Bizikletan ibiltzeko edo errepide bazterretik txirrindulariei animoak emateko dagoen zaletasuna handia da Euskal Herrian. Igande goiza bizikleta gainean igarotzeko joerak gora egin du azken urteetan, eta zikloturista elkarteek ere gero eta irteera gehiago antolatzen dituzte. Hori ikusita, txirrindua hartu eta Zuberoa zeharkatzeko proposamena egin dute biharko ESAIT Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldeak eta Sport Athletique Mauleonais Mauleko txirrindulari elkarteak.
«Festa eta aldarrikapena uztartuz, Euskal Herriko Zikloturisten Eguna antolatzea da helburua», Martxel Toledo ESAITeko koordinatzaileak azaldu duenez. Maule hautatu dute ekintzen agertoki: «ESAITen ekimen guztiek izaera nazionala, Euskal Herrikoa, izaten dute, eta horregatik aukeratu da Maule. Zikloturistek eta elkarteek urtero antolatzen dituzte horrelako irteerak, baina Euskal Herri izaera duenik ez da egin orain arte». Bihar egongo da horretarako aukera Iratiko lehen tourrean.
Antolatzaileen aurreikuspen guztiak ostegunerako konplituta zeuden, espero baino jende eta zale gehiago animatu baita. «Ostegunean ia 200 pertsonek emanda zuten izena. Hasieran 300 parte-hartzaile egotea zen helburua, baina uste dugu bihar 400 bat izango direla; beraz, lehen balorazioa oso positiboa da».
Gustuaren araberakoak
Maulen hasi eta amaituko diren bi ibilbide antolatu dituzte. «64 eta 126 kilometro izango dituzte, jendeak bietako nahi duena egin dezan. Laburra Donapaleu, Larzabale eta Oxkaxeko gainetik igaroko da, eta luzea Atharratze, Larraine, Bagargi, Larzabale eta Oxkaxeko gainetik. Paraje ederrez gozatuz, bizikletan trafiko handirik gabeko bideetatik lasai ibiltzeko aukera egongo da».
Antolatzaileen helburua, ezagutzen den zikloturismoa baztertu gabe, beste zikloturismo mota bat egitea den arren, nahi duenak indarrak neurtzeko aukera izango du. «Ibilbide luzean, kronometratutako zortzi kilometro lehiarako izango dira ; baina, gainontzean, bi ibilbideak neutralizatuak izango dira».
Italiako Giroan eta zikloturista italiarrek erabiltzen duten eredua hartuz, txip bat banatuko zaie parte-hartzaile guztiei dortsalarekin batera, lehiatu nahi dutenen denbora zehatz neurtzeko. «Kronometroarekin nahikoa arazo izaten dira, eta, dagoeneko, antzeko ia proba guztietan sistema hau erabiltzen da».
Azpiegiturak
Euskal Herri mailako lehen zikloturista itzuliaren aurrean urduri daude antolatzaileak, egindako lanaren emaitzak bihar jasoko baitituzte. «Dena kontrolatuta izatea zaila da, gauza asko hartu behar baitira kontuan». Hala ere, azpiegitura eta antolakuntza aldetik egindako lan ona azpimarratu du Toledok. «Jan-edanaren horniketarako bi gune egongo dira, osasun laguntza eta laguntza mekanikoa, erantzun zibileko asegurua eta ez federatuentzako asegurua, erratz autoa, aldagelak eta aparkalekua».
Asteburu pasa joateko aukera ere izango da. Errugbi zelaiak kanpin itxura hartuko du, eta Jai-Alai pilotalekua karabanek okupatuko dute. Nahikoa izerditu ondoren indarrak berreskuratzeko bazkaria prestatu dute ESAITek eta SAMek.
Omenaldiak eta festa
Eskatu zaien ekintzetan parte hartuz eta idatziak sinatuz, Euskal Selekzioaren alde egindako lana gogora ekartzeko Josune Gorostidi eta Unai Etxeberria txirrindulari ohiak omenduko dituzte.
«Josune Gorostidi aitzindaria izan da emakumezkoen txirrindularitzan. Kirol honetan hasi zen lehen emakumeetakoa da, emakumeen bira ere irabazi du eta ESAITen sorreran ere gurekin izan genuen. Unai Etxeberriak ere, Caracasen jaio arren (Argentina), beti egin du bat gure aldarrikapenekin. Horregatik, aukera paregabea iruditu zaigu hau beraien lana aitortzeko».
Gorostidi eta Etxeberria Maulen izango dira biharko antolatu duten festan. Proba amaitu ondoren egingo diete omenaldia, eta bazkariarekin batera jarraituko du festak.
Festa eta aldarrikapena bizikletan
Euskal Selekzioaren alde Iratiko Tourra antolatu dute biharko ESAITek eta Mauleko txirrindulari elkarteak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu