Material solidoetan dagoen arinena da litioa, eta, horregatik, oso egokia da auto elektrikoetarako. Cegasako I+Gko zuzendari Igor Canteroren esanetan, ordea, ez da horregatik bakarrik egokiena. «Tentsio oso ona dauka litioak, teknologia tradizionalek baino hiru aldiz handiagoa», 150 kilowatt orduko gorde ditzake lehengai horrek, eta auto elektriko batek 30 kilowatt orduko behar dituenez bere funtzionamendurako, 200 kiloko bateria izango luke. Horrek ez du esan nahi 200 kilo litio izango lituzkeenik autoak, bateria bakoitzak mineral horren hamahiru kilo izango bailituzke aurreikuspenen arabera; gainontzekoa, beharrezko materialen pisua litzateke. Pisu arina dauka, baina prezioagatik ez dago gauza bera esaterik. Izan ere, kilowatt ordu bakoitzeko 500 euro ordaindu beharko lirateke. Beraz, 30 kilowatt orduko beharko liratekeenez autoaren bateria bakoitzeko, 15.000 euro balioko lituzke litioz eginiko bateria batek. Zifra horiekin zaila da merkatuko gainontzeko autoekin lehiatzea, prezio aldetik behintzat. Hala ere, «kantitate handitan ekoizten hasiz gero, prezioak behera egingo» dutela uste du Cantero ikertzaileak.
Ez da petrolioa legez agortuko
Petrolioa agortu egingo da egunen batean, eta gaur egun horrekiko dagoen dependentzia gainditzea espero da litioarekin, neurri batean bada ere. Horrekin berdina gerta litekeela pentsa lezake norbaitek, baina material hori agortzea ez da hain erraza izango. Izan ere, petrolioa behin erretakoan, ezin da berrerabili, baina hori ez da litioaren kasua. Hau da, lehengai hori birziklatzeko modua badago. Beraz, bere berrerabilpena egitea posible izango denez, ez da petrolioa bezala agortuko.
Litio-ioizko bateriek gainerako baterien aldean, tamaina bera izanda, potentzial eta energia dentsitate handiagoak ditu. Beste bateria askok erabiltzen ez direnean karga galtzen dute; litio-ioizkoek, berriz, ez. Nikel-kadmio sistemarekin bateria asko erabiltzen dira, baina litiozkoarekin konparatuta, dentsitateaz gain, baditu desabantailak. Izan ere, nikel-kadmiozko bateriak berriz kargatzerakoan guztiz ez badira kargatzen, beraien ahalmena gutxitu egiten da, baita bateriak guztiz agortu baino lehen kargatzen jartzen baldin badira ere. Litiozko bateriei ez zaie horrelakorik gertatzen, nahiz eta ezin den esan betiko direnik, denborarekin apurtu egiten direlako horiek ere, baina ez arrazoi horrengatik.
Argazki kamera, GPS, PDA, sakelako telefono, ordenagailu eramangarri eta beste hainbat gailuren bateriak litiozkoak dira. Azken urteetan gora egin du litioaren erabilpenak baterietan, eta aipaturiko tramankuluen kopuruak gora egin duelako izan da igoera. Batez ere, sakelako telefonoen kopurua igo da nabarmen. 2002an mila milioi ziren, eta orain lau mila milioi dira munduan, eta litiozko bateriak ibiltzen dituztenez, materialaren erabileran eragin handia izan du.
Duela urte batzuk litiozko bateriekin zenbait arazo izan ziren, gehiegi berotuta su hartu edo lehertu egin zirelako batzuk. Ordenagailu edo telefonoetan gertatu zen gehienbat, 160 gradu zentigradutik gora su hartzeko arriskua baitzeukaten bateria horiek. Oker haietatik ikasita, gaur egun konponduta dago hori guztia. Canteroren esanetan, «zaila da leherketak egotea berez, baina, hala ere, neurriak hartu ditugu hori eragozteko».
Japonia, Errusia, Frantzia eta Hego Korea Boliviako litioaren atzetik dabiltza
Munduan ez dago Bolivian adina litio,eta Moralesek industria sortzea nahi du, ez soilik lehengaia saltzeaX. Otamendi.
«Arpilatzaileak gure lehengaiekin salerosketan ibili ziren, balio erantsirik eman gabe eta irabazien zatirik Bolivian utzi gabe. Horregatik, behar-beharrezkoa da orduko hanka-sartzeak ez errepikatzea eta lehengai horien nagusi bakarra Bolivia eta bertako herria dela garbi uztea». Horrela zioen Evo Moralesek 2009ko urrian egin zuen diskurtso batean. Enpresa askotako nagusiei buruhausteak sortzen ari da Bolivia, bera baita litio erreserba handienak dituen herrialdea munduan. Ehun milioi tona inguru dauzkala kalkulatzen da, gainontzeko herrialde guztiek batera baino gehiago. Mundu osoko litioaren %70 bertan dagoela diote ikerketa batzuek.
Enpresa asko dabil lehengai horren atzetik, baina boliviarrak ez daude berau musu truk emateko prest. Oraindik ez da berau gehiegi ustiatzen hasi, ordea. Iazko datuen arabera, Txilek esportatu zuen lehengai gehien mundu osoan, %41 hain zuzen. Australiak %24 eta Argentinak eta Txinak %12 atera zituzten.
Uyuniko gatz lautada
Uyuniko gatz lautadan dago litio gehiena, eta dagoeneko hasita daude bertan planta aitzindari bat eraikitzeko lanetan, eta 2011rako martxan izatea espero dute. Sumitomo eta Mitsubishi enpresa japoniarrek beraien adituak bidaliko dituzte laster, ikerketa batzuk egitera.
Litioaren ekoizpenerako ez duela kiderik behar dio Boliviako presidenteak. «Litio bateriaren industria Bolivian sortzeko prest dauden kideak behar ditugu, hori da oraingo erronka nagusia». Japoniarrek ez ezik, Hego Koreako, Errusiako eta Frantziako enpresek ere metala erosteko asmoa agertu dute. Bateriak bertan ekoitziko dituzten enpresak irekitzeko proposamena egin dion bakarra Iran izan da, Moralesek dioenez. Gainontzeko herrialde eta enpresak hori egitera bultzatu nahi ditu. Uyuni 10.000 kilometro koadroko harana da, eta bertan industria sortzea nahi dute.