EZARIAN. ZIENTZIA. Oparotasun hauskorra

Aste honetan aurkeztu dute Londresen itsas bizitzaren lehen errolda. Azken urteetako nazioarteko proiektu zientifikorik garrantzitsuenetako bat da, eta agerian utzi du oraindik ere asko dagoela jakiteko ozeanoei buruz.

Irune Lasa.
Donostia
2010eko urriaren 7a
00:00
Entzun
Itsas bizitzak Lurreko oxigenoaren erdia ekoizten du, baita gure jatekoetako asko ere; eta, horrez gain, Lurreko klima ere erregulatzen du», azaldu zuenIan Poiner zientzialari australiarrak, itsas bizitzaren lehen erroldako koordinazio batzordeko presidenteak. Guztiok ere, haren hitzetan, bagara «ozeanoetako herritar».

Joan den astelehenean aurkeztu zen orain arte nazioartean egindako proiektu zientifikorik garrantzitsuenetako bat. Hamar urteko ikerketak bildu dituzte itsas bizitzaren lehen errolda horretan. 2.700dik gora zientzialarik egin dute. 9.000 egun osatu dituzten 450 espediziotan joan dira lan orduetako asko. Baina horiei gehitu behar zaie laborategietan egin diren ordu guztiak, baita agiri eta artxibo zaharrekin egindako datu bilketa eta alderaketa orduak ere. 650 milioi dolarreko (470 milioi euro) kostua izan du guztira proiektuak.

Eta honako hauek dira itsas bizitzaren inoizko datutegirik osatuenetik atera diren lehen ondorioak: uste baino bizitza oparotasun eta aniztasun handiagokoak dira ozeanoak; haien arteko loturak, konexioak, uste baino handiagoak dira; eta gizakiaren esku-hartzeak uste baino gehiago aldatu du itsasoko bizitza.

Beste ideia bat ere berretsi dute hamar urteko lanaren ondoren: ozeanoei buruzko jakintza oso murritza dela, eta lan ugari gelditzen dela egiteko.

Ozeanografian adituak direnen ustez, milioi bat espezie daude ozeanoetan. Duela 10 urtera arte, 230.000 espezie bakarrik zeuden identifikatuta, eta erroldarako lanekin, kopurua 250.000 espeziera igo dute. Horrek esan nahi du gutxi gorabehera beste 750.000 espezie egongo liratekeela identifikatzeko. Horietatik gehienak, %90 inguru, mikrobio mailakoak lirateke. Arrainetan, dena den, urtero 100-150 espezie topatzen dituzte zientzialariek. 5.000 arrain espezie omen daude aurkitzeko.

Bestalde, itsasoko ur litro bakarrean 38.000 bakterio mota egon daitezke batez beste, eta harea gramo bakarrean 5.000 eta 19.000 artean. Proiekzioen arabera, ozeanoetan 1.000 milioi bakterio mota leudeke.

Dena den, gauza bat da espezieak identifikatu eta izendatzea, eta beste bat haiek ezagutzea. Mikrobioak aintzat hartu gabe, deskribatzeko omen daude Europako uretako espezieen %10, Afrika Hegoaldekoen %38, Antartikakoen %60, Japoniakoen %70 eta Australiakoen %80.

Itsasoen oparotasunaren eta aniztasunaren seinale, bilatutako toki guztietan topatu dute bizitza azken hamar urte hauetan, dela beruna urtuko luketen tenperatura beroetako tokietan, dela itsasoko ura izozteko bezainbesteko hotza egiten duen tokietan, dela argi gutxiko edota oxigeno urriko eremuetan.

Espezieak identifikatu eta sailkatzeaz gain, haietako hainbaten migrazioak ere ikertu dituzte, eta, haien bitartez, baieztatudute ozeanoen loturak uste baino handiagoak direla. Espezieetako asko hainbat itsasotan aurkitu izanak ere indartzen du baieztapen hori.

