Jaiak. Altsasu

Festa giroko zalaparta alaia

Jaietako egun handia dute gaur Altsasun; Gazte Eguna ere ospatuko dute hainbat ekitaldirekin

Hodei Mazkiaran txirrindulariak suziria bota eta gero hasi zituzten atzo jaiak Altsasun. LANDER F. ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
2012ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Festak hasi berri direla. Hori adierazten zuen atzo Altsasun (Nafarroa) Udaletxe plazan entzun zitekeen zalapartak. Hodei Mazkiaran txirrindulariak bota zuen txupinazoa, baina suziriaren leherketa ez zen izan jaien hasieraren berri eman zuen zarata bakarra. Bazen non hautatua. Ezkilak ere jo zituzten, eta burrunba ere egin zuten eskura zituzten tresnekin. Festetako lehen eguna zen, eta agerikoa zen jendearen indarra. Beste lau egun izango dituzte orain egin nahi dituzten guztiak egiteko. Gaur bertan, egun handia dute.

Meza izango dute 11:00etan Otadiako Santokristo baselizan. Festetako egun garrantzitsuenetariko bat da fededunentzat. Gazte eguna ere bada, ordea, eta izango da parrandarako aukerarik. Txikientzako parkea izango da 11:30etik aurrera, eta hamaiketakoa ere egingo dute 11:45ean. Eguerdian azken ezkila jotzea izango da eta zortzikoa ondoren. Bazkalondoan hasiko da martxa askorentzat, peñen kafe eta kalejirarekin. 16:30ean izango da hori,eta 20:00etara arte arituko dira gora eta behera, 20:15ean jaitsiera hasiko duten arte. Kirolak ere izango du tarterik arratsaldean, pilota jaialdia izango baita 18:00etan.

Iluntzean, zezensuzkoa aterako dute eta gazte afaria egingo dute gero gaztetxean. Baina ez dute gaua eserita emango altsasuarrek, eta kalejira izango da afalostean. Mozkorgoneta izendatu dutenarekin egingo dute kaleetan ibilaldia gazteek. Eta hala helduko dira Foruen Plazara, gauerdian hasiko diren kontzertutarako. Raperos de Emaus eta Hesian taldeak arituko dira taula gainean 03:00etara arte.

Biharkoa ez da izango egun txikia ere. Plazan egingo den herri bazkaria izango da aurtengo festetako berrikuntzetariko bat, eta baita eguneko egitarauko ekitaldi nagusietariko bat ere. Orain arte ere egin dituzte halakoak antolatzeko ahaleginak altsasuarrek, baina ez omen dute espero besteko arrakastarik izan. Aurtengoa berezia izango da horregatik. Herria bilduko dute mahaiaren bueltan, eta ekitaldi horren garrantzia nabarmendu dute horregatik festa antolatzen aritu diren udaleko kideek eta herritarrek. Herriko hamaika elkarte, peña eta herritar talde izango dira elkarrekin. Herri oso bat, festan.

'Guaixe' eta Beleixe gogoan

Herriko bandak kontzertua emango du bazkalondoan, eta ikuskizun ederra antolatuko dute. Herritar bat baino gehiago igoko dute taula gainera haiekin abestera, eta bertaratzen direnek izango dute parrandarako eta umorera jotzeko nahikoa aitzakia. Guaixe eta Beleixe euskarazko hedabideak laguntzeko bideratuko dute, gainera, bazkarian lortutako diruaren zati bat. Izan ere, presente izango dira estutasunetan diren euskarazko bi hedabideak festetan. Asto kaka izeneko lehiaketa ere antolatu dute horregatik Bierrik fundazioko kideek, irratiaren eta aldizkariarentzako dirua bildu ahal izateko. Bazkalondoan izango da, 18:30ean, kuadrillen lehiaketaren ondoren.

Sinplea da zozketaren funtzionamendua. Hainbat sailetan banatuko dute Baratzakobideko enparantza horretarako, eta sail bakoitzeko zenbakiak salduko dituzte gero. Asto batek erabakiko du irabazlea. Abereak kaka noiz eta zer sailetan egin begira egongo dira herritarrak. Eta, noski, saria jasoko du sail horri dagokion zenbakia duen pertsonak.

Beste festa egunetan ere ez da egitekorik falta. 11:30ean egingo dute hamaiketakoa etzi, eta Kresala taldearen musikak alaituko ditu bazterrak 13:00etan. Pilota partidak izango dira arratsaldean, eta kantaldia afalostean. Astelehenean nagusien eguna izango da eta haien omenezko bazkaria egingo dute Burunda frontoian. Playback txapelketa izango da 17:30ean Foruen Plazan, eta gauerdian emango zaie festei agurra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.