EZARIAN. ZIENTZIA. Einsteinek arrazoi

Erlatibitatearen teoria orokorrak baieztatzen zuen ideia bat egiaztatu ahal izan zuten Arthur Eddingtonek eta Frank Dysonek, eguzki eklipse bati argazkiak aterata, orain dela 90 urte.

Irune Lasa.
Donostia
2009ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Lehen Mundu Gerran, 1915. urtean, Albert Einsteinek bere erlatibitatearen teoria orokorra aurkeztu zuen, Berlingo Zientzia Akademian, eta hurrengo urtean, Alemanian argitaratu zen teoria. Erresuma Batua Alemaniaren etsaia izanda, ez zen inolako harremanik bi herrialdeen artean, ezta paper eta zientzia artikuluen berri izateko ere. Baina Herbehereak herrialde neutrala zenez, Einsteinen txostena iritsi zen, eta Willem de Sitter izan zen haren kopia bat Arthur Eddingtoni eman ziona, besteak beste, Erresuma Batuko Astronomia Erret Elkarteko idazkaria zelako Eddington. Hala, erlatibitatearen teoria orokorraren bozeramaile bihurtu zen Eddingtoningeles hizkuntzako herrialdeetan.

Erlatibitatearen teoria orokorrak espazio-denboraren eta materiaren arteko harrema azaltzen du, biak lotzen dituen interakzioa grabitatea izanik. Materiak espazio-denbora kurbatuarazten du, eta objektu materialek (eta argiak ere) espazio-denborako kurbaturak jarraitzen dituzten modua da guri grabitate modura agertzen zaiguna. Hots, norbaitek azaldu zuen moduan, «materiak esaten dio espazio-denborari nola kurbatu; eta espazio-denborak esaten dio materiari nola mugitu».

Horrela, Eguzkiarena bezalako materia pilaketak kurbatutako espazio-denboratik igarotzean, izarren argia ere mugitu egingo litzateke, eta izarra itxuraz beste posizio batean agertuko litzateke Lurreko behatzailearentzat. Hori hala dela frogatuz, teoriaren zati bat frogatuko zen. Are gehiago, deflekzio horren zenbatekoa, beti ere argia Eguzkitik zenbatera igarotzen zenaren arabera, zein izango zen ere azaldu zuen Einsteinek.

Eta horretan hasi zen Arthur Eddington, Frank Dysonekin batera. Eguzkiak ez bazuen uzten ikusten izarren argirik, zein zen modua Eguzkiaren ondotik igarotako izarren argia makurtu egiten zen edo ez ikusteko? Bada, eklipse bat.

1919ko maiatzaren 29rako iragarritako eklipsea behatzea hartu zuten helburu zientzialari britainiarrek. Eta bi behatoki aukeratu zituzten, eguraldi kaskarrak behaketa oztopatzeko aukerak murrizteko: Afrika ekialdean, Gineako Golkoan dagoen Principe uhartera joan zen Eddington, eta Brasil iparraldeko Sobral hirira Dyson.

Behaketa tokiak aztertu, bat aukeratu, ekipoak behar bezala ibiliko zirela ziurtatu... Lan asko zuten eklipsearen aurretik. Gehienetan intsektuetatik babesteko sareekin lan egin behar izan zutela kontatuko zuen gero Eddingtonek. Gauean, eklipse egunean behatuko zituzten izarren posizioa neurtu zuten.

Maiatzak aurrera egin ahala, gero eta euri gehiago egiten zuen. Eta, azkenean, iritsi zen eklipsearen eguna Principe uhartera, sekulako ekaitzarekin. 14:15ean hasi zen eklipse betea, eta bost minutu soilik iraun zuen. Eddingtonek geroago idatziko zuen zer gertatu zen. «13:30 aldean, fase partziala nahiko aurreratua zela, hasi ginen Eguzkia momentuka antzematen. 13:55ean, zerua gehiago argitu zen, eta, hodei artean, eklipseak aurrera nola egiten zuen ikusi ahal izan genuen. Argazkiak eginez ikustea erabaki genuen. Egia esan, ia ez nuen eklipse betea ikusi ere egin, argazki xaflak aldatzen nahikoa lan nuelako; behin begiratu nuen, eklipse beteko fasea hasia zela ziurtatzeko».

Brasilen zorte hobeagoa izan zuten eguraldiarekin. Baina ez behaketa eta argazki xaflekin, eta gerora eklipsearen argazkiek foko aldaketa serio bat zutela jabetu ziren. Izarrak ikusten ziren, baina definizio eskasarekin.

Principen eta Sobralen egindako argazkien datuak bateratu eta aztertu zituen, eta zenbaitek zalantzan jarri du ez ote zituen nahierara moldatu, baina, dirudienez, ez zen hala izan. eta Eddingtonek frogatu zuen erlatibitatearen teoria orokorrak arrazoi zuela; Einstenek arrazoi zuela.



Lurrazalean zehar ezarritako mikrouhinezko teleskopioen sare batekin lehen aldiz zulo beltz bat ikusi nahi dute.

Zulo beltzak ikustea, gaur egungo froga

I. L. Donostia

Einsteinen teoriak iragartzen duen ideietako bat da zulo beltzena. Horren ezagunak badira ere, oraindik ez dute lortu haietako bat ikustea. Baina horretan ari da astronomo talde bat: 2012rako, Lurrazalean 66 mikrouhin teleskopioko sare bat izango dute gure galaxiaren, Esne Bidearen erdigunera begira, han zer dagoen behatzeko. Ez da helburu makala, 30.000 argi urteetara 27 milioi kilometro soilik dituen zuloaren itzala sumatu behar baitute, Ilargiaren azalean futbol baloi bat antzematea bezala. Baina hori da, erlatibitatearen teoriaren arabera, 4,5 milioi eguzkiren masadun zulo beltz batek izango lukeen neurria. Itzala da ikusi nahi dena,zulo beltzek argia ere irensten baitute. Gainera, irentsiak izan aurretik, inguruko izar, gas eta guztiek argi edo distira gehiago egiten dute, behaketa are gehiago zailduz.

Hori, zulo beltza bada galaxiaren erdigunetik izar eta besteei eragiten diena. Materia iluna eta energia iluna dira alternatibak. Dena den, gaur egun jakina da galaxiaren erdigunean zerbait handia ezkutatzen dela, haren grabitate boteretsuak inguruko izar eta gasetan eragina baitauka. Hortik ondorioztatu da dena delakoak 4,5 milioi eguzkiren masa daukala.



Ez harritu, ez poztu,teoria zuzena zela bazekien eta

Einsteinen ikaslea zen Ilse Rosenthal-Schneider. Behin, maisuarekin solasean ari zen haren teoriari objkekzioak jartzen zizkion liburu bati buruz, eta teoriak ez zuela konprobazio enpirikorik zioen. Einsteinek apal batean zuen telegrama eman zion, «beharbada interesatuko zaizu». Eddingtonen emaitzak zituen telegramak. Ikaslearen pozaren aurrean, «nik banekien zuzena zela», esan zuen. «Eta frogatu ez balitz?», ikasleak. «Sentituko nuen jainko onarengatik, baina teoria ondo dago».



Einsteinen ideia berritzaileen garrantzia ulertzeko eta hedatzeko borondatea izan zuen Arthur Eddingtonek, Erresuma Batuak eta Alemaniak elkarri zioten gorrotoaren gainetik.

Gerra Handiaren garaian

I. Lasa. Donostia

Kondairak dio kazetari batek behin Arthur Eddingtoni galdetu ziola ea egia al zen hiru pertsonek soilik ulertzen zutela Einsteinen erlatibitatearen teoria. Eddingtonek gogoeta egin omen zuen une batez, eta kazetariari azaldu zion: «Pentsatzen ari naiz zein ote den hirugarrena».

Gertaera Bill Brysonek jaso zuen A Short History of Nearly Everything liburu ezagunean. Eta David Bodanisek E=mc2 liburuan jaso zuen beste kontakizun eder bat ere aipatu zuen; Einsteinek ideiak ulertzeko zailtasunaren inguruko mitoa, hain zuzen.

1919an, besteak beste, Eddingtonek behatutako eklipseari esker, Einsten ezaguna egin zen. Bere ideia erabat berritzaileez gain, ez dago zalantzarik Einsten pertsonaia erakargarria zela oso hedabideentzat. The New York Times egunkariak hari buruzko erreportajea egitea erabaki zuen. Eta nor bidaliko elkarrizketa egitera? Bada, egunkariarentzat golf kronikak egiten zituen Henry Crouch. Kazetariak dena alderantziz ulertu eta idatzi omen zuen. Are gehiago, idatzi zuen Einsteinek esana zela bere liburua ulertzeko gaitasuna munduan dozena bat pertsonek soilik zutela. Eta uste okerra hedatuz joan zen.

Kondairak kondaira, egia da zortea izan zela Europa Gerra Handian murgilduta zegoenean Eddington bezalako pertsona batek jaso izana Einsteinen teoria orokorraren berri. Kuakeroa zen astronomo britainiarra, bakezalea eta, ondorioz, kontzientzia eragozlea gerra garaian. Eta garai horietan orokortu ohi diren herrialdeen arteko ezinikusien gainetik zegoen Eddington, eta Alemaniatik zetorren ideia ulertu, balioetsi eta zabaltzeko gai izan zen.

Kontzientzia eragozle izateak arriskuan jarri zuen bere asmoa. 1917. urtean hasi zen Astronomiako Erret Elkartea eklipsea behatzeko bi espedizioak antolatzen. Baina gerra bete-betean zegoen, eta frontean hildakoen kopurua oso handia zenez, Erresuma Batuko Gobernuak derrigorrezko errekrutatzea ezarri zuen; gizon osasuntsu guztiak deit zitzakeen armadarako. 34 urte zituen Eddingtonek.

Armadara deia

Cambridge Unibertsitateak lortu zuen hasiera batean salbuespena Eddingtonentzat, zientzialariaren lana nazio interesekoa zela argudiatuz. Baina Gerra Ministerioak salbuespena kentzeko eskaria egin zuen geroago. Izan ere, salbuetsia zegoela jakinarazi ziotenean Eddingtonek baimenik eman ez baliote kontzientzia eragozle aurkeztu zela idatzi zien.

Azkenean, Dysonen laguntzarekin, Erret Elkarteak Eddingtonen errekrutamenduaren behin-behineko atzerapena lortu zuenespedizioa burutu arte. Bakea eklipsea baino sei hilabete lehenago iritsi zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.