Gasteizko Andre Mari Zuriaren jaiak. Haurren eguna

Festa, txikien neurrira

Zeledon Txikiren eta Neska Txikiren gonbitari ezin hutsik egin, eta ederki pasatu dute haurrek beren jaiegun handian. Umeentzako jolas eta ikuskizunak gainezka egon dira.

edurne begiristain
Gasteiz
2012ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Egun handia izan zen atzo etxeko txikientzat.Haien