Arma ola haitzarte baten erdian kokatua dago, Mendilatz eta Arlekia mendien artean hain zuzen ere. Uraren indarraz baliatzeko, Legarza errekaren ondoan eraiki zuten lehenik burdinola, eta gero, arma ola. Bi eraikinek uraren indarra behar zuten tresneri astuna martxan jartzeko, eta toki horretan, justu, Legarza errekak Txangoa eta Itolatz baserreken urak jasotzen dituenez, ur korrontea hazi egiten da. Gaur egun ere, tokiko uraren oparotasunaz baliatzen da gizakia, eta horren adibideada 1922an eraikitako Irabiako urtegia, Orbaitzetako arma olatik kilometro gutxira dagoena.
Ur indarraz gain, arma ola martxan jartzeko erregaia behar zen, eta horrek inguruko Iratiko Oihanak eskaintzen zuen. Arma olaren inguruan 17.000 hektareako basoa dago, eta hortik lortzen zituzten labeak piztuta mantentzeko egur kopuru handiak. Hedaduraz, Alemaniako Oihan Beltza eta gero, Iratikoa bigarrena da Europan. Iratiko Oihanak bertze baliabide bat eskaintzen zuen, gainera: metalen aberastasuna. Eremuan, askotariko metal meategiak zeuden, besteak beste, burdin, zilar eta meategiak. Inguruan metalik ez bazegoen, naturak eskaintzen zituen aipatutako bertze bi baliabideak alferrik zeuden burdinola edo arma ola bertan egiteko. Garai haietan, oso zaila eta garestia egiten baitzen metalen garraioa. Baina, Orbaizetan ez zen hori gertatu.
BURDINOLATIK ARMA OLARA. XVIII. mendean, Espainiako armadak Eugin (Nafarroa) bazuen bertze arma ola bat. Eugiko arma ola XVI. mendetik zegoen martxan, baina XVIII. mendean inguruko burdin meategiak agortzeko zorian zituen. Arrazoi horrengatik, Espainiako armadak bertze toki batean arma ola berri bat eraikitzea erabaki zuen. Eta lehenago errandako hiru faktore horiengatik aukeratutako tokia Orbaizetako burdinola zaharra izan zen.Burdinola Aezkoako Batzarrak ustiatzen zuen. Espainiako armadak amarru, mehatxu eta presioen bitartez, burdinola eta inguruko mendiak bere eskuetan jartzea lortu zuen. Berrehun urte pasa behar izan ziren Aezkoako herritarren eskuetan berriz jartzeko arma ola eta inguruko mendi eta baso lurrak. 1982. urtean gertatu zen hori.
Lehenago erran bezala, arma ola 1784an martxan jarri zuten, eta Real Fábrica de Armas de Orbaiceta izena jarri zioten. Espainiako armadako artilleriako militarrek diseinatu eta garatu zuten lantegia. Bertan, urtutako burdinazko bonbak, granadak eta hainbat motatako munizioa egiten zituzten. XIX. mendearen erdialdean, 40 lagun inguruk lan egiten zuten olagizon moduan, eta horietatik aparte, egurra eta minerala produzitzeko langile asko zituen arma olak.
Historialari askoren hitzetan, arma olaren arkitekturan aldaketak eman ziren aurreko burdinolekin alderatuta, eta eraikinak industria arkitektura modernoaren ezaugarriak zituen. Bertan, adibidez, lan egiteko eta bizitzeko esparruak ezberdindu zituzten, eta gaur egun, oraindik zutik dauden inguruko etxe batzuk garai hartan eraikitako langileenak ziren.
Lantegiak mende bateko bizia izan zuen gutxi gorabehera, baina gerren eta ezbeharren ondorioz, hainbat alditan deuseztatu eta berriz zabaldu zuten. Konbentzio gerran Frantziako armadak erre egin zuen 1794an. Ondoren, Napoleonen armadak apurtu zuen Independentzia gerran (1808). Zumalakarregi karlistaren gudarosteak ere 1834an erre egin zuen, eta 1869an eta 1871ean, bi sute pairatu zituen. Hainbat aldiz berreraiki ostean, arma ola zaharkitua gelditu zen labe garaien industria modernoaren aurrean.
Bertan behera utzi ostean, arma ola eta inguruko etxeak partikularrei saldu zizkien armadak. Eraikin nagusia denboraren eta naturaren poderioz, birrinduz joan zen gaur egun duen hondakin itxura hartu arte. Inguruko etxeak, bertzalde, norbanakoen mantentze lanei esker gaur eguneraino gorde dira.
Arma olaren zati gehiena hautsita dago, eta landarediak hainbat zati hartu ditu. Hobekien mantendutakoak, esaterako, Legarza erreka ubideratzeko egindako zubiak eta paretak dira. Hala eta guztiz ere, hondakinek xarma berezia daukate, eta zer pentsa eragiten diote bisitariari.
orbaizetako gida
Nola heldu. Iruñetik 59 km eskasera, iristeko bi bide daude: Zubiritik (N-135), edo Agoitzetik (NA-150 eta NA-2040).Bi bideek NA-140 errepidera eramaten dute. Segidan, Aribera heldu, eta hemendik Orbaizetara. Ondoren, Orbaizeta zeharkatu behar da, eta bide horri segituta, bi bide hartzeko aukera ematen du: eskuinekoak Irabiako urtegira eta ezkerrekoak arma olara.
Jateko. Pardix Taberna Erretegia (Orbaizeta). Tel.: 948 766 001. Jakue Taberna Jatetxea (Orbaizeta). Tel.: 948 766 094.
Lo egiteko. Azpiltz landa etxea (Orbaizeta). Tel.:948 766 088. Mendikoetxea landa etxea (Orbaizeta). Tel.: 948 766 050. Mendilatz Aterpea (Orbaizeta). Tel.: 948 766 088.
Bertako produktuak erosteko. Elizondoa autozerbitzua, Irati Magikoa denda, Comde gaztategia eta Lorentxoina gaztategia Orbaitzetan.
Aisialdirako jarduera enpresak. OBE zaldiak. 948 766 072. Mirua mendi ibilaldiak eta gidak. Tel.: 948 464 831.
Informazioa eskatzeko. Orbaizetako Udala. Tel.: 948 766 040. Orreagako Turismo Bulegoa. Tel.: 948 760 301.
Urkuluko dorre erromatarra
Orbaitzetako arma olatik gertu, Urkuluko mendian (1.415m), dorre biribil erromatar baten arrastoak daude. Duela bi mila urte, Bordele -Astorga galtzada erromatarra garrantzitsua bertatik pasatzen zen, eta penintsula eta kontinentea lotzeko bide estrategiko hori babesteko eremuko kasko garrantzitsuenean, Urkulun, dorrea eraiki zuten erromatarrek. Urkulura joateko Orbaitzetako arma olatik hartu behar da Azpegiko mendi errepidea, eta bertatik, bi orduko ibilbidea dago mendi gailurreraino.