EZARIAN. ZIENTZIA. Duela 15.000 urteko zibilizazio bat

Debabarrenean Paleolito garaiko gizarte aberats bat garatu zela uste dute arkeologoek; Praileaitz, Ermitia, Iruroin, Latsurregi, Zerratu, Kiputz... asko dira Deba ibairen meandro inguruetan aurkitutako aztarnategiak, guztiak aberatsak Madeleine aldia argitzeko.

xabier martin
Donostia
2010eko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Denboraren zilbor-hesteak dira, antzinako izate baten arrastoak. Debabarrenean (Gipuzkoa) azken mendean aurkitutako aztarnategiak, gehienak haitzuloak, arkeologoei zerbait kontatu nahian dabiltza aspaldian. Duela milaka urteko zibilizazio baten berri eman nahiko balute bezala. Adituak, emeki-emeki, badoaz haien hizkuntza ezagutzen, batzuetan, iradokitzen dutena interpretatuz, besteetan, ozen diotena jasoz; eta horri esker, Debabarrenean historiaurrean garatu zen zibilizazio aberats baten berri izan dute adituek.

Gipuzkoan, Paleolito garaiko aztarnak dituzten haitzuloen erdia baino gehiago (%54) Debabarrenean daude, Deba, Mutriku eta Mendaroko udalerrien barruan. «Altuera txikian dagoen kare lurrezko eremu handi bakarra da Gipuzkoan, eta horregatik haitzuloak erraz aurki daitezke han», dio Xabier Peñalverrek, azken urteotan Praileaitzeko indusketa lanak zuzendu dituen arkeologoak. «Azken glaziazioaren aroaz ari gara hizketan, aro hotz bati buruz; kostaldea orain baino urrutirago zegoen, baxuagoa zen itsasoaren maila. Gaur egun itsasoak estaltzen dituen lur kilometro horietan bizi ziren Cro-Magnongo gizakihauek, eremu epelagoan». Hortaz, balizko aztarnategi asko itsasoaren azpian geratu dira, eta arkeologoek kanpoan geratu direnei begira jartzea besterik ez dute. Praileaitz, Iruroin, Ermitia, Kiputz, Langatxo, Latsurregi, Urtiaga, Aizkoltxo, Aldatxarren, Imanolen Arrobia... dozenaka dira Deba ibaiaren alde bietandauden haitzulo paleolitikoak. «Eremu honetako leizeetan bizi izan ziren orduko gizakiak, eta azaltzekotan, hor azaldu behar dute Lascaux, Altamira eta Ekain moduko haitzuloen parekoak».

Agertuko al dira noizbait Debabarrenean historiaurreko tenplu eder horien neurrikoak? Erantzun zaileko galdera da hori, eta Peñalverrek zuhurtziaz ematen du arrastoa: «Ez dakigu zenbat haitzulo margotu zituzten; badakigu Kantabrian hemen baino askoz gehiago daudela; era berean, badakigu Pirinio aldera eta Dordoñan hemen baino askoz gehiago azaldu direla. Zergatik ez dira Euskal Herrian gehiago azaldu? Bada, ez zirelako margotu edo ez direlako aurkitu».

Ekonomia espezializatua

Madeleine aldian, duela 15.000 urte, aldi aberatsa bizi izan zuen Cro-Magnongo gizakiak Debabarrenean ez ezik Europako beste eremu askotan ere. «Ingurunera hobeto moldatzen hasi ziren; baliabide naturalak hobeto aprobetxatzen ikasi zuten. Animaliak ehizatzen zituzten, arrantza egin, eta fruituak biltzen zituzten». Nekazaritzatik urrun egonda ere, ekonomia espezializatu bat garatzen hasi ziren, eta apaindurak lantzen ikasi. Antolakuntza maila gero eta handiagoa zen. Lehengaiak lortzeko mugikortasuna asko handitu zen, behar zituzten animalia jakinak topatzeko, adibidez. Debabarrenean, esaterako, ahuntzen familiako lauoineko asko zeuden, baita oreinak eta elur oreinak ere. «Altxerrin margoturik dagoen arren, elur oreinarekin zalantzak zeuden, baina azken urteotan animalia horren presentzia berretsi dugu; esaterako, Praileaitzen eta inguruan azaldu da».

Deba ibaiaren inguruan dauden haitzuloak ez zeuden bakartuak; gizaldietan eraikitako gizaki guneek osatutako sare baten ehun zatiak ziren. «Praileaitzeko sarreratik garrasika hitz egin dezakezu Ermitiako sarreran dagoenarekin. Urtiaga ere gertu dago. Erbestera joan aurretik hura ikertzen ari zen Jose Migel Barandiaran». Horietan eta beste askotan, aztarnategi garrantzitsuak daude Praileaitzeko lepoko ikusgarriak agertu zireneko mailan, Madeleine aroan. «Horregatik da garrantzitsua Praileaitz, oso berezia delako, koba errituala zelako, xaman batena-edo; horrek pentsarazten digu haitzulo horien guztien artean komunikazio handia zegoela, gizarte bat zegoela».

Eta haiekin batera Ekain. Haranean bertan ez egon arren, handik gertu dago Ekain, Urolako ibarran. Sarea handia izan zitekeen, eta harremana garrantzitsua. «Bistan dago: mendi berdintsuetan ehizatzen zutenek, ibai bertsuetan arrantza egiten zutenek elkarren arteko komunikazioa zuten, gizarte bat osatzen zuten».

Eta non daude, hortaz, gizaki horien fosilak? Izan ere, ez dira garai hartako gizakien hezur askorik azaldu -baten bat bai-. «Paleolitoaren arazoetako bat da hori. Zer egiten zuten hildakoekin? Abandonatu? Lurperatzen zituzten? Non? Ez dakigu, baina berdin dio, haien jardunaren arrasto ugari baitaude, eta haiekin noiz bizi izan ziren jakin dezakegu, baita biztanle dentsitate handia izan zela ere», dio Peñalverrek.

Etorkizunean ere aztarnategi gehiago azalduko direla uste du arkeologoak; arrasto berriak, interpretazio zehatzagoa egiteko. «Arkeologoak gelditzen baldin badira, behintzat, azalduko dira, aurkituko dituzte. Izan ere, baso itxiak daude Debabarrenean, eta edozein unetan azal daiteke haitzulo bat edo azalera irekian kokatutako aztarnategi bat. Nahikoa da sute batek eremu itxi bat garbitzea, adibidez».

Horregatik da hain garrantzitsua Debabarreneko ingurunea zaintzea, babestea eta antzinako izate horri begira moldatzea, prestatzea. «Azken finean, balioa eman behar zaio haitzulo sare horren ingurune guztiari, eta, jakina, hor sartzen da bete-betean Praileaitzen auzia, mendi hegalarekiko politika; kosta ahala kosta, osotasunean eutsi behar zaio mendi hegal horri, interpretaziorako ezinbestekoa baita».



Koben Eguna

Mugarik Gabeko Lurpea. Mugarik Gabeko Lurpea sareak Koben Eguna antolatu du iganderako, martxoaren 7rako. Besteak beste, sarrera erdi prezioan izango da Arrikrutzen, Ekainberrin, Zugarramurdiko Sorginen koban, Urdazubiko leizeetan, Pozalaguan, Kobenkoban eta Mendukilon. Informazio gehiago www.lurpea.com helbidean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.