EZARIAN. ZIENTZIA. Braheren hezurrak aztertzen

Tycho Brahe astronomo danimarkarraren gorpuzkiak astelehenean atera zituzten Pragako Tyn elizatik; besteak beste, haren heriotza argitzeko.

Irune Lasa.
Donostia
2010eko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Tycho Brahe danimarkarra 1601 urteko urriaren 24an hil zen, Pragan. Hamar egun eginak zituen herioan, sukarrak hartuta, behin baino gehiagotan oihukatuz alferrik bizi ez izanaren itxaropena zuela. Hil aurretik, urteetan egindako behaketa sistematikoetan planetei buruz bildutako datu guztiak bere laguntzaileetako bati uztea erabaki zuen; ordura arte ez zion estimu handirik erakutsi laguntzaile hari, baina Brahek bere agindupekoen artean matematikari trebatuena huraxe zela ondorioztatu zuen: astronomiaren aitzindari nagusietako bat izan zen Johannes Kepler. Besteen artean, Keplerrek planeten orbitei buruzko bere lehen hiru legeak Brahek bildutako datuei esker landu zituen.

Bohemiako Rodolfo II.a enperadorearen errege matematikaria zen Brahe, eta maskuri infekzio batekin hil zela dio bertsio ofizialak. Kondairak dio enperadorearen oturuntza batetik ez alde egiteagatik, itsusi gelditzeko beldurrez, maskuria lehertu egin zitzaiola.

Haren hilotza Pragako Tyn elizan ehortzi zuten. Baina 1901ean, Braheren hezurrak hobitik atera zituzten eta orduan hartutako laginetan ezohiko merkurio kopuruak topatu zituzten. Orduan hartutako biboteko ileak 90eko hamarkadan ere aztertu zituzten, eta ondorio berera iritsi. Galdera derrigor piztu zen: pozoiturik hil al zen Tycho Brahe? Hiltzailea Kepler izan ote zen? Edo Kristian IV.a Danimarkako erregea zegoen haren heriotzaren atzean, Braherekin haserre baitzegoen?

Dena den, izarren behatzailea ez ezik, astrologoa eta alkimista ere bazen Brahe. Eta oso posible da berak bere burua merkurioarekin artatu nahi izana, garai hartan ohikoa baitzen merkurioa erabiltzea sendagai gisa.

Astelehenean atzera atera zituzten Braheren hezurrak hilobitik, lagin hobeak lortu nahian. Zientzialari eta arkeologoek badakite teknologia berriak erabiltzeak ez diela argi askoz gehiago ekarriko hilketa eta hiltzaile posibleen inguruan. Baina pozoiketaren arrastoen bila ariko dira, zalantzarik gabe. Eta, adibidez, duelo batean galdu zuen sudur zatia estaltzeko Brahek erabiltzen zuen protesia aurkitu eta aztertzea espero dute. Bihar hilobiratuko dituzte atzera Braheren gorpuzkiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.