Baina itsasoetako oparotasuna ez da mugagabea, hauskorra baizik. Agiri eta artxibo zaharrei begira, zientzialarien ustez, «agerikoa da itsasoetako oparotasunaren gainbehera orokorra». Giza jarduerak eragindako kutsadura da gainbehera horren arrazoietako bat. Eta gehiegizko harrapaketak ere hor daude. Historian zehar, ozeanoetan harrapatutakoa uste baino gehiago izan dela ondorioztatu dute, harrapaketa agiriak eta jatetxeetako menuak ere begiratu ostean. Espezie zenbait ia erabat galdu dira giza belaunaldi bakarrean.



'Marrus orthocanna'. Itsas sakoneko sifonoforoa da; hots, argazkian bezala, koloniak osatzen ditu igerian egiteko. Bakoitzak hamar zentimetro inguruko neurria izango du, baina koloniek metro bat eta bi metro arteko luzera irits dezakete. Gorriz ikusten direnak Marrus orthocanna-ren digestio eta zirkulazio sistemak dira. Gainerako gorputz zatiak gardenak dituzte. Artikoko ur sakon oso hotzetan atera zuten argazki hau.



'Acantharian'. Ikusteko oso zaila da protozoo mota hau, eta itsas zabaleko uretan izaten diren lau ameba klase handietako bat da. Estrontzio sulfatozko kristal bakarrez osatuta dauka eskeletoa. Ameba hiltzen denean, eskeleto hori disolbatu egiten da itsasoko uretan.



Dragoi arrain beltza. 1.500 metrotik gorako ur sakonetan izaten dira arrain bitxiok; distira egiten dute, eta 15 zentimetro bakarrik dituzte, baina ezin uka daiteke itxura beldurgarria dutela, are beldurgarriagoa argazkikoak bezala mihian hortzak badituzte. Arrainak eta izkirak jaten dituzte.



'Cyphoma gibbosum'. Kaiman Handiko uretan ateratako argazki honetan, bere maskorra estaltzen duen mantuaren kolore biziak erakusten ditu karrakela konkordun honek. Koralen ehun bizidunak jaten ditu, eta hantxe uzten ditu arrautzak ere. Arrunta zen garai batean, eta urriagoa orain, bere kolore biziak oso erakargarriak direlako urpekaritza zaleentzat. Hiltzean, baina, mantua eta, ondorioz, bere kolore biziak galdu egiten ditu.



'Cheilinus undulatus'. Pazifikoan, Indikoan eta Itsaso Gorrian bizi da; bi metro ditu, eta 190 kiloko pisua har dezake. Uharrietako izaki toxikoak ditu jatekorik gustukoena.



'Alciopidae'. Familia honetako kideek batez ere detritiboro eta ornogabe txikiak jaten dituzte. Itsas zabalean bizi dira har hauek, eta euren begiak dira familia ia ezezagun honen bereizgarri nagusia.



'Chuneola paradoxa'. Bai, bere itxurak salatzen duen moduan, argazkikoa arkakuso bat da, itsas arkakuso bat. Urpeko mekanikoekin errazagoa izan dute itsas zabaleko eta sakoneko hainbat espezie ezagutzea.



'Crysomallon squamiferum'. Indikoko eremu hidrotermaletatik hurbil topatu zuten molusku hau. Ur oso beroetatik hotzagoetara eta alderantzizko bidea egiteko gai da barraskiloa, baita azidotasun handia jasateko ere, besteak beste, hiru geruzako maskor sendoari esker.



'Phycodurus eques'. Hostodun itsas dragoia bere generoko kide bakarra da, itsas zaldiaren senide, baina hura baino askoz handiagoa; 45 zentimetroko luzera izan dezake. Australiako hegoaldeko eta mendebaldeko uretan bizi da, hogei metro inguruko sakoneran.



'Crosseta norvegica'. Artikoko ur hotzetan, bi hilabete baino gehiago egin zituen urazaletik telegidatutako itsaspeko batek 2.600 metro baino sakonago jaisten 2005ean. Argazki ederrak atera zituen, ur oso hotzetan bizitzeko gai den odol gorriko marmoka honena bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.