Azkenengo bi egunetan, astelehenean eta asteartean, Eusko Jaurlaritzako SPRI erakundeak antolatuta, Ekintzailetzaren Foro Nazionala deiturikoa izan da Barakaldoko BEC ospetsuan. Badira hitzak eta terminoak garaiaren arabera punta-puntakoak direnak, modan jartzen direnak, eta gure gizartean beste asko baldin badaude ere, berrikuntza, nanoteknologia... horien artean ahoz aho darabilguna azken urteotan ekintzailetasuna, ekintzailetza da. Euskaraz nola esan proposamen bat baino gehiago baldin badago; ez pentsa gaztelaniak arazo hori erabakita daukanik (era eta modu guztietako engendroak aurki daitezke gaztelaniazko testuetan).
Gatozen harira, bi egunetan zehar enpresa berriak sortzeko jendea nola aurkitu eta bultzatu eztabaidatu da. Ekintzaileak bilatzen ari gara, eta espiritu hori nola suspertu aspaldiko kontua da. Zutabe honetan, nik neuk ezagutzen dudan munduaz arituko naiz; unibertsitateaz, hain zuzen ere. Unibertsitatean hainbat ikerkuntza-lerro jorratzen dira. Batzuetan ikerkuntza oinarrizkoa da, eta beste batzuetan gizartean aplikazio zuzenagoa duena lantzen da. Edozein kasutan, unibertsitateak gizartearekin duen erantzunkizunari erantzuna eman behar dio, hau da, irakaskuntza eta ikerkuntzaz aparte, unibertsitatearen 3. xedea deiturikoa landu behar da. Unibertsitatean lortutako emaitzak aprobetxatuz, hainbat enpresa-ekimen bultza daitezke, eta horixe da ekintzaileek egitea nahi duguna. Baina ez da batere erraza profil hori duen ikasle/irakasle/tituludunak aurkitzea, eta horretan ari gara azken urteotan.
Ikerkuntza-talde batean lorturiko emaitzak gizartera heltzeko modu egokia enpresa berriak sortzea izan daiteke, baina arazo zenbait agertzen dira. Lehenengoa, jakintza arlo horretan asko jakinagatik, ez du esan nahi enpresa baten kudeaketaz ezer gutxi jakingo duen ekintzailea dugunik. Beraz, formazio berezia beharko du enpresa-kudeaketaren alorrean. Gainera, jakinduria izanda ere, enpresa berri bat sortu nahi duenak bizitzan jarrera jakin bat izan behar du, ekintzailearena hain zuzen ere, eta hori ez da gure ongizatearen gizarteak suspertu duen ezaugarria. Duela 50 urte lan-mundua bestelakoa zen, eta Euskal Herriko hainbat jendek lan mundura sartzeko hartutako aukera enpresa berria sortzea izan ohi zen, eta hortik datorkigu euskal enpresarien fama eta ospea. Baina horien seme-alabak direnak beste baldintza batzuetan heziak izan dira; ahal izanez gero, ikasketak ongi amaitu, enpresa on batean lana lortu, edo administrazioan funtzionario izan... Enpresa bat sortzen hastea ez da hobetsitako aukera, eta hori da gure gazte jendeak jaso duen mezua. Gainera, gure gizarteak ez du hutsegitea ontzat hartzen, eta gure ikasleak zerbait gaizki esan baino lehen, nahiago isilik egon. Hutsegitea, hanka-sartzea... beste era batean baloratu behar dira, baldin eta gure gazte jendea ekintzaile izatea nahi badugu.
Bestalde, askotan enpresa berri horretan unibertsitateko irakasle/ikertzailea sartzea proposatzen da, eta hori ez da hain gauza erraza. Urteetan gaizki ikusia egon da unibertsitateko ikertzaile 'puruak' enpresa munduarekin harremanak izatea, eta oinarrizko ikerkuntza 'purua' onetsi da. Horrek ere aldatzen joan behar du, eta pixkanaka-pixkanaka gertatzen ari da; baina, edozein modutan, zilegi da unibertsitatean lanean diharduen irakasle/ikertzaileak enpresa munduan sartzeko gogo handiegirik ez izatea, bere lanbidea beste bat baita.
Gizarte osoaren pentsamoldea eta ohiturak aldatzen joan beharko dira, ekintzailetasun hori bultzatu nahi bada behintzat.
EZARIAN. ZIENTZIA. Ekintzailetasuna Euskal Herrian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu