EZARIAN. ZINEMA. Antzinako mintzoa

Alberto J. Gorritiberea zinemagileak eta Asier Hilario geologoak zuzendutako 'Flysch, haitzen hitza' dokumentala aurkeztuko dute gaur, Donostian.

xabier martin
Donostia
2009ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Sakona da haitzen mintzoa, antzinakoa, jakintsua. Haien hizkuntza zaharra ezagutuz gero, adi-adi geratuko da ibiltaria. Zumaiako itsaslabarra zeharkatu duenak badaki hori. Baita Asier Hilario eta Alberto J. Gorritiberea Flysch, haitzen hitza dokumentalaren egileek ere. Gaur 20:00etan estreinatuko dute ikus-entzunezko hori, bitarteko eta parte-hartzaile askorekin ondutako lana, inondik ere. Donostiako Kursaalean izango da, Ganbera aretoan. Han izango dira filmeko zuzendariak eta ekoizpenean parte hartu duten euskal zientzialariak. Zumaiako geologiaren harribitxia aztertzen duen pelikula ETB eta TVE telebista kateetan ere emango dute datorren urteko martxotik aurrera, Kutxaespazioko planetarioan ikusgai egon ondoren.

Zumaia eta Deba arteko kostaldean (Gipuzkoa), hamabi kilometrotan zehar, munduko geologia santutegirik garrantzitsuenetakoa dago: flysch formazioa. Duela 50 milioi urte inguru, Pirinioak altxatu zituzten plaka tektonikoen mugimenduak berak azaleratu zuen. Ordutik, Lurreko historiaren 50 milioi urte laburbiltzen dituen hiztegi hori lurrazalean dago ikusgai.

Euskal kostaldean kokatutako ondare horri buruz egin duten lehenengo ekoizpen handia da Flysch, haitzen hitza. Hilario geologoak eta Gorritiberea zinemagileak euren ezagutzak uztartu dituzte, Tuntuxa ekoiztetxearen lana aurrera ateratzeko. Kutxak babestutako ikus-entzunezkoaren hiru bertsio prestatu dituzte, 71, 57 eta 38 minutukoak; azkena planetarioetan emateko apailatu dute propio. Euskaraz eta gaztelaniaz ekoitzi dute, baina ingelesera ere itzuli dute, nazioartean ezagutarazteko asmoz.

Bertikalean kokatutako harrizko geruza gogorren eta geruza bigunen segidek osatzen dute flysch-a. Ez da inguruan dagoen antzeko formazio bakarra, baina 50 milioi urte biltzen dituen bakarrenetakoa bai. Horregatik mundu osoko geologoek eta zientzialariek bisitatzen dute eremua, aldaketa klimatiko, geologiko nahiz biologikoen inguruan ikertzeko.

Islandia, Wyoming, Mexiko...

Asier Hilario eta Alberto J. Gorritiberearen dokumentala egitasmo anbiziotsua da. Aurtengo udaberrian filmatu zuten lana, batik-bat Zumaiako flysch-ean. Gidoiari jarraiki, kamerak urrutirago ere eraman zituzten, ordea. Wyomingeko basamortuan, Yellowstongo parke nazionalean eta Mexikon ere filmatu zuten, Yucatan penintsulako heriotzaren krater inguruetan, baita Islandiako glaziarretan eta paisaia bolkanikoetan ere. Natur zientzien hainbat adarretako munduko 25 jakitunek baietza eman zioten proiektuan parte hartzeari. Hala, horien guztien testigantzak azaltzen dira dokumentalean, betiere flysch-etik bertatik. Honako hauek azaltzen dira, besteak beste: Bruce Runnegar, NASAko astrobiologia ataleko zuzendari izandakoa; Jan Smith, dinosaurioak meteorito baten ondorioz galdu zirela erakusten duen teoriaren egiletako bat; eta Anil Markandyak, IPCC erakundeko ingurumen ekonomialaria.

Adituen hitzak eta naturak mundu zabalean eskaintzen dituen irudi ikusgarriak tartekatuz osatu dute Flysch, haitzen hitza. Zein bilakaera izan du klimak? Eta bizitzak? Zergatik galdu ziren dinosauroak? Egun eragiten ari garen beroaldiaren antzekorik izan al da lehenago? Nola egingo die aurre gizakiak planetako ingurumen aldaketei? Dokumentala erantzun horien guztien bila dabil, batez ere haitzetan idatzita dagoen iragana aztertuz.



Alberto J. Gorritiberea.'Flysch, haitzen hitza'-ren zuzendaria

«Lurra pertsonaia moduan hartzen du dokumentalak; asko gozatu dut hau egiten»

X. Martin. Donostia

Ia duela hiru urte estreinatutako Eutsi! euskarazko komedia zuzendu zuen Alberto J. Gorritibereak (Zumaia, 1970). Orain, berriz, oso bestelako proiektua plazaratzear dago, haren jaioterriko kostaldeak gordetzen duen harribitxiari buruzko dokumental bat: Flysch, haitzen hitza. Geologiari buruzko ikus-entzunezkoa izaki, Asier Hilario geologoarekin partekatu du lanaren zuzendaritza, baina zinema alorra Gorritiberearen ardura izan da.

Zer-nolako lana da Haitzen hitza, soilik zientzialarientzat edo ikusle guztientzat?

Argi dago zientzia gai bat duela ardatz nagusi, baina ikusle guztiengana iristeko pentsatua dago. Oso maila handiko zientzialarien lanari jarraitzen dio pelikulak, baina beste adar asko ukitzen ditu azkenean. Lurra pertsonaia moduan hartu dugu; nik neronek asko gozatu dut lan hau egiten.

Eutsi! komediarekin ezagutarazi zenuen zeure burua. Orain oso bestelako proiektuan aritu zara. Zer moduz joan da esperientzia berri hori?

Eutsi! enkarguz egin nuen, eta gozamena izan zen. Gero Oteizari buruzko beste dokumental bat ere egin dut. Neure burua ikus-entzunezkoen profesional gisa daukat, zinemagile gisa bainoago. Generoak alde batera utzita, beti geratzen da egilearen ikuspuntu jakin bat, bere egikera.

Oraingoan, gainera, Asier Hilario geologoarekin partekatu duzu dokumentalaren zuzendaritza. Zer moduz moldatu zarete?

Azken urteotan Zumaiako paraje geologiko hori hedatzen lan gehien egin duen pertsona da Asier Hilario. Kasualitatez ezagutu genuen elkar; flysch-ari buruz asko hitz egin genuen ordutik, eta berehala ohartu ginen hor bazegoela aukera bat dokumentala egiteko. Zinemaren atala batik bat nik neronek hartu dut, eta zientziaren mamia, gidoia, haren ardura izan da. Elkarrengandik ikasi dugula esango nuke.

Euskal Herrian egin izan diren dokumentalak kontuan hartuz, zuenak aurrekontu handia izan duela esan daiteke. Mundu zabaleko hainbat lekutan filmatzen aritu zarete. Irudien ikusgarritasuna dokumentalaren gakoetako bat dela esango zenuke?

Bai, hala esan daiteke. Leku zoragarrietan izan gara; Wyomingeko basamortuan, esaterako, AEBetan, baita Islandiako glaziaretan ere, eta irudi ikusgarriak hartu ditugu, betiere dokumentalean azaltzen diren zientzialarien teoriak lagundu aldera, logika batekin.

Testigantzak eta irudiak tartekatzen dira? Nola eraiki duzue dokumentala?

Zumaian hasten da, flysch-ean. Asier Hilariok ematen ditu haserako azalpenak, aurkezle lanak egiten maila batean; hots, bera da gidaria. Gero lurraren inguruko hainbat teoria garatuz doaz, klima aldaketa, dinosauroak galdu zireneko arrazoiak, eta abar. Edonola ere, ez dugu teoria horien ondorioei buruz hitz egiten, ez dugu inor ezertaz konbentzitu nahi.

Zuk euskaraz lan egin ohi duzu; zein hizkuntzatan ekoitzi duzue?

Jatorrizko hizkuntza euskara da. Nik euskaraz idatzi nituen lehen gidoiak, lehen oharrak. Gero ikusi genuen oso erraz genuela gaztelaniaz ere ekoiztea. Eta azkenik, ingelesera ere itzuli dugu, atzerrian erakutsi ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.