Nicola Molinaro. Zientzialaria

«Ezin da garunaren mapa geografikorik egin»

BERRIA.
Inigo Astiz
2012ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Friulin jaio zen Nicola Molinaro (Codroipo, Italia, 1976), eta friuleraz baino ez zen aritzen, harik eta bost urterekin, eskolan, italiera ikasi zuen arte. Hizkuntza izan da gerora ere haren ikerketa gai nagusia, eta hizkuntzari buruzko ikerketetan dabil egun Donostiako Basque Center on Cognition, Brain and Language zentroan (BCBL). Hizkuntza poetikoa du ikergaia gaur egun. Garunak figura literarioak irakurtzeko erabiltzen dituen mekanismoak. «Gaitasun horrek egiten gaitu gizaki», dio.

Aurrez egina da lanik figura erretorikoekin.

Badago zerbait. Zentzu metaforikoa duten esaldiek eta zentzu metaforikorik ez dutenek eragiten duten jarduera alderatu izan da, adibidez. Ez dira oso azterketa xeheak izan, ordea. Guk, hitz bikoteak aztertu ditugu, eta horrek aukera eman digu erreakzioak oso hurbiletik ikertzeko. Beste lanek testu luzeagoak aztertu dituzte, eta erreakzio denbora luzeagoak.

Zergatik hautatu duzu oximorona ikerketa egiteko?

Gizakiarengan tipikoa den propietate bat ikertu nahi genuen: literatura. Saioa egina dugu, maiz, edertasuna lortu edo ikusten ez den zerbait deskribatzen saiatzeko. Metodo neurokognitiboen bidez saiatu gara errealitate konplexu hori ahalik eta era sinpleenean aztertzen. Figura erretoriko konkretu bat aztertu dugu horregatik, oximorona.

Hitz bikoteak erabili dituzue horretarako. Nola eratu dituzue?

Sorkuntza bat izan da. Munstro hitza gehienetan itsusi hitzarekin lotuta zegoela ikusi, eta horri buelta emanda sortu genuen oximorona: munstro ederra. Esamolde okerrak sortzeko, ordea, itsusi hitzaren intentsitateei kasu egin beharrean, bestelako dimentsio bat hartu dugu kontuan: munstro geografikoa. Kasu neutralak ere sortu ditugu. Oximoronak eta pleonasmoak soilik aktibatu du, ordea, garunaren ezkerreko bekokialdea. Garunaren alboetako guneetan ulertzen ditugu gauzak, baina lehen kolpe horretan ulertzen ez dugunean hasten da lanean bekokialdea.

Hor gertatzen da, beraz, poesia?

Gehiegizkoa liteke hori esatea. Konplexuagoa da prozesua. Esan daitekeena da bekokialde hori gizakiari propio zaizkion hamaika ekintzarekin dagoela lotuta.

Imajinazioaren gunea da, beraz.

Bai [dudaz]. Motibatu egiten ditu funtzio horiek, baina ezin da esan imajinazioa hor gertatzen denik. Garuna ez da bihotz baten, hanka baten edo beso baten modukoa. Ez du funtzio espezifikorik. Elektrizitate, ordenagailu edo metro sare baten modukoa da garuna. Estazio asko ditu, eta denak egon daitezke elkarri lotuta eta elkarrekin komunikatzen. Hala sortzen dira pentsamenduak ere.

Orain arteko azterketa sakondu nahian zabiltza orain, aurrez elektroenzefalogramarekin egindako azterketa erresonantzia magnetikoekin eginez. Zer ikusi nahi duzue?

Garunean sareak daudela da gure hipotesia. Eraikuntza horietariko batzuk aurkitu ditugu orain arte. Esanahia prozesatzerakoan aktibatzen dira haietariko batzuk, eta ulertzen zailago zaizkigun esamoldeekin beste batzuk. Hitz bikote neutro baten aurrean eta oximoron baten aurrean nola jokatzen duten aztertu nahi dugu. Ez dugu datu definitiborik oraindik, baina badugu jadanik oso informazio ederra. Bekokialdeko parteek ikaragarrizko eragina dute hitz bikoteak ulertzeko zer gune aktibatu definitzerakoan. Badira gune batzuk zentzu poetikoekin aktibatzen direnak, eta beste batzuk integraezinak zaizkigun bikoteekin aktibatzen direnak.

Garunaren mapa egiten laguntzea izan liteke ikerketa horien helburua, beraz?

Bai, neurri batean. Baina ez zait mapagintzaren ideia askorik gustatzen. Ezin da garunaren mapa geografikorik egin. Ikaragarria da garunean pilatuta daukagun informazio kopurua, baina ez dugu kontzeptu bakoitzeko neurona bat, ez eta funtzio kognitibo bakoitzarekin lotutako neurona multzorik ere. Nire ustez, garun osoan hedatuta dauden sareen bidez garatzen dira funtzio horiek. Funtzio bat baino gehiago dute neuronek, beraz; baina ulertu beharra dago sare horietako bakoitzak nola funtzionatzen duen kasu bakoitzean. Badago irakurketak aktibatzen duen sare bat, adibidez, garun osoan hedatuta dagoena. Orain, ulermena gertatzeko area horietako bakoitza besteekin nola erlazionatzen den aztertzen ari gara. Hori da asmoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.