EZARIAN. ZIENTZIA. Ezkutukoak ikusi nahian

Azken eraso saioen ondorioz, ugaldu egin dira aireportuetan gorputz osoko eskanerrak jartzeko asmoak. Bi dira halakoetarako prestatutako eskaner mota nagusiak. Nola funtzionatzen dute?

Irune Lasa.
2010eko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Eguberri egunean Amsterdam-Detroit hegaldi batean gazte bat hanka artean ezkutaturik zuen lehergailua lehertzen saiatu zen. Detonagailuak huts egin zion, eta kalterik egin aurretik erasotzailea kontrolatzea lortu zuten beste bidaiariek. Lehergailua ez omen zen oso handia, baina bai hegazkinean zulo bat zabaltzeko adinakoa. Jazoera horrek areagotu egin du hegazkin eta aireportuetako segurtasunean 2001eko irailaren 11ko erasoek sortutako kezka. Nola kontrolatu inork arma edota lehergailurik ez sartzea hegazkin batean?

Agerian gelditu da metalaren detektagailuak ez direla nahikoa, ezta maletak eta poltsak eta zapatak X izpiko eskanerretatik pasatzea ere. Soinean ezkutaturik eraman daitezke horrelakoak. Eguberri egunekoa gertatu eta gero, gorputz osoko eskanerren beharra azpimarratu dute hainbat herrialdetako gobernuek. Aurretik ere bazeuden batzuk jarrita baina, bi asteotan hainbat iragarpen egin dira bateko eta besteko aireportuetan halako eskanerrak jartzeko asmoez. Itxura guztien arabera, lehenago edo beranduago hegazkin bidaia bat egin behar izanez gero, halakoren bat ikustea egokituko zaio bidaiari, eta beharbada gorputz osoko eskanerretik igaro beharko du.

Eztabaida berehala piztu da, batez ere halako eskanerrek nolabait gorputza biluzten dutelako, jantziak igaro eta norbanakoaren gorputzaren azalera irudikatzen dutelako ordenagailuko pantailan. Biluztasuna zenbaterainokoa den, eta horrek intimitatean zer eragin duen eztabaida alde batera utzita, interesgarria da eskaner horiek nola funtzionatzen duten ikustea. Zertan oinarritzen dira? Zer erradiazio mota erabiltzen dute? Kaltegarriak izan al daitezke osasunarentzat?

Behin galdetzen hasita, eta ikusita zein ohikoak diren metal detektagailuak aireportuetan.... Nola funtzionatzen dute metal detektagailuek? Kablezko haril bat dute eta bertatik elektrizitatea igaroarazten da, horrela eremu elektromagnetiko bat sortuz. Eremu horrek erakarri edo urrundu egiten ditu metalak (haien magnetismo motaren arabera). Efektu horietakoren bat atzematen duenean egiten du txistua detektagailuak, ezagutzeko agindu eta zehaztu zaizkion metalekin.

Baina telebistako informatiboan egun hauetan aurkeztutakoek beste modu batera funtzionatzen dute: uhin elektromagnetikoen bidez. Bi motakoak dira nagusiki gorputz osoko eskanerrak: uhin milimetrikoak erabiltzen dituztenak eta maiztasun txikiko X izpiak erabiltzen dituztenak.

Uhin milimetrikoko eskanerrak

Pasiboak eta aktiboak ezberdintzen dira horietan. Pasiboak jende multzo handientzat erabiltzen dira. Ingurunetik gorputzek islatzen dituzten uhin milimetrikoak atzematen ditu eskaner horrek, eta kontraste txikiko irudiak eskaintzen ditu. Ez du gorputzaren irudi bat osatzen, ezkutuko zerbait dagoen ala ez ohartarazten du soilik. Hala, pertsona susmagarria baztertu eta miaketa zehatzago bat egin diezaiokete segurtasun arduradunek.

Aktiboak, aldiz, gizabanakoak toki jakin batean ezarri eta harengana uhin milimetrikoak zuzentzen ditu, pasiboarenak baino indartsuagoak. Gainaldeak xurgatzen eta islatzen dituenak jaso eta informazio horrekin hiru dimentsioko irudi bat osatzen da ordenagailuaren pantailan.

Zer dira uhin milimetrikoak? Espektro elektromagnetikoan mikrouhinen eskualdean kokatzen dira (ikus irudia), milimetro mailako uhin luzeretan, infragorrietatik hurbil. 30 gigahertz (3x1010) eta 300 gigahertz (3x1011) bitarteko maiztasunaren igortzen dira zirkuitu elektronikoetan sortutako uhin horiek. Sakelako telefonoek baino erradiazio txikiagoa emititzen dute.

Arropa igarotzen duzte eta, ondorioz, gorputzaren gainazala erakusten ordenagailuan osatutako irudian. Metraila, argizariak eta metala atzemateko gai dira. Eskaner horiek inguruko materialak baino dentsitate handiagoa duten lehergaiak atzeman ahal dituzte, hala nola metalezko armak, labanak, plastiko lodiak edota C4 lehergaia. Baina plastiko finak, gai kimikoak, hautsak eta likidoak ez ditu detektatzen, haien dentsitatea txikiagoa delako eta uhinek iragan egiten dituztelako, arropa bezala.

Aurrekoen antzeko eskanerrak ere ikertzen eta lantzen ari dira gaur egun , terahertz erradiazioa, T izpiak ere deitzen zaie, erabiliko dutenak. Milimetro batekoak baino uhin txikiagoak dira horietan emitituko liratekeenak, mikrouhinen eskualdearen eta infragorrien arteko mugetan kokatzen dira, 300 gigahertz eta 3 terahertzeko (3x1012) maiztasunarekin. Dena den, horietan ikertzeko asko dago oraindik, besteak beste, ez delako baztertu osasunarentzat kaltegarriak izan daitezkeela. Halakorik ez da erabiltzen oraindik.

Uhin milimetrikoko eskanerrak dira gehienbat Europako agintariek egunotan aipatu dituztenak. Halakoak nahi ditu, adibidez, Gordon Brownek, Erresuma Batuko lehen ministroak.

X izpiko eskanerrak

AEBetan ere jada uhin milimetrikoko 40tik gora eskaner dituzte hainbat aireportutan, baina badirudi X izpiak erabiltzen dituzten eskanerrak nagusituko direla hurrengo urteetan. Backscatter (erretrodispertsio) eskanerrak dira. Makinak intentsitate txikiko X izpiak emititzen ditu. Uhin horiek ez dute gorputza zeharkatzen medikuntzako diagnosietarako erabiltzen direnek bezala.

Arropa eta beste material jakin batzuk soilik igarotzen dituzte, eta gorputzaren gainazalarekin kontaktu egitean barreiatu egiten dira. Barreiatutako izpiak jasotzen ditu makinak, bi dimentsioko irudia osatzeko. Fabrikatzaileek diotenez, irudi horretan agerrarazi daitezke, adibidez, atomo zenbaki txikiko gaiak, arma edo lehergai plastikoak, adibidez.Metalezko armak eta detonagailuak ere ikusi omen daitezke, erretrodispertsio efekturik ez dutelako eragiten.

Gorputzak biluzten dituzten eskaner hauek, bai uhin milimetrikokoak baita X izpikoak, bidaiarien artean zer harrera izango duten eztabadagai dago. Baina haien eraginkortasunari buruzko zalantzak ere ugari dira. Esaterako, uhin milimetrikoko eskaner zenbaitek ez du oraindik ez AEBetako ezta Europako Garraio agintarien ziurtagaririk. Hain zuzen, gaur bertan da biltzekoa Europako Batzordeko abiazio segurtasuneko batzordea, eta gaia mahai gainean izatea espero da.

Eguberri egunean Detroitera zihoan Umar Faoruk Abdulmutallab gazteak pentrita hautsa (pentaeritritol tretanitratoa) zeraman hanka artean ezkutaturik, baita azeleratzaile likido bat xiringa batean, lehergaia detonatzeko.Gorputz osoko eskanerrek ahal izango dute halako dentsitate txikiko materialak detektatu? Zenbaiten ustez, ez. Adibidez, halako eskanerrak garatzen duen enpresa britainiar batentzat lan egindakoa da Ben Wallace parlamentario kontserbadorea, eta hark azaldu berri du lehergai kimiko, likido eta plastikoak ikusezinak direla eskaner horientzat. Bestalde, lehergailuak gorputz barruan ezkuta daitezkeela ere ohartarazten dute adituek, eta horiek ezin dira ikusi halako eskanerrekin. Hala ere, itxura guztien arabera, eskaner horiek gehitu egingo dira aireportuetan, besterik ez bada ere, segurtasun neurriak hartzen direla irudikatzeko.



Uhin milimetrikoek ez dute efektu ionizatzailerik, baina X izpiek, bai; backscatter eskanerretan, hala ere, dosi ñimiñoak erabiltzen dituztela diote.

Arriskutsuak osasunarentzat?

I. Lasa. Donostia

Erradiazioz inguratuta gaude. Eguzkiaren erradiazioa, espazio erradiazioa, irrati antenen erradiazioa, sakelako telefonoen erradiazioa... Baina erradiazio guztien artean funtsezko bereizketa bat egin behar da. Espektro elektromagnetikoaren lehen mailetako (ikusi irudia) erradiazioak ez dira ionitzatzaileak, hots, ez dute behar besteko energiarik atomo edo molekula batetik elektroiak ateratzeko.

Erradiazio ez-ionizatzaile horien artean sartu behar ditu uhin milimetrikoak, izen bereko eskanerrek erabiltzen dituztenak. Eta, beraz, ez dira kaltegarriak osasunarentzat.

Aldiz, izpi ultramoreetatik gorakoak erradiazio ionizatzaileak dira, eta materia bizia eralda dezakete. Adibidez, jakina da eguzkiaren izpi ultramoreekiko gehiegizko esposizioak tumoreak izateko arriskuak handitzen dituela. Erradiazio ionizatzaileen artean dago backscatter eskanerrek igortzen dutena. Hori bai, eskaner horiek ez dute inondik ere medikuntzan ibiltzen diren X izpien adinako dosirik ematen. Fabrikatzaileen arabera, eskaner horietatik igarotzean jasotako erradio dosia 10 mikrorem-ekoa da (0,0001 rem), eta kaltea eragiten hasteko 50-100 rem ingurukoa izango beharko litzateke.

Toraxeko erradiografia bat, esaterako, 0,01rem-ekoa izaten da. «Atlantikoa zeharkatzen duen hegaldi batean erradiazio dosi hori hartzen du bidaiariak, izpi kosmikoengatik», azaldu du Isabel Vivas Nafarroako Unibertsitateko Klinikako erradiologiako adituak. Erradiazio ionizatzaile dosi horiek gehitzen joaten dira gure gorputzean. «Baina dosi berak ez du eragin bera umeki edo haur batengan eta heldu batengan. Haiek etengabe ari dira zelulak erreplikatzen eta DNAko proteinak biderkatzen, eta okerreko eraldaketak izateko arrisku handiagoa dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.