Gizakia beste primateekin konparatzen dugunean zenbait ezaugarri bereizgarri datorkigu burura, hala nola gure burmuin handia, eskuekin gauzak manipulatzeko dugun trebezia edota lokomozio bipedoa. Azken honen eboluzioaren inguruan, hots, bi hanken gainean zutik ibiltzeko moduaren agerpenari dagokiolarik, literatura ugari idatzi dute ikerlariek Australopithecus-ak aurkitu zituztenetik hona. Australopithecus-ak, orain dela 2 eta 4 milioi urte tarteko gure arbaso bipedoak izan zirela gehienek onartzen dutela jakinda, eta sabana motako ingurune lehorrean bizi izan zirela jakinda, hipotesi ugari agertu ziren lokomozio mota berezi horren agerpenaren zioa azaltzeko: batzuentzat, belar artean zutik ibiltzeak belar gainetik ikusteko abantaila ematen omen zuen; beste batzuentzat, sabanan zehar garauak batzeko energetikoki eraginkorragoa omen zen zutik ibiltzea, paseo-abiadura mantenduz gero; bazeuden ere eskuak libre edukitzeko aukeran oinarritzen ziren ikerlariak. Hauen iritziz sakabanatuta zeuden zuhaitzen artean tresnak edo janaria eramateko egokiago omen zen bi hanken gainean ibiltzea. Horrela, XX. mendeko bigarren zatian zehar hipotesiak ugarituz joan ziren, betiere bipedia sabana motako ingurune batekin lotzen zutelarik.
Azken urteetan, fosil berriak aurkitzen ziren heinean, zalantzak sortuz joan ziren. Australopithecus-ak baino zaharragoak ziren espezie berriak aurkituz joan ziren, denak baso eta oihaneko espezieak omen zirelarik: 1994.urtean Ardipithecus ramidus (orain dela 4,4 milioi urtetakoa), 2001.ean Ardipithecus kadabba (5,5 milioi urte) eta Orrorin tugenensis (6 milioi urte) eta 2002. urtean Sahelanthropus tchadensis (7 milioi urte). Hala ere, aurkituriko aztarnak gutxi ziren eta askok zalantzan jartzen zuten espezie horiek bipedoak zirenik, gorilaren eta txinpantzearen lerrokoak zirela proposatuz. Gainera, askok ez zuten posible ikusten bipedia basoetan sortzea abantailarik ez baitzioten ikusten. Aldiz, sabanarako bazituzten hamaika hipotesi ezberdin. Laburbilduz, aurreko mendeko azken hamarkadetan ikerlariek argi omen zuten zutik egotea eta bi hanken gainean ibiltzea sabanarekin erlazionaturiko adaptazioa zela.
Bestelako hipotesirik ez dugu aurkitzen 2007. urte-arte. Hipotesi berri hau Thorpe eta lankideek plazaratu zuten, orangutanen lokomozio moduak aztertzen urte oso bat igaro ondoren. Science aldizkarian argitaraturiko lan horretan azaldu zuten moduan, orangutanek eskuez lagunduriko bipedia erabiltzen dute zuhaitzetako adar malguetan zehar ibiltzeko. Zuhaitzetako bipedia hori lagungarri izango litzaieke orangutanei, adar puntetan dauden fruitu goxoak hartzeko. Beraz, bipedia ez litzateke bakarrik gu eta gure arbaso hurbilen ezaugarria izango baizik eta beste hominoideo batzuena ere. Beste modu batetan esanda, guk dugun lokomozio modua ez litzateke berrikuntza izango, aitzinetik kontserbaturiko ezaugarria baizik.
Hala ere, basoetan sortutako bipedia honen aldeko beste frogaren bat beharrezkoa zen eta honen inguruan argia ematera 'Ardi' etorri zaigu. Ezizen honekin ezagutzen ditugun fosilak Ardipithecus ramidus espezikoak dira. Urrian Science aldizkarian argitaraturiko eskeletoak 15 urte lehenago iradokitutakoa frogatzen du, hots, orain dela 4,4 milioi urte gure arbaso hau bipedoa zela eta sabanan bizi beharrean basoetan zuela bere etxea. Horrela, gure eta txinpantzearen azken arbaso komunak, zenbait ezaugarrietan, lokomozioa kasu, gure antza omen zuen. Betidanik pentsatu bada, orain dela 7-8 milioi urtetako arbaso hori txinpantze antzeko primatea zela, proposaturiko hipotesi berriek eta aurten lorturiko datuek garai hartako irudia goitik behera aldatu dute: gure lerrokoak diren Ardipithecus eta Australopithecus-ek txinpantzeek baino antzekotasun gehiago zituzten azken arbaso komun horrekiko. Gizakiaren eboluzioaren ezagutzan sakontzen dugun heinean, gero eta arruntagoak garela ikusten dugu. Norbaitentzat ezustea?
EZARIAN. ZIENTZIA. Zutik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu