1671. urtean proposatu zuen Edmond Halleyk galderari erantzuteko bidea. Venus zen giltzarria: Lurretik begiratuta, zenbaitetan, Venusek Eguzkiaren diskoa gurutzatzen iragaten du. Lurreko azalerako bi puntu urrunetatik iragaitearen hasiera eta amaierako orduak zehaztasunez hartu behar ziren. Gero, paralajea erabiliz (triangulazioa erabiltzen duen metodo bat), kalkulatu ahal zen Venuserako distantzia, eta gero, Lurraren eta Eguzkiaren artekoa.
Baina, Venusen iragaiteak ez dira horren ohikoak. Halleyk berak, esaterako, bazekien berak ez zuela halakorik ikusiko. Venusen iragaiteak binaka izaten dira. Bata, aurrena, eta bestea, zortzi urteren buruan, eta 120 urte inguruko tartea hurrengo iragaite bikotera iritsi arte. Hala, XX. mendean ez zen izan iragaiterik, eta azkena 2004an gertatu zen (argazkia). Hurrengoa 2012. urtean iritsiko da, ekainaren 5etik 6ra artean, eta ez da ikusiko Euskal Herrian. 2117. urtera arte ez da izango besterik.
60 urte zituen Halleyk, Venusen iragaiteak neurtzeko modua proposatu zuenean, eta hurrengo iragaiterako 45 urte itxaron behar zituen. Hurrengo belaunaldiei dei egin zien lan hura betetzeko. Eta Halley hil eta 27 urte geroago, berak azaldutako teknikak erabiliz, Lurraren eta Eguzkiaren arteko distantzia neurtzea lortuko zen. 1769ko iragaitean hartutako datuekin, batez besteko distantzia hori 153 milioi kilometrotakoa zela ebatsiko zen, neurketa modernoei esker gaur egun badakigu distantzia 149,6 milioi kilometrokoa dela. Ez da berebiziko aldea, ezta?
1761eko eta 1769ko iragaiteak behatzeko espedizioak nazioarteko lehen ekimen zientifiko bateratuak direla esan daiteke. 1761eko Venusen iragaitea behatzeko errusiarrek misioa bidali zituzten Siberiara, Baikal laku ingurura eta Txinako muga inguruetara. Ingalaterrak Santa Helena irlara, Ternura eta Sumatra bidali zituen espedizioak. Suediak Upsala eta Finlandiara, Alemaniak Vienara, Danimarkak Kopenhagera... Frantziako Zientzien Akademiak, besteen artean, Le Gentil Indiara eta Pingre Rodriguez irlara bidali zituen... Guztira 120 zientzialari munduko 62 tokietara abiatu ziren.
Ez zen nolanahiko abentura. Gauzak okertzeko, Frantzia eta Ingalaterra gerran zeuden, 1763ra arte ez zen amaitu, eta hainbat herrialde elkarren aurka jarri zituen Zazpi Urteetako gerla horrek. Sumatra frantziarren esku erori zen, eta Masson frantziarrak behaketa Esperantza Oneko lurmuturretik egin zuen. Gaitzak, naufragioak, ekipoen matxurak... Siberiara abiatu zen Jean Chappek azken zatian uholdeak topatu zituen, eta hango biztanleek zientzialariak zerura zuzentzen zituen tresna arraro horiei egotzi zieten uholdeak egotea. Ternuan, John Winthropek etsi egin zuen, behaketak egitea ezinezkoa zelako milioika intsekturen erasoen artean. Azkenean ez zen datu txukunik lortu. Hurrengora arte itxaron behar.
Orain 240 urte hainbat herrialdek misioak bidali zituzten hainbat tokitara Venusen iragaitea behatzeko. Bakoitza abentura bat izan zen, eta ezagunena Cookena izan zen.
Tahititik begira
I. Lasa. DonostiaZortzi urte lehenago egindako saioak ez zuen emaitza txukunik izan, baina beste aukera bat zegoen. Venusen hurrengo iragaitea 1769ko ekainaren 3an iritsiko zen, eta, gainera, toki gehiagotan ikusteko modukoa izango zen. Oraingoan ere, nazioarteko ekimen zientifikoa izan zen. Ingalaterrak, Frantziak, Danimarkak, Suediak eta Errusiak misioak bidali zituzten Lurraren hainbat bazterretara, Venus Eguzkiaren paretik noiz iragaten zen behatzera.
Ingalaterratik, adibidez, guztira 69 behatzaile barreiatu ziren mundura. William Wales Hudson badiara joan zen, Call Madrasera, Maximilian Hell Eskandinavia iparraldeko irlatxo batera... Eta James Cook tenientearen agintepean, Endeavour fragata Hegoaldeko Itsasoetara abiatu zen.
1768ko abuztuan atera zen Endeavour Plymouthetik. Helmuga Tahiti, Pazifikoko hegoaldean urtebete eskas lehenago europarrek aurkitutako irla. Eta betekizuna Venusen iragaitea behatzea. Baina Endeavour-ren bidaia hori baino askoz gehiago zen. Charles Green astronomoaz gain, Joseph Bank naturalista gaztea ere ontzian zihoan, esploratu behar zituzten tokietako animalia, landare eta jendeen inguru berri jaso eta ikerketak egiteko prestu.
Bazen beste xede bat ere. Endeavourreko eskifaiak dieta berezia izango zuen bere itsasaldian. Garai hartan, hainbat itsasontzietako tripulazioaren erdia akabatzeraino iristen zen eskorbutoari nola aurre egin aztertzen zebilen Ingalaterrako itsas armada. Giza gorputzak sei astean soilik gorde ditzake C bitamina erreserbak, eta behin epe hori igarota, gorputzean hemorragiak hasten ziren, baita hortzetako oietan ere. Dirudienez, balearen arrantzan ibili ziren euskal arrantzaleentzat laguntza handia zen sagardoa eskorbutoa saihesteko.
Endeavour ontziko sukaldariak elikagai esperimentalak zeramatzan eta eskifaia, choucrouta (hartzitutako aza) bezalakoak jatera behartuta, zartailua probatu nahi ez bazuen. Eredua emateko, kapitainaren gelan ere halakoak zerbitzatu ziren bidaiaren lehen zatian.
Abentura zeukaten aurrean. Milaka kilometro itsas zabalean, lurralde eta itsasalde ezezagunetara, eguraldi iragarpenik gabe, hareazko erlojuekin, korapilodun sokak abiadura neurtzeko, izarrei begira non zeuden jakiteko...
Tahitiko paradisua
Garaiz iritsi ziren Tahitira, 1769 apirilaren 13an. Bi hilabete zituzten iragaitearen behaketa tokia prestatzeko. Gaur egun Venus Point bezala ezagutzen den tokia hautatu zuen. Eta iragaitearen zain, Tahitiko paradisuaren bazterrak ezagutzeari ekin zioten. Tahitiarrak adeitsu agertu ziren Endeavour ontziko marinelekin eta trukeak egiteko prest zeuden. Dirudienez, gai metalikoak maite zituzten, eta zaleenak emakumeak omen ziren. Kapitainak debekatu egin zituen baimendu gabeko elkartrukeak, gogoan zuelako aurretik han izandako Dolphin ontziak ia ezin izan zuela itsasoratu, egiturako iltze mordoa falta zitzaizkiolako. Dena den, iltzeek desagertzen jarraitu zuten Endeavour ontzian.
Eta iritsi zen iragaitearen eguna. Bitxia da Joseph Banks bezalako naturalista batek jazoeraz ia hitzik jaso ez izana. Bere egunerokoan egun hartaz idatzitakoak 600 hitz inguru dira eta horietatik 100 soilik Venusen iragaiteaz. Banksen kontakizun nagusia goiz hartan irlako errege Tarroaren eta bere arreba Nunarekin egindako gosaria zen. Eta Venusi buruz: «Tarroa, Nuna eta beraien zerbitzari nagusi zenbait eramanez, nire kideekin behatokira joan nintzen; planeta Eguzkiaren aurretik iragaten erakutsi genien, eta hori ikusteko etorri ginela azaldu. Ondoren itzuli egin ziren, eta ni beraiekin». Ziurrenez, erakargarriagoa zitzaion Tahiti Venus baino.
Cook eta Green gehiago zeuden horretara. Kapitainak bere bitakoran azaldu zuenez, ez zen laino bakar bat ere zeruan eta planetaren iragaitea arazorik gabe ikusi zuten. Neurketena, ordea, beste gauza bat zen. Lau ziren aintzat hartu beharreko kontaktu guneak: iragaitearen hasieran planetak Eguzkiaren diskoan ukitzen zuen lehen unea; planeta osoa diskoaren barruan zegoen lehen unea; iragaitearen amaieran planeta osoa diskoan zegoen azken unea; eta planetak kanpotik eguzkiaren diskoa ukitzen zuen azken unea.
Baina planetaren atmosferaren itzalak batetik eta tanta beltza izeneko efektuak bestetik, zaila egiten zuen kontaktu uneak zein ziren zehaztea. Hala, toki berean behaketak egiten ari ziren Cook eta Green datuetan 42 segundotako aldea zegoen. Arazo bera izango zuten Venusi begira munduko beste 76 tokitan zeuden astronomoek. Eta horrek Lurretik Eguzkirako distantzia jakiteko kalkuluetan izango zuen eragina.
Iragaitea behatzeaz gain, bazuen Cookek beste agindu bat, ezkutukoa: terra australis incognita delakoa topatzea, Ingalaterrarentzat jakina. Hainbat zientzialarik uste zuen izan behar zela beste lurrazal handi bat Hegoaldean, Ipar Hemisferioan kontinenteek osatutako masa orekatzeko. Behin Venus iragaitea behatuta, Tahiti eta Zeelanda Berriaren artean hura topatu behar zuen Cookek. Eta horretara abiatu zen Endeavour. Ez zuen terra australisik topatu, baina milaka kilometro egin zituen Australia mendebaldeko eta Kiwiko kostaldeetan, han. Gerora, Jakartan izan ziren 10 astez, ontzia konpontzen. Hantxe gaixotu eta hil zen eskifaiaren ia %40, tartean Charles Green.
Deal ontzian itzuli ziren gainerakoak Ingalaterrara 1771ko uztailean, Lurrari itzulia emanda, milaka landare, intsektu eta animalia katalogatuta eta haientzako berriak ziren arrazak ezagututa, abentura ikusgarrian.
Frantziak Indiara bidali zuen Guillaume Le Gentil 1761eko iragaitea behatzera. Hamabi urte iraun zuen bidaian zorte petrala izan zuen astronomoak.
Le Gentilen abentura latza
I.L. DonostiaTahitin Cooken eta Green Venusen iragaitea ikusteko prestatzen ari ziren bitartean, India hego-ekialdeko kostaldean Puducherryn zegoen Guillaume Le Gentil frantziarra, Venus handik behatzeko prestaketa guztiak egiten. Baina istorio hori lehenago hasi zen, Frantziako Zientzia Akademiak 1761. urteko iragaitea behatzeko Puducherryra bidali zuenean.
1760ko martxoan, iragaitea baino 15 hilabete lehenago irten zen Le Gentil. Itsasoan zela, gatazka piztu zen Frantziaren eta Ingalaterraren artean. Le Gentil Puducherryra iristear zela, ingelesek hartu zuten hiria, eta astronomoaren ontziak Maurizio irlara ihes egin zuen. 1761eko ekainaren 6an, Venus Eguzkiaren diskoa zeharkatzen ikusi ahal izan zuen, baina itsasontzi batean ezin egin inolako neurketarik, ez zuelako kokapen zehatzik ere. Hurrengo iragaitera arte itxarotea erabaki zuen Le Gentilek, zortzi urte. Bitartean Madagaskar irla esploratu zuen, eta Filipinetara joan zen. Hantxe jakin zuen gerra amaitu zela. Puducherryra abiatu zen, eta iragaitea baino urtebete lehenago iritsi zen. Eguna iritsi zenerako behaketarako tresneria guztia prest zuen, latitudea, longitudea zehaztuak... Eguraldia ere ona izan zen ordura arte. Ordura arte, eguna lainotuta esnatu zelako Indiako bazter hartan.
Itzulera etsigarria
Etsipenak izango zuen zerikusirik harrapatu zuen gaixotasunean. Osatu zenean, itzulera ez zen samurra izan. Kortsarioengandik eta ekaitzetatik ihesi... Lortu zuen Frantziara iristea, hamabi urte geroago. Denbora guzti horretan, ez familiari ez Akademiara bidalitako gutunik ez zen iritsi. Agintariek Le Gentil hiltzat jo zuten. Haren emaztea beste batekin ezkonduta, bere diruak oinordekoek xahututa, Akademiako postua ere beste norbaitena zen... Berriz ezkondu zen Le Gentil, eta 21 urte gehiago bizi zen.