Aurtengo dinosauroen kanpaina oso ondo joan da Teruelen. Izan ere, beste askoren artean, Europan inoiz aurkitu diren dinosauro erraldoienen fosil gero eta gehiago erauzten ari dira paleontologoak bertan. Aurten, esaterako, Turiasaurus baten ia 2 metroko femur baten fosila ediren dute. Dinosauro hori, 30 bat metro luze eta 40 tona, duela 145 milioi urte bizi zen, eta Ipar Amerikan, Argentinan zein Gobi basamortuan aurkitu diren beste erraldoi batzuen parekoa zen. Dinosauro erraldoi zein txikiek, dinosauro belarjale eta lasaiek zein haragijale eta ankerrak, ikertzaile andana eta gizartea orokorrean erakarri dituzte lehenengoen fosilak agertzen hasi zirenetik. Hainbeste ikertu dira, gaur egungo animalia asko baino hobeto ezagutzen ditugula, oraindik gure artean biziko bailira.
Gaztetatik erakargarria sentitu zen ikertzaile bat Darla Zelenitsky izan zen. Neska kanadar hori Manitobako herri txiki bateko baserrian jaio zen, baso amaigabeen erdian. Alaba bakarra izanda, aitak eramaten zuen gazte-gaztetatik naturan ibiltzera, eta etxean noizean behin jaten zituzten ahate zein oreinen ehizan. Horrela sortu zitzaion Naturarekiko maitasuna. Laster, dena den, egungoaz gain iraganekoekin ere interesatuta zen, eta horien artean, dinosauroekin batez ere. Horregatik, Manitobako unibertsitatera joan zen geologia eta paleontologia ikastera. Baina Manitobako arrokak granitikoak eta metamorfikoak dira, alegia, fosilik gabekoak, eta behin lizentziatura amaituta, dinosauroak ikertu nahi zituen. Horretarako, gurasoen etxea utzi, eta mundura irten behar zuen. Zoritxarrez, eta aurkakoa pentsatu ahal bada ere, 1990ean oraindik oso diru gutxi zegoen ikerketa horiek aurrera eramateko. Ipar Amerikako hainbat atetan jo zuen Darlak, asko eta asko saiatu zen, eta, azkenik, Calgaryko Unibertsitateko katedradun ausart batek, Len Hills doktoreak, onartu zuen berarekin masterra eta doktoretza ikasketak egiteko.
Baina Darlak ez zituen dinosauroak besterik gabe ikertu nahi, ez, berak dinosauroen arrautzak eta enbrioiak ikertu nahi zituen, eta horiek ordura arte ia erabat ezezagunak ziren, artean Hills katedradunarentzat ere. Beldurrez iritsi zen nire bulegokidea Calgaryra, lehenengo aldia baitzen etxetik urrun bizitzera irteten zela, baina argi zuen zer egin nahi zuen, nahiz eta oso zaila izan. Neska liraina, argala eta itxuraz ahula baina barnean izugarrizko indarra duena da Darla. Egiten duenetan pasioa jarri izan du beti, eta horrek eraman du gaur egun munduko aditu handienetako bat izatera dinosauroen habia, arrautz eta enbrioietan. Horietakoen fosilak agertzen direnean, mundu osoko ikertzaileek zein komunikabideek jotzen dute berarengana.
Herenegun, Txilida Lekun, Jane Goodall ikerlariak hitzaldia eman zuen. Janek txinpantzeak ikertzera ekin zion gaztetan, eta horrek eraman du 50 urteren buruan naturaren eta, azken batez, bizi ororen defentsa sutsu baina argia egitera. Argi esan zigun atzo gure planeta eta bertakoen etorkizuna arriskuan jartzen dutela gainpopulazioak, aberastasun naturalen gehiegizko ustiaketak eta suntsitzeak eta, nola ez, gertatzen ari den klimaren berotzeak. Suntsitzear zeuden txinpantzeak ikertu eta ondoren horien babestearen alde jo zuen, eta horrek, nola ez, ondoren bizia hizki larrietan defendatzera eraman zuen.
Goodallen esanetan, guztiok dugu ardura, eta egunero egiten ditugun ekintza guzti-guztiak aurretik pentsatu beharko genituzke, baloratzeko noraino izango duten eragina etorkizunean geure bizitzetan zein gure planetaren gainerako bizitzetan. Hortaz, guztiok egin dezakegu asko Lurraren biziak aurrera egin dezan.
Janek bere bizitza kontatzen zuen bitartean, nire lagun Darlarekin gogoratu nintzen. Jane duela 50 urte hasi zen lanean txinpantzeekin, Darla duela 20 urte dinosauroekin. Biek komunean ezaugarri asko dituzte. Biak neskak dira, fisikoki antz handikoak, itxuraz ahulak baina barne izugarri indartsuarekin, biak oso argiak, naturazaleak, hitz egitean zein mugitzean xuabeak. Biek oso argi izan dute gaztarotik zer egin nahi zuten, alegia, ordura arte ia inork egin ez duena egin. Biak aitzindariak izanda, autodidaktak izan dira neurri handi batean. Baina biek aholku bera ematen dute: zerbait egin nahi baduzu, ekin; ekin behin eta berriro, jarri zure zentzumen eta gogo guztiak horretan, eta ezina badirudi ere, lehenago edo geroago lortuko duzu.
EZARIAN. ZIENTZIA. Mila esker, Darla eta Jane
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu