Hedabide tradizionaletan lanean aritu ostean, kazetaritza kritikoa egiteari ekin zion 1990eko hamarkadan Pascual Serranok (Valentzia, Herrialde Katalanak, 1964). 1996. urtean www.rebelion.org gunea sortu zuen beste kazetari batzuekin batera. Komunikabideen informazio «modu ustelak» salatu ditu hainbat liburutan.
Traficantes de información liburuan salatzen duzun gauzetako bat da komunikabideek ez dutela informaziorik ematen haien jabeei buruz. Gardentasunik ez dago, ezta?
Aspaldiko joera bat da hori. Espainiako sistema mediatikoaren bokazioa ez da herritarrak informatzea. Ez dute nahi jabeen gainean informatu, horrek argitara eman dezakeelako erabiltzen dituzten bideak. Komunikabide batzuk neutro eta aseptiko gisa azaldu nahi dute euren burua. Herritarrek jakingo balute haien atzetik nor dauden, ildo editorialen kontu askotaz konturatuko lirateke.
Jabe gehienak botere eta diru asko duten gizonak dira. Kazetaritza gutxi inporta zaien enpresariak. Zer eragin du horrek hedabideetan?
Eragina handia da. Telebista bat ikusi, irrati bat entzun edo egunkari bat irakurri aurretik ona litzateke jakitea zein diren jabeak. Vocento taldea, adibidez, BBVA taldearen menpe dago, eta horrek edukietan eragin handia du.
Jabeetako batzuk haizeak nondik jo hara mugitzen dira, boterean dagoenaren arabera. Vocento eta Godoko arduradunak ongi konpondu ziren Francorekin, Felipe Gonzalezekin eta Jose Maria Aznarrekin.
Komunikazio talde batzuei Vito Corleoneren honako esaldia aplikatu behar zaie: «Ez ez da ideologia, soilik negozioak dira». Hori bai, negozioak ideologia baten esanetara daude. Diruaren ideologia neoliberala ezaugarri bat da. Langileen eta gizarte mugimenduen eskaeren inguruan posizio jakin bat dute, gainera.
Liburuan aipatzen duzu komunikazio talde horiek ehunka langile kaleratu dituztela.
Baten batek esan dezake krisi egoera batean eta galerak daudenean saihestezina dela langileak kaleratzea. Baina liburuan planteatzen dena da kaleratze batzuen motibazioek harremana dutela higiezinen espekulazioarekin. Goi kargudun batzuk sekulako dirutza ari dira irabazten langileak kaleratzen dituzten bitartean. Kaleratzeetan xehetasun oso miserableak daude.
Tele5k eta Cuatrok bat egitean zerk izan du lehentasuna Berlusconik hedabide gehiago kontrolatzeko nahiak ala Prisaren egoera ekonomikoak?
Bietatik egon da. El País Berlusconiren orgien argazkiak argitaratzen ari zenean, nik esan nuen mezuak bidaltzen ari zitzaizkiola Italiako lehen ministroari Prisa eros zezan. Oso adi nago orain ea El País-ek Berluconiren gainean zer informazio ematen duen. Merezi du jarraitzea Italiako politikari buruz El País-ek zer kronika egiten duen.
La Sextak eta Antena3ek ere bat egingo dutela iruditzen zaizu?
Litekeena da. La Sextaren publizitate enpresak Intereconomiako publizitatea kudeatu behar duela jakin dugu. Horrek erakusten du zer bikote motak osatzen dituen diruak. Ezberdintasun ideologikoak ez dira oztopo izaten akordio ekonomikoetarako.
Intereconomia aipatu duzula, eskuin muturreko tertulia ugari azaldu dira LTDarekin. Zer eragin izan dezake horrek iritzi publikoan?
Ez askorik. Txiringito fundamentalistak dira sektore batzuk haien planteamendutan sendotzeko. Gizartea eskuineratzearen arazoa, nire ustez, beste toki batean dago. Euren burua neutral edo aurrerakoitzat jotzen duten profesionalek eskuineko informazioa egiten dute, eta horiek modelo neoliberal baten apologia egiten dute. Hor dago gakoa.
Espainiako Estatuan adierazpen askatasuna eta prentsa askatasuna dagoenik esan al daiteke?
Ez, ez da existitzen. Niri informatzeko eskubidea eta informatua egoteko eskubideaz hitz egitea gustatzen zait. Eskubide horiek ez dira betetzen. Benetako informazioa jasotzeko eskubidea ez dago, eta ezin da inon aldarrikatu. Dozena erdi enpresen oligopolioak hipotekatuta gaitu.
Zer iritzi duzu Wikileaksen inguruan?
Afera konplexua da. Ez zait iruditzen informazioaren gardentasun osoa Assangek emango duenik. Wikileakseko arduradunek berezko planteamendua usteldu dute, soilik bost egunkariri dokumentuak eskainiz. Informazioak gardena eta publikoa izan behar luke herritar guztientzat. Bost egunkari horiek haien desenfokea eta zentsura ezartzen ari dira.
Pascual Serrano. Kazetaria
«Ezberdintasun ideologikoak ez dira oztopo akordioetarako»
Espainiako komunikazio talde handien azpialdean dagoena azaleratu du Serranok 'Traficantes de información' liburuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu