Afizioa eta ofizioa uztartu ditu azken urteetan Dabid Gambusek (Gasteiz, 1984). Heziketa fisikoko ikasketak Lleidan (Herrialde Katalanak) bukatu zituen, eta bertan bizi da azken bost urteetan, Kataluniako Mendi Federazioaren kirol eskalada sailaren teknifikazio gunea zuzentzen. «Luxua da, izugarri gustatzen zait egiten dudana». Esclatamasters bidea du 9a mailako lehenengoa.
Urtarrilaren 21a. Perlesen zaude. Sokari lotu zara. Esclatamasters bidea duzu aurrez aurre.
Ez nuela kateatuko uste nuen. Ostirala zen, eta asteartean nahiz asteazkenean Kara eta biok bidea probatzen izan ginen —Gorka Karapetori deitzeko modua dute Kara—. Ostegunean atseden hartzeko asmoa genuen, baina inguruko kobazulo batera joan nintzen bide bat ekipatzera. Egiari zor, nekatuta nengoen, eta Kara aseguratzera joan nintzen, batez ere, jakin banekielako hark kateatzeko modua zuela. Saiatu zen, eta erraz zihoan gora, baina ez zuen kateatu. Presiorik gabe ekin nion bideari, eta presiorik gabe aritze hori lagungarria izan nuen.
Zer sentitu zenuen azken mugimendua egin eta bidea kateatzerakoan?
Sekulako poza. Katera iritsi nintzenean oihuka hasi ginen Kara eta biok, zoratu beharrean. Jaitsi nintzenean elkar besarkatu eta 'orain hire txanda duk' esan nion. Kezka apur bat bazuen, baina saiatuko zela esan, eta, bigarrenean bai, goraino igo zen.
9a mailako lehenengo bidea duzu. Aspaldiko helburua zenuen edo ezustean iritsi zaizu?
Aspaldian nuen 9a bat probatzeko gogoa eta, zergatik ez, zailtasun horretako bide bat eskalatzekoa. Baina nahikoa oharkabean iritsi zait Esclatamasters. Beste batzuetan bide bat begiz jo, eta hori eskalatzera bideratu izan dut nire jarduna; oraingoan, aldiz, ez dut bereziki prestatu, eta ezustean iritsi da.
Nolako bidea da? Zer ezaugarri ditu?
Bide luzea da, 40 bat metrokoa. Altueran txikiak gara Gorka eta biok, eta gure ezagugarrietara ongi egokitzen da. Niretzat 9a egokia izan da: erresistentziazko bidea da, mugimendu luzerik ez duena, eta lehen zati etzan baten ondoren, eskalada teknikoagoa eskatzen duena. Kontua da baldintza zehatzak behar direla eskalatzeko. Goiko zatiak helduleku txikiak ditu, eta neguan tenperatura egokia izaten bada ere, bidea busti egiten da. Udan, aldiz, bero handiegia egiten du. Karak eta biok zortea izan genuen, bi egun lehenago eskalatzen izan ginenean bustia zegoelako, eta ostiral hartan, aldiz, lehorra.
Saiakera asko egin al dituzu?
Gabonen aurretik hiru egunetan joan nintzen bidea probatzera, eta jaien ondoren beste bost egunetan. Hilabeteren bueltan zortzi sartu-irten egin ditut Perlesen.
Aurrera begira motibaziorako pizgarria izango duzu kateatzea, ezta?
Kirol ikuspegitik jauzi garrantzitsua da 9. mailarako urratsa. Aurrera begira jarrita eskalatzea eta ekipatzea uztartu asmo ditut. Perlesetik gertu dagoen Roca Gine kobazuloa dut begiz joa. Inguru bakartia da, errepiderik ez dago hara iristeko. Kobak 70 bat metro ditu, eta bide bat ireki nuen han; orain probatzen ari naiz, eta ea hara joaten naizen eskalatzera.
Karak eta biok egun berean kateatu zenuten. Bereziagoa egin al zuen horrek eskalada?
Zalantzarik gabe. Lagunak gara eta eskalatzen ederki moldatzen gara. Euskal Herrian maiz eskalatzen genuen elkarrekin: Oñatin, Baltzolan… Bost urte pasatu eta Katalunian Kararekin eskaladei berrekitea berezia izan da.
Dabid Gambus. Eskalatzailea
«Ezustean egin dut jauzia»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu