Jaiak. Agoitz

Festa non, zangoa han

Txupinazoarekin atzo hasi ziren Agoizko sanmigelak; asteazkenera arte iraungo dute jaiek

Agoizko txupinazoa. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
K Saioa Alkaiza(h)
2012ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Hasi dira Agoizko (Nafarroa) sanmigelak. Atzo eguerdian bota zuten txupina Abesbatza Txikiko kideek eta futbol taldeko ordezkariek, eta suziria zeruan lehertzearekin bat hasi ziren festak. Asteazkenera arte dantza, musika, jana eta edana franko dute agoiztarrek. Festetarako baliatzeko aurrekontua murriztu badute ere, helduen, haurren, eta gazteen gustuko ikuskizunak antolatu dituzte.

Dianek esnatuko dute gaur herria. Agoizko dultzaina jotzaileeketa Angiluerrekako txistulariek kalejira egingo dute, 09:00etan. Gero, Agoizko dantzariek dantzaldia eskainiko dute, eta ardoa eta txorizoa banatuko dituzte bildutakoen artean. Arratsaldean,erremonte eskolak erakustaldia egingo du frontoian, eta eskuz binakako pilota partida jokatuko dute Mikel Goñik eta Eulatek Eugiren eta Lasa III.aren kontra. Eguna dantza egiten bukatu nahi duenarentzat DVD orkestraren emanaldia da aukera, Nafarroa Behereko plazan.

Biharkoa haurren eguna izango da. Ekitaldirik ez da faltako. Puzgarriak jarriko dituzte eskolan, eta, horretaz gain, sormen tailerrak eskainiko dituzte. Mozorro lehiaketa, jolasak, tailerrak...eta, eguna bukatzeko, zezensuzkoa aterako da haurrek korrika egin dezaten, 22:15ean.

Gazte eguna, asteartean

Hazitakoan, nerabe izaten dira haurrak; eta gero ,gazte. Horregatik, haurren egunaren ostean,gazteen eguna ospatuko dute, asteartean. Goizetik hasita, dozenaka jarduera antolatu dituzte gazteek. Trikitiaz lagundutako poteoa egingo dute, 13:30ean. Edan eta gero jateko ordua heltzen da, eta, gazte egunean ere, ohiturari jarraituz, bazkaria prestatu dute, 15:00etan.

Gazteek ere jolastea dute gustuko, eta bazkalostean apar festa eta gizakien egindako mahai futbola izango dituzte, besteak beste. Egunari jarraipena emateko, koktel txapelketa antolatu dute herriko tabernariekin elkarlanean; 18:00etan dastatuko dituzte edariak. Afaltzeko, ogitartekoak jango dituzte gazteek Angiluerreka elkartean, eta, han jarraituko dute parrandan, Trikiteens taldearekin. Eguna, baina, ez da soilik gazteena. Eta, horregatik, asteartean bada ume eta helduentzako saiorik ere. Adibidez, Txu-txu trena antolatu dute herria ezagutzeko, eta dantzaldia dago 21:00etan Varadero orkestrarekin.

Adinekoek ere badute haien eguna: asteazkena. Erraldoiek bisita egingo diete zaharren egoitzako adinekoei, 13:30ean. Ondoren bazkaria egingo dute, eta Iñaki Bizkai musikariak kantaldia eskainiko du. Gauerako Edelweis orkestraren dantzaldia prestatu dute herriko plazan. Bost eguneko San Migel jaiak Gaixoa ni kantatuta agurtuko dituzte agoiztarrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.