Igor Gonzalez plataformako bozeramaileak telebistaren bidez izan zuen etxe ondoko 3.600metro koadrotik gora zituen frontoiaren berri. Pilotaleku misteriotsu hark Gonzalezen interesa piztu zuen, eta Interneten sortu zuen blogari esker, urteetan Beti Jai frontoiaren zaharberritzearen alde lanean aritu ziren guztiak eta eraikina salbatzearen alde zeuden guztiak batzea lortu zuten. Urtarrilean, hiritarren ekimen xume bat zena plataforma gisa eratu zuten ofizialki; «taldearen helburua, altxor hau salbatzea da, kultura eta kirol ekimenetarako erabilera emanez».
XX. mendearen hasieran 4.000 pertsona bil zitezkeen pilotalekuan. Orain, gizarteratzeko hainbat erakusketa eta mahai-inguru antolatu dituzte plataformako kideek. Bizilagunak astebururo ateratzen dira kalera, sinadurak eta babesa biltzeko. Internet bidez ere eman daiteke atxikimendua, betijai.blogspot.com webgunean. Sinadura horiekin Ondarearen Zuzendaritza Nagusian legea bete dadin eskatu nahi dute, eraikina eraberritu eta zerbaitetan erabiltzea, 1977an monumentu izendatu baitzuten frontoia, eta 1991n, berriz, kultur ondare. Plataformak babes garrantzitsuak lortu ditu; besteak beste, hainbat pilota federaziok, Madrilgo Arkitektura Eskolak eta Madrilgo Unescok egin dute bat ekimenarekin.
Bertako pareten artean munduko pilotaririk onenek tanto ikusgarriak egin zituzten. Orain, Madrilen pilota berreskuratzeaz gain, plataformak hainbat proposamen egin ditu 3.600 metro karratutik gora dituen eraikinaren erabileren inguruan. Pilotaz gain, beste kirol batzuen egoitza ere izan daiteke, hala nola Chamberi auzoko kiroldegi izan daitekeela diote. Kultur ekitaldien egoitza izan daiteke; adibidez, museo, jolas-zentro, zinema edota antzoki gisa erabil daiteke. Beti Jai frontoira pilota partidak ikustera biltzen zirenetatik asko joaten ziren eraikinaren atzealdean zegoen jatetxera euskal janaria jatera, egun ere, antzeko lokal bat martxan jar litekeela diote plataformako kideek. «Iraun dezan apustu garrantzitsuenetakoa eraikinaren berrikuntza Madrilgo 2016ko Olinpiar Jokoetarako hautagaitzara batzea litzateke», azaldu du Gonzalezek. Hala, Olinpiar Jokoetako egoitzetako bat izan litekeela uste dute, ikusle gutxi dituzten kirolentzako gune aproposa baita: gimnastika, esgrima edota halterofilia, adibidez, betiere pilota bera baztertu gabe.
1894an sortua
Donostiako Beti Jai pilotalekuaren antzera egin zuen, 1894an, Joaquin Rucabak, Arriaga antzokiaren eta Bilboko Udalaren arkitektoak Madrilgo egungo azken pilotalekua. Gonzalezek neomudejar estiloko adreilu gorriz eraikitako fatxada nabarmendu du, «munduko bakarra». Burdinaren arkitekturak ere garrantzi handia du eraikinean, harmaila kurbatuak eta makurtuak eraikitzeko modua eman baitzuen. «Airetik begiratuta, harmailek zesta forma dute», argitu du Gonzalezek.
Iragan mendeko 20ko hamarkadaren amaieratik hona partida gutxi jokatu dira Beti Jai frontoian. Aire libreko pilotalekuaizateak eta, ondorioz, denboraldiak laburrak izateak Beti Jairen errentagarritasuna mugatu zuen. Baina pilotalekuaren behin betiko gainbehera Primo de Rivera Espainiako diktadoreak jokoa debekatu zuenean etorri zen. «Pilota eta apustua batera doaz, beraz, jokorik gabe, pilotarik ez», azaldu du Gonzalezek. Ordutik, erabilera pentsaezinak izan ditu pilotalekuak, egungo utzikerian erori arte. Gerra garaian kartzela izan zen; ondoren, polizia etxe, garaje eta zinemarako plato ere bilakatu zen, besteak beste».
Egun, Aguirene enpresaren eskutan dago Beti Jai. Etxebizitza blokeak edota luxuzko hotelaeraiki nahi izan zuten, baina, Gonzalezek azaldu duenez, Ondasunaren Legeak «hondamendia» eragotzi zuen. «Enpresaren helburua eraikina berez erortzea da, horrela babesa kenduko bailiokete eta nahi duten adina espekulatu ahalko bailukete», azaldu du Gonzalezek. Plataformako kideak borrokan dabiltza horrelakorik gerta ez dadin, eta Beti Jai pilotalekuak iraun dezan Madrilen, berriz ere pilotari tokia eginez. Helburua partidari buelta eman eta irabaztea dute.
Juan Luis Ibarretxe.Kazetaria eta Masterjai enpresako komunikazio burua
«Lehen, munduan gehien ezagutzen ziren euskarazko hitzak 'jai alai' ziren»
Jon Ordoñez. DonostiaJuan Luis Ibarretxek munduko hainbat pilotaleku ezagutu ditu, eta horiekin batera, kanpora joandako pilotari asko ere bai. Gehiago jakin nahi duenarentzat Gonzalo Beaskoetxearen La historia de la cesta punta liburua irakurtzeko aholkua ematen du.
Atzerriko pilotalekuetatik zein nabarmenduko zenuke?
Asiakoak, asko jokatzen baitzen pilotaleku horietan. Kairon eta Alexandrian ere izan ziren (Egipto). Baina exotikoagoak direlako edo, Asiakoak ematen didate atentzioa: Tien-tsin eta Shanghai Txinan, Jakarta Indonesian... AEBetakoak baino txikiagoak izan arren, afizio handia zuten; bete egiten ziren, eta entrenamenduetara ere joaten zen jendea.
Zuretzat bereziena zein da?
Miamiko Jai Alai. Horixe nuen ezagutzeko gogoa. Miami Vice telesailean agertzen zen. Gaur egun jende gutxi joaten da Miamiko Jai Alaira, baina ikusgarria da. 7.000 pertsona sartzen dira. Zahartuta dago, baina areto handiak ditu, eta pantailak daude, pilota apustuak egiteaz gain, zaldi eta zakur karreretan ere jokatu ahal izateko. Daniakoa politagoa da, baina Miamikoa handiagoa da, eta historia handiagoa du.
Europan ere baziren
Bai. Bruselan egon zen pilotaleku bat, baina gehienak hegoaldean zeuden: Milan eta Napoles (Italia), Bartzelona eta Palma (Herrialde Katalanak), Sevillan bi, Tenerife, Salamanca, Valladolid eta Zaragoza (Espainia)... Gaur egun pilotak tradiziorik ez duen lekuetan pilotalekuak zeuden lehen. Guretzat kirol lokala izan arren, pilota da nazioartean gehien ezagutu den euskal kirola; munduan gehien ezagutzen ziren euskarazko hitzak jai alai ziren.
Eta noiz etorri ziren behera?
Jokoa azkarra zen garai hartan, eta pilota ere horrelakoa zen, hamar minutuko partidak jokatzen ziren. Orduan AEBetan loteria azkarra sortu zen, hazka egitekoa, baita joko-makinak ere. 1988an puntisten greba etorri zen, hiru urtekoa, eta joko bat hiru urtez desagertuta egon ondoren, kosta egiten da gero aurrera ateratzea. Gainera, 1970eko hamarkadan ez zegoen Miamin Heat frankizia, ezta Orlandon Magic ere. Aisialdia lehen AEBetan beste modu batekoa zen, eta jendea ez zen saltoki handietara horrenbeste joaten. Asian bestelakoak ziren arazoak, politikariekin eta lizentziekin.
Zer gertatu da pilotalekuekin?
Tijuanakoaren (Mexiko) horma bat bota egin zuten. Mexiko Hirikoak bere horretan jarraitzen du, Iraultzaren Enparantzan, baina nahiko utzita dago, Harrison Plaza bezala (Manila, Filipinak). Jakartakoan luxuzko jatetxea dago, eta ezkontzak eta horrelakoak ospatzen dituzte. Baten batek oraindik ere badu jokatzeko lizentzia, baina dirua sartu behar da.
Masterjaik orain berria irekiko du Santa Anan, Filipinetan.
Bai, ea garai bateko giroa berpizten den. Jakartako eta Manilako pilotalekuak ezingo ditugu jada ezagutu beren garai onenean ziren bezala, baina Santa Anakoarekin giro hori berpiztea espero dugu. Izugarria omen zen: jendeak opariak egiten zizkien pilotariei, eta seme-alaben aita pontekoak izatea nahi zuten. Jatetxe batera sartu eta afaltzeko lekua uzteko altxatzen zen, eta eskola ez zegoen egunetan, atzeko atetik atera behar izaten zuten, 200 ume zituztelako ate nagusian zain. Hori AEBetan ez zen gertatzen.