Gernikako Urriko Lehen Asteleheneko feria berezia da inguruko baserritarrentzat. Asteleheneroko herriko plazako bueltatxoaz gain, dema dute Santa Anako aparkalekuan. Eguraldia lagun, jende ugari batu zen atzo Piriniotar Arrazaren Euskal Herriko 27. Lehiaketan.
Iaz bezala, aurten ere Jon Koldo Bikandi bizkaitarrak irabazi ditu lau sari nagusietatik hiru. Behi eta zezen txapeldunak eta ganadutegi onenaren saria eraman ditu Iurretako abeltzainak.
Antolatzaileen berbetan, piriniotar arrazaren «kalitateaz» eta «edertasunaz» gozatzeko urteroko saio garrantzitsua da .
27 ganadutegi, 117 abelburu
Euskal Herriko 117 abelburu egon dira 27. lehiaketan, eta 27 ganadutegik parte hartu dute. Ustiategi gehienak bizkaitarrak izan dira; hamasei, hain zuzen. Gipuzkoatik eta Nafarroatik bosna ganadutegi izan dira, eta Arabatik bakarra.
Jende gehiena ikustera hurbiltzen da, baina badago erostera doanik ere. «Hau marketina da; etxeko onenak ekartzen ditugu hona», dio Ion Iraolak.
Anaiarena da Gregorio Iraola ustiategia, eta lehiaketara aurkezten diren hirugarren urtea da aurtengoa. Oraingo honetan, lau sarirekin bueltatuko dira Arraitz-Orkinera (Nafarroa).
Rufino Jaiok ere hainbat sari irabazi ditu. Tartean, sari nagusietako bat: hazi jartzearen eme txapelduna.
Aurreneko urteetan sariak irabaztea zaila dela dio Jaiok, eta urtez urte egindako lanak fruituak ematen dituela nabarmendu du. Hark dioenez, «urteekin, egindako lanaren ondorioak ikusten dira». Hamalau urte daramatza Gernikara joaten. Badu, hortaz, zer esan eta zer irakatsi.
Emakumeek beti lan egin izan dute baserrian, alabaina, oro har, ferietan emakume abeltzain gutxi ikusten da.
Hala ere, egon badaude, eta horren adibidea da Leire Amundarain orozkoarra. Bosgarren urtea du aurtengoa: «2007an etorri nintzen lehenengoz». Baserrian jaioa eta hezia da Amundarain. Baina, duela urte batzuk arte ez zitzaion abeltzaintzan aritzea burutik pasatu ere egin. Lanik barik geratu zenean, ordea, ganadutegi batean lan egitea irtenbide egokia izan zitekeela bururatu zitzaion. Senarrak bazuen esperientzia, eta, orain, biek dute haien ganadutegiaren ardura. Gustura dabilela dio, eta jendeak haien abelburuekiko erakutsitako interesarekin pozik dago. Baserritarrek abelburuen inguruko galderak egiten dizkietela azaldu du. Haren berbetan, «batez ere, Nafarroan egiten dizkigute galdera asko; interes handiagoa erakusten dute normalean».
Itaunak egiten ibili ziren denak, ostera, ez ziren baserritarrak. Inguruko ikastetxeetatik joandako ume asko ere bazebilen atzo Santa Anako aparkalekuan hara eta hona. «Behiak ikustera gatoz», zioten denek. Batzuk, berriz, ikustearekin bakarrik konformatu ez, eta animaliak ukitu nahian zebiltzan, andereñoari baimena eskatzen. Gaztetxoak ere hurbildu ziren, tartean, zenbaitzuk gelan emandako galdetegia betetzen zeuden.
Piriniotar okela dastatzen
Halaber, piriniotar arrazako abelburuak ikusteaz aparte, euskal labeldun piriniotar okela dastatu zuten atzo Gernika-Lumon. Izan ere, produktua ongi ezagutzeko probatzea ezinbestekoa da. Horrez gain, sagardoa, txakolina, gazta, eztia... erosteko aukera egon zen.
Horien artean, 2012ko Euskal Pastelaren irabazlea zegoen. Aurtengo txapelduna Izarrako (Araba) Goiuri pastel denda d,a eta Iñaki Meabe hango arduradunak asko saldu dutela nabarmendu du. «Ez dakit, irabazleak izan garelako edo jendea erostera animatu delako, baina, iazkoarekin alderatuta, hiru aldiz gehiago saldu dugu».
Bestalde, lehiaketaz gain, ernari dauden 29 behiren enkantea egin zuten. Guztiek hasierako prezio bera zuten: 1.500 euro. Abelburu batzuk prezio horretan saldu zituzten; beste batzuk erosteko, aldiz, lehia egon zen, eta gehiago ordaindu behar izan zuten baserritarrek.
Beste urte batez, Gernikako Urriko Lehen Astelehena baserritarrentzat bilgune garrantzitsua izan da.
Bertan bildutako gehienak, eta milaka lagun gehiago, hiru aste barru berriz ere Gernika-Lumoko kaleetan elkartuko dira. Izan ere, orduan Urriko Azken Astelehena izango da.
Ezin huts egin Gernikako lehia
Piriniotar Arrazaren Euskal Herriko 27. lehiaketan lau sarietatik hiru Jon Koldo Bikandi abeltzainak irabazi ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu