita egin daiteke.

Josean Gil-Garcia.
2009ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Urte asko igaro dira Arrazolako (Bizkaia) auzokide Manuel Uribe Etxebarriari Zadorra eta horren ibaiadarren emaria aprobetxatzeko kontzesioa eman zitzaionetik. Asmoak? Energia sortzea eta bi isurialdeetako herriak urez hornitzea. Bizkaiko Labe Garaiak enpresak heldu zion geroago Uribek utzitako lekukoari, eta hamar urteko lanaren ondoren, bi urtegi eraiki ziren Arabako iparraldean. Bi-biak, gainera, lur azpiko hoditeria bat dela medio hertsiki lotuta. 1958ko apirilaren 20an bete ziren erabat.

Hamarkada batzuk geroago, ordea, Zadorra sistemako urtegiak bake eremu eta ezinbesteko pausaleku bihurtu dira hegaztientzat. Baina faunak ez ezik, ibiltariek eta ziklistek ere pozarren hartu dute urtegiaren erabilera atsegin hura: bideak egokituta daude, eta aukera paregabea eskaintzen dute inguruaz lagunekin edota familian gozatzeko. Ezezagunena, akaso, lerrootara dakarkigun Urrunagako ibilbidea, oinezko eta bizikletazale gehienak Uribarri Ganboako urtegikora biltzen direlako.

Legutiotik Elosura

Legutioko hiribilduan hasiko dugu Urrunagako urtegiari itzulia emango dion ibilbidea. Plazatik abiatuta, Aramaio aldera joko dugu lehenik eta behin. San Roke hilerri zaharrera iritsita, ezkerrera egin, eta N-240 errepide nagusira jaitsiko gara. Zirkulazioak duen arriskua saiheste aldera, aurrez aurre dugun zubia eskuinaldeko igarobidetik zeharkatuko dugu. Zubia gurutzatu bezain pronto, eskuinera jo eta Etxebarri baserriaren ertzetik igaroko gara. Etxe ondo-ondotik pasatu ostean, basabideak ezkerrera joko du Castillo izeneko muino aldera, garaiera hartzen laguntzeko. Guk ere gauza bera egingo dugu, baina lehen aldapa amaitzean, ezkerreko pistatik segituko dugu, poliki-poliki. Gainaldea belardiek hartzen dutela ikusiko dugu, baita Gorbeia eta Anboto mendien gaineko ikuspegi ederra dagoela ere. Anbotoko harrizko piramidea pistaren eskuinaldean gailendu egingo zaigu, eder-eder, Urkiolako natur parkearen bihotzean; Gorbeia, berriz, parez pare, izen bera daraman natur parkeko sabaia dela.

Astigarrez jantziriko pistari men eginez, gainez gain segituko dugu ipar-mendebalderantz. Otaerreko landako erpin geodesikoa ikusiko dugu laster. Harantz abiatuko gara. Tontorrera igo gabe, haatik, muinoaren eskuinaldetik igaroaraztera eramango gaitu pista zabal horrek, eta Mendiganeko bidegurutzeraino lagunduko digu. Ezkerrera hartuko dugu hara iristean eta, 180 graduko bihurgune bat eginda, hegoalderanzko jaitsiera hasiko dugu. Elosua herri koxkorraren baserri gunea aurrez aurre izango dugu; izan ere, muino batean gailentzen da Elosua, gaztelu baten moduan. Otaerrea errekastoaren paraleloan segika, N-240 errepide ondoan izango gara berriz ere. Asfaltoa tentu handiz gurutzatuta, Elosurantz bideratuko ditugu gure pausoak; Elosuko zubia igaro bezain pronto, eskuinera doan bidexkari segituko diogu errepideko bihurgunea saihestu eta zuzen-zuzen herriratzeko asmoz.

Kurtzeganetik Legutiora

Elizaraino igoko gara. Tenpluaren eskuinaldetik egingo dugu beherantz, 26 zenbakidun etxearen ezkerraldetik. Beherago, 28.aren aurretik igaro eta gero, eskuinera egin eta porlanezko bideari ekinda, ertzera iritsiko gara. Bide sardan, etxalde batzuetarantz zuzentzen den bidea bazter utzita, ezkerrera egin eta Zarazain muinoaren azpian den Arkineta auzoko txabola baten ondotik igaroko gara. Aurrerago, Iguren muinoa inguratzen hasita, arbola batzuek inguratutako egurrezko txabola bat ikusiko dugu pistaz bestaldean. Zidorra harriztatu egingo da Nafarratera igotzen hasteaz batera. Aurreko txabolatik hiru minutura edo, Nafarratera heldu gabe, aldamenean daramagun hesia gurutzatu eta Beheko iturrira jaitsiko gara. Iturria, edanlekua eta ikuztegia daude hor. Galbiderik ez dago, arretaz begiratuz gero, pistatik bertatik ikusten baitira ondare txikiko elementu horiek guztiak. Iturriko arkuari begira, haren ezkerraldetik igaro eta belarrezko xendari ekingo diogu. Pauso batzuk eman ostean, ordea, ezkerrera hartu eta terraza moduko inguru batera igoko gara. Basoan sartu gabe, belardian gaindi segituko dugu, goratasunari eusten.

Kurtzeganeko lepoan izango gara berehalako batean; aldapa amaitzean, hain justu ere. Alanbrea zeharkatu gabe, ezkerrera egin eta, gainaldeko belardia inguratuz, Letxagaganeko tontorrera igoko gara. Ikuspegi itzela izango dugu erpin geodesikotik: Gorbeia, Anboto, Oriol eta Albertia tontorrez gain, Urrunagako urtegiaren inguruan eginiko ibilbide osoa ikusteko parada ezin hobea izango dugu. Lerrotik aldendu gabe, Urrunagarantz segituko dugu. Erkametzak eta ipuruak lagun, presara iristeko gutxi falta zaigula, talaia moduko batera helduko gara. Bidexkak eskuinera jo ondoren, presa ondoko hondartzara jaitsi eta, pista nagusiari men eginda, hormaren ondo-ondotik igaroko gara.

Urrunaga herrira iristean, elizara joko dugu. Gero, ezkerrera egin eta Ipar-Itsaso jatetxeko aparkaleku zabalaren ertzetik igarota, herri gunetik irten egingo gara. Herriaren izena daraman zirkulazio seinalea igaro bezain pronto, Ajuria Etxea txaletaren parez pare gaudela, asfaltoa utzi eta ezkerrera eginez, uraren ertzera jaitsiko gara. Hesi bat gurutzatuko dugu behealdean. Ondoren, kostalde paretik segituko dugu, atsedenleku batera heldu arte. Bizkar xume batean ikusiko dugun aterpe batera igo gabe, ordea, errepidera atera eta presaren hormaraino segituko dugu. Horma gainetik zeharkatu ondoren, errepide zaharrera iritsiko gara. Errepide berritik bi minutu egingo ditugu gero, besterik ez. Hala, 60ko abiadura adierazten duen zirkulazio seinalera iritsita, eskuinera egin, eta basorantz joko dugu. Zentral elektriko txiki bat ikusiko dugu bidegurutzean. Ezkerrera egingo dugu han, eta poliki-poliki hurbilduko gara Legutiorantz. Zerkoste etxe handira iritsi aurretik, ezkerrera egin, Albina erreka zeharkatu, eta eskaileretatik gora eginda, herriko plazara iritsiko gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.