Nire lagun Felixek oso kezkatuta hots egin zidan joan den ostegunean. «Irakurri diat gaurko hire Maratila, eta gauza bakarra zaukaat esateko: motel, hi ez hago batere sano, gero eta pitzatuagoa duk kaskoa!». Zer gerta ere, egongelako sofan eseri nintzen. Felixek jipoitu behar baninduen, aukeran hobe eserita egotea ezen ez zutik.
«Baina nola bururatzen zaik Julian Assange ezagutzen duala lau haizetara esatea? Wikileaks oso gauza potoloa duk, potoloegia hiretzat eta niretzat. Ez al haiz konturatzen, Xabi? Morroi horrek heriotza-mehatxuak jaso ditik, denek garbitu nahi ditek, CIAk, FBIk, CESIDek, baita Sursuncordak berak ere, eta hi kontua txantxetakoa balitz bezala, bere laguna haizela, berarekin egon hintzela Parisen... Burutik hago gero!
Ataka zailean nengoen, baiki. Nola azaldu Felixi, era labur, zehatz eta samurrean, kazeta batean idatziagatik ez naizela kazetaria, idazlea naizela eta istorioak asmatzen ditudala, errealitatea moldatu ohi dudala unean uneko apeten arabera, eta testuinguru horretan kokatu behar zuela joan den astekoa. Gezurra zela, hitz batean.
Ez zen erraza, ez, baina saiatu behar nuen.
Haatik, azaltzen hasi behar nuen unean, zarata susmagarri batzuk entzun nituen telefonoan. Jarraian, klik bat entzun nuen eta handik gutxira hitz batzuk ingelesez.
Durduzaturik, neure buruari galdetu nion ea noiztik zekien Felixek ingelesez.
Azkar, Xabi, eskegi telefonoa! -egin zidan oihu.
Maratila
Felixen deia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu