Festa eguna egingo dute Iruñeko peñetako gazteek

Egungo sanferminen eredua «komertziala» dela salatu dute, eta festen herri izaera berreskuratu nahi dute

Joseba Jimenez eta  Ana Diaz Gazte eguneko aurkezpenean. I.  URIZ/ AG PRESS.
Inigo Astiz
Iruñea
2012ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Sanferminak «komertzializatu» egin direla, herri izaera galdu dutela, eta Iruñeko Udalak festen «irudi irreal bat» saldu nahi duela. Kritika hori egin diote Iruñeko Peñetako kide gazteek egungo sanferminen ereduari. Elkartzea eta ekitea erabaki dute, horregatik, eta Irugazpe kolektiboa sortu dute. Lau helburu dituzte: peñetako gazteak aktibatzea, elkarte horien barruko belaunaldi aldaketa bultzatzea, peñen benetako izaera berreskuratzea eta Iruñerriko beste kolektiboekiko elkartasuna lantzea. Eta jai nola egin jai eginez erakusten denez, Gazte Eguna izeneko egun beteko festa antolatu dute apirilaren 14an.

Sorginez eta pailazoz jantzita egin zuten atzo aurkezpena Ana Diaz eta Joseba Jimenez Irrintzi eta Anaitasuna peñetako gazteek. Umorea baliatu zuten Udalak peñekiko duen jarrera kritikatzeko. Irugazpe kolektiboko kideen ustez, «ekimen sinbolikoa» bainoez da egun hiriko festak antolatzeko sortutako Sanferminetako Mahaia. «Zirku bat da». Programa ofiziala mahaira heltzerako adostuta dago, haien ustez, eta «itxura» egiteko baino ez dira biltzen Iruñeko kolektiboekin. Mugitzeko beharra azpimarratu zuten gazteek, eta horregatik festa egunarena.

Goizean hasiko dira ekitaldiak, auzoetan. Hamarretakoak izango dira Donibanen, Txantrean eta Alde Zaharrean. Haurrentzako jolasak izango dira, kalejirak, bazkaria, baita kontzertuak eta gaupasa ere, gauean, Alegria peñan. Marianitoz Blai, Garraxi, Skalofrio eta Akatu taldeak arituko dira taula gainean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.