San Prudentzio eguneko jendearen joan-etorria baliatu du Bizitza Berria elkarteak dirua biltzeko. Elkarte horrek etxerik gabekoei gizarteratzen laguntzen die. Gasteizko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuen murrizketek bete-betean eragin diete, eta egoera zailari aurre egiteko, euro baten truke txoripintxo solidarioa saldu duteArmentiako zelaietan. Guztira, lau mila mokadu prestatu dituzte, eta goiz osoa eman dute horiek saltzen. Bildutako diru guztia elkartearentzat izango dela azaldu du Eugenia Garcia arduradunak.
Zer dela-eta jarri dituzue pintxoak salgai?
Murrizketak kalte handia egiten ari dira elkartean. Behar asko ditugu, are gehiago orain, diru laguntzen murrizketen eraginez. Jende baztertu ugari dago gure herrialdean, ez soilik drogarekin edo alkoholarekin arazoak dituztena, baizik eta janaria erosi edota hipoteka ordaindu ezinik daudenak. Azkenaldian krisiak eraginda herritar asko etortzen zaigu ate joka elkartera, eta horiei denei laguntza eman nahi diegu.
Pintxo bakoitzaren truke euro bat eta borondatea emateko eskatzen diezue bertaratzen direnei. Nolakoa izaten ari da erantzuna?
Ekinbide honetan parte hartu duen jendearen inplikazioa izugarria izan da, bai programa batean dauden kideen aldetik, baita boluntarioen aldetik ere. Hamasei lagun etorri gara gaur lanera. Gainera, okindegi baten laguntza izan dugu pintxoak prestatzeko. Jendearen harrera ere ona izan da. Gure asmoa da ahalik eta diru gehien biltzea elkarterako. Euro bat ez da ezer. Herritar bakoitzak euro bat jartzen badu, gauza asko egin ditzakegu. Lau mila pintxorekin lau mila euro lortzen baditugu, primeran.
Mokaduak saltzearekin batera, kontzientziazio lana egitea da zuen asmoa.
Bai, pintxoak saltzearekin batera, Bizitza Berria elkarteari buruzko informazioa ematen diogu jendeari. Elkarteak etxerik gabekoak gizarteratzen laguntzeko martxan dituen programak azaltzeko aukera ematen digu ekinbide honek. Gauza biak uztartzeko modu bat da.
San Prudentzio eguna beste modu batez bizitzen ari zarete gaur. Nolakoa izaten ari da esperientzia?
Uste dut festa eguna beste modu batean bizitzea badagoela. Gaur hemen boluntario modura gaudenok ilusioz ari gara lan egiten. Arabar guztiak arazo hauekin inplikatzea nahi dugu, gaur egun konpromisoa izatea ere garrantzitsua baita. Garai larriak dira, eta garrantzitsua da denok konpromisoa hartzea. Festa giroan ere premia gehien dituztenak gogoan izan behar dira.
Eugenia Garcia. Bizitza Berria elkarteko kidea
«Festa giroan ere konpromisoa hartu behar dugu»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu