Gregorio Lopez Sanz. Irakaslea eta Attaceko kidea

«Familia ugari gehiegi zorpetzen dira zoriontasun gutxi dakarten erosketekin »

Pobrezia Zero Astea ekimenaren barruan, hitzaldia emango du gaur Lopezek Arrasateko Kultur Aten. Egungo krisi egoeran bizitza ulertzeko modu berriak zabaltzea ezinbestekoa dela azalduko du.

BERRIA.
Donostia
2011ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Aldaketa globala eskatuz kalera atera dira egunotan mundu osoko milaka lagun. Gudu-zelai horretan jokoan da oraingo egitura ekonomikoaren geroa. Pobrezia Zero eta Baketik erakundeek hainbat ekintza antolatu dituzte, Pobrezia Zero Astea ekimenaren barnean, sistema kapitalistak sortutako desberdintasun sozialak salatzeko. Horien artean, Gregorio Lopez Sanz (Albacete, Espainia, 1968) Gaztela-Mantxako Unibertsitateko irakasle eta Attaceko kidearen hitzaldia (Finantza Transakzioak Zergapetzearen eta Herritarrei Laguntzearen aldeko Elkartea).

Nolakoa da gaur eguneko pobreziaren argazkia?

Gaur eguneko pobrezia bi dimentsiokoa da: bata hurbilekoa, herrialde aberatsetakoa, eta bestea, urruti sentitzen duguna, garatu gabeko herrialdeetakoa. Baina, zoritxarrez, biek egin dute gora azken urteotako krisiaren eraginez. Botere ekonomikoen nahiei men eginez agintari politikoak ez dira gai izan herritarron eskubide sozialak babesteko, gehiegizko zorretan murgildu dira. Gainera, ateak irekita uzten dizkiote espekulazioari. Hartutako neurriek merkatu ekonomikoak lasaitzea zuten helburu, ez ongizate eta berdintasun soziala bermatzea.Horregatik, oinarrizko beharrak, etxebizitza adibidez, arriskuan daude.

Egungo sistemak onura pribatuakerabilera publikoaren aurretik jarri ditu, zein da eskubide sozialak bermatzeko estrategia?

Hasteko oinarrizkoa da barneratzea ezin garela krisi honetatik atera gizarteko alderdi ahulenak gehiago zapaltzearen kontura. Mugarik gabeko kontsumismoak luzera dakartzan ondorio suntsigarriez ohartzea ezinbestekoa da. Autokritikoak izan behar dugu. Hazkunde ekonomikoa izan dugun garaietan ez gara ohartu desberdintasun soziala areagotuz zihoala. Orain arte pastela handituz joan da, bai, baina esku gutxi batzuetan. Halako sistemak ez zuen sostengurik. Bizitza ulertzeko modu berriak behar ditugu. Gutxiagorekin hobeto bizi gaitezkeela ulertu behar dugu. Eta jarrera hau hartzea ez da aukerazkoa, derrigorrezkoa baizik. Familia ugari gehiegi zorpetzen dira zoriontasun gutxi dakarten erosketekin. Ohartu behar gara dirutan ordaintzen ez diren gauza askok irribarre gehiago ekarriko dizkigutela. Merkatu ero honetatik aldentzeko ekimenak bultzatu behar dira.

Zerga babeslekuen auziak ere hor jarraitzen du. Attacek salatu du gobernuaren neurriak zergen amnistia direla.

Espainiako legeriak bideak irekitzen dizkio espekulazioari, hau da, zergak saihestea oso erraza da finantzen mugimendu askearen ondorioz. Hala, errenta altua duten biztanleek ez dute behar adinako gastu publikorik egiten erdi mailako edo errenta apaleko biztanleekin alderatuz. Saia gaitezen Ogasun Publikoari ekarpenik egiten ez dioten horiek geldiarazten; sistemak osterantz ez baitu inolako egonkortasunik. Errenten gaineko tasak erregulatu egin behar dira berdintasun sozialik nahi bada.

Zein funtzio du finantza transakzioak zergapetzeak?

Dibisen transakzioa zergapetzea nahitaezkoa da. Nazioartean mugimenduan dabilen kapitalaren %90ek espekulazioa du helburu. Hori, nolabait, geldiarazi beharra dago. Zergapetzeak altua izan behar du mugimendu horiek eragozteko; bestela, bere horretan jarraituko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.