Egun hauetan Hierro uhartea alertan daukagu. Sumendia bizi-bizirik omen dagoela eta haserre samar datorrela. Erupzioen ondorio kaltegarrien beldur, herritik atera dituzte La Restingako biztanle guzti-guztiak. Badaezpada. Gaua herritik kanpo igaro behar izan ondoren, orduerdi eskas eman diote etxe bakoitzeko kide bakar bati, etxera joan eta beharrezkoa dutena jasotzeko. Eta buelta Jose Luis, Maria eta Miguel, herritik kanpora lotara, ezbeharraren aurre-iragarpenekin izututa, haluzinatuta. Eta nonbait arriskua gertu.
Normala da asteko albiste nabarmenen artean egotea, izugarria izan daiteke eta, baina… ez dakit… halako batean, zera, notizia katastrofe edo ezbehar naturalen inguruko film baten antzera bizitzen ari naizela konturatu naiz. Dante´s Peak eta halakoak datozkit burura. Izan ere, La Restingako pertsonaiak ezagutzen hasia naiz dagoeneko. Gaur bertan azaldu den bat herenegun beste kate batean ikusi nuen, «agian» etxea utzi beharko zutela esaten. Gaur, berriz, ez dakit ze katetakoek orduerdiko abentura horretan harrapatu dute, etxeko gauzak azkar hartu eta autora itzultzen. Ez al dirudi filmeko pertsonaiak aurkezten ari zaizkidala?
Haien nondik norakoak erakusteaz gain, itsasoan erupzioak erakutsi dizkigute, «lurretik gero eta gertuago» sumatzen ari direla esaten ziguten bitartean. Zera, etsaia pixkanaka hurbilduz doala! Zer, emozio gehiago emateko, ala?
Kate batzuen berriak azaltzeko moduaz ari naiz, ez berriaz beraz. Tira, agian nire irakurketa izango da, pelikulera naizela ez naizela…
Maratila
Ezbehar naturalak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu