EZARIAN. ZIENTZIA. Eboluzioa, ausazkoa?

Jose Ramon Bilbao
2010eko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Iaz, bizidunen eboluzioa ulertzeko oinarriak jarri zituen Charles Darwin oroitu dugu, bere jaiotzaren bigarren mendeurrena eta espezieen jatorriaz liburu ospetsuaren 150. urtemuga bete zirela eta. Eboluzioaren teoriari esker, bizidunen bilakaera eta espezieen aniztasuna azal ditzakegu. Gaur egungo ikuspegitik, genoman gertatzen diren zenbait aldaketak bizirik iraun eta ugaltzeko abantailak ekartzen dizkio indibiduoari, eraldatutako genoma lehengoaren gainetik gailentzen delarik. Hobetsitako aldaketen multzoak espezie berrien sorrera dakar, eta galtzaile gertatu direnen desagerpena. Bi dira eboluzioa mugiarazten duten indar nagusiak: alde batetik, aniztasuna areagotzen duten mutazio genetiko heredagarriak, eta, bestetik, hobekien moldatutako indibiduoak aukeratzen dituen hautespen naturala, ingurumenaren iragazia, alegia. Gainera, prozesu horretan ez bide dago determinismo edo aldez aurretiko xederentzako tokirik, mutazioak ausaz gertatzen direlako eta bizidunek ez dutelako ingurumenaren aldaketak baldintzatzerik. Alabaina, premisa horiek zalantzan jartzen dituen ikerlanik ere bada, guztiz ausazkoa ez den eboluzioa iradokiz.

Mutazioei dagokienez, ezaguna da polimorfismoak ez direla genoman zehar modu uniformean banatzen, tamaina eta dentsitate desberdineko multzoetan baizik. Mutazioen pilatze-eremu (edo hotspot) horien agerpena hautespen naturalaren edo mutazioen osteko gertakarien ondorioa dela uste izan da; betiere, mutazioen ausazkotasunari eutsirik. Orain aste batzuk, ordea, William Amos, Cambridgeko Unibertsitateko eboluzio-genetikako adituak, kontrako ideiaren aldeko lana argitaratu du Proceedings of the Royal Society aldizkarian. Erabat teorikoa den artikulu batean, Amosek giza populazio desberdinetan dauden nukleotido bakarreko polimorfismoak (ingelesez, SNP-ak) aurkitzea eta beraien maiztasunak deskribatzea helburu duen HapMap proiektuaren datuak analizatu ditu, eta mutazio multzoen kokapena, tamaina eta dentsitatea aztertu.

Bere esanetan, mutazio berriak agertzeko probabilitatea handiagoa da beste SNPa dagoen posiziotik hurbil, mutazioak ezabatzeko DNAren konpontze mekanismoek eragindako akatsak direla medio. Epe luzera, mutazioak ugariagoak izango dira eremu horietan, hotspot ezagunak sorraraziz. Simulazio matematikoak erabilita, HapMap datuetan behatutako SNP-en multzokatze ez-uniformea, aipatutako mekanismoaren ondorioa izatearen probabilitatea ausaz gertatzearena baino handiagoa dela frogatu du. Hau da, mutazioak ez dira maiztasun berarekin sortzen genoma osoan zehar; ez da ausazko gertaera, lehenagoko mutazioek bultzatutakoa baizik. Ikuspuntu adaptatibotik, erraz uler daiteke mutazioak dituzten eremuek mutazio berriak onartzeko jasankortasun handiagoa izatea, kalte handirik sumatu gabe, eta zenbaitetan, mutazio berri horiek nolabaiteko abantaila ekartzea ere.

Zeharo desberdina den beste ikerketa lerroak, berriz, giza eboluzioan kulturak izan dezakeen eragina aztertzen du; genomaren aldaketetan ingurumen soila baino gehiago giza ekintzak hautespenerako indar nagusitzat harturik. Gizakiok, informazio genetikoarekin batera, informazio kulturala ere transmititzen diegu ondorengoei, eta horrek, hain zuzen, kulturak baldintzatutako ingurumenera egokitzeko presioa ezartzen du genoman. Abeltzaintzak ekarritako esnea kontsumitzeko joerak, adibidez, helduaroan ere laktosa digeritzeko ahalmenaren aldeko presio izugarria ezarri zuen; lehen gizakietan arraroa zen laktasaren aleloa, 9.000 urteren buruan, Europa iparraldeko populazioetan maiztasun handia lortu du. Beste batzuetan, aldiz, kulturak ingurumenaren hautespen presioa moteldu du: sua menderatuz eta jantziak erabiliz, klimak izan zezakeen indar selektiboa ezereztu dugu. Horretaz haratago, kulturak ezarritako edertasun ereduak hautespen indar garrantzitsua izan daitezke , bikotea aurkitu eta ugaltzeko, gorpuzkera, azalaren, ilearen zein begien kolore jakina abantaila edo oztopo bihurturik. Akaso jainkoak -edo erlijioak, bederen-, nahi gabe bada ere, parte hartzen du giza eboluzioaren norabidea markatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.