Listo. Bukatu da, oraingoz behintzat, Valentzia aldeko foiletoia. Bukatu da Francisco Camps eta Ricardo Costaren epaiketa. Amaiera ezin hobearekin, gainera; akusatuentzat, behinik behin: ez erruduntzat hartu dituzte, ezen ez errugabetzat. Besterik da justizia, demokrazia, nola geratuko diren epaiaren ondoren. Baina hitz potoloak dira horiek, justizia, demokrazia. Azken batean epaiketatxo bat baino ez zen, delitutxo bat epaitzen zuten, gauza handirik ez: oparitxo batzuk jaso zituztela, 12.000 euroko balioa zuten hainbat traje, agintari publiko zirela —Generalitateko presidente lehena, Valentziako PPko idazkari bestea—. Eta sekula egin ez den obra bategatik 15 milioi euro ordaintzeagatik ez dute epaitu Camps; ez epaituko, noski —Calatrava arkitektoarena zen obra, bidenabar, Bilbon, Ondarroan, zubi bana jarri zigun harena—. Urdangarini bi milioi emateagatik ere, ezer ez. Ez bakarrik asteazken gaueko sententziagatik, pozik beharko luke gizonak.
Baina iruditzen zait ez dagoela osotoro. Segur aski, halako lasaitu bat hartuko zuen epaia entzun eta berehala, zerura begira, begiarekin klisk, Jaungoiko jaunari egin zion keinuak erakusten digunez. Baina iruditzen zait benetako kaltea, ez kontrako epai ziztrin balizko batek, epaiketak berak eragin diola, epaiketak berak hartu duen traza mediatikoak. Gogoratu: den-dena ikusi dugu telebistaz, eta entzun ere bai—tartean auzo lotsa ematen duten maitasun deklarazioak, Gurtel auziko buruaren eta Campsen artean—. Eta, epaiak ez, baina mundu guztiaren aurrean hala agertzeak ekarriko dion kalte politikoan sinesten dut nik —nahiz agian bihar ministerio bat ematen dioten Madrildik; kapaz—. Beraz, ez da hain garrantzitsua Camps ez errugabetzat hartu izana, normala ere baden neurrian —zinpeko epaimahaia zela kontuan hartuta eta Valentziako errealitate soziopolitiko ezagututa—.
Horiek horrela, berri on bat, Valentzia aldeko foiletoia jarraitzen genuenontzat: bigarren partea hasiko da astelehenetik aurrera. LaSexta kateak, azkenik, Crematorio telesaileko lehen atala emango du prime time-an. Ziur naiz telesailekoak ere epaituko balitu Valentziako zinpeko epaimahai batek, ez erruduntzat joko lituzkeela, ezen ez errugabetzat. Guk epaituko dugu, ordea, ez hainbeste pertsonaia sorta, baina telesaila bera.
Komunikazioa. Ekografiak
Ezen ez errugabe
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu