EZARIAN. ZIENTZIA. Amazonia bizia agerian

Azken hamar urteetan, hiru egunetik behin espezie berri bat topatu dute Amazonian; horrek erakusten du lurraldea oraindik ere zenbateraino den ezezagun. Beste txosten baten arabera, ornodunen %19 galtzeko arriskuan daude.

Irune Lasa.
Donostia
2010eko urriaren 28a
00:00
Entzun
Gizakiak ez du oraindik erabat ezagutzen bere bizilekua: Lurra. Biziak oraindik ere harritu egiten ditu ikertzaileak, edonon, ia edozein baldintzatan agertzen baita. Toki beroenetan, hotzenetan, baita lur azpian ere, bizia aurkitzen ari da gizakia.

Eta ustez jada ezaguntzat jotzen diren tokietan ere espezie berriak aurkitzen ditu, zorionez. World Wildlife Fund (WWF) erakundeak aste honetan AEBetan aurkeztutako txostenak, esaterako, Amazonian azken hamar urteetan 1.200 espezie berri aurkitu direla zenbatu du, bat hiru egunero. «Planetarentzat giltzarri» den ekosistema horretan 637 landare, 257 arrain, 216 anfibio, 55 narrasti, 16 hegazti eta 39 ugaztun berri aurkitu dituzte.

Oraindik erabat esploratu gabe dago-eta Amazoniaren zati handiena. Haren neurria aintzat hartzean errazagoa da zergatik ulertzea: 6,7 milioi kilometro koadroko eremua hartzen du Amazoniako biomak, hots, Europa bat eta erdi. Hegoamerikako azaleraren %45 betetzen du, eta zortzi herrialdek dute zatia han: Brasil, Bolivia, Ekuador, Guyana, Kolonbia, Peru, Surinam eta Venezuelak.

Oraindik ezezaguna eta esploratugabea izanagatik ere, arriskuan dago Amazonia, gizakiaren erruz, ganadutarako larre berrien nahiak eremuko baso tropikalen %17 deuseztatu baitu azken mende erdian. Aurrerantzean ere Amazonian espezie berriak aurkitu nahiz gero babes neurriak hartu beharko direla azaldu dute WWFko ordezkariek.

Espezie gehiago arriskuan

Egunotan, natura babesteko neurriak eztabaidatzen ari dira hainbat gobernu Japonian, Nazio Batuen Bioaniztasunaren Goi Bileran. Eta bilkura horretan Arriskuan dauden Espezieen azken Zerrenda Gorria plazaratu dute. Haiek babesteko egindako lanarekin, zenbait espezie jada ez omen daude desagertzeko arrisku bizian. Baina, hala ere, bost ornodunetatik bat galtzeko arriskuan dago. Anfibioak dira okerren daudenak, haien%41 desagertzeko zorian baitaude. Hegaztien %13 ere gal daitezkeela dio Zerrenda Gorriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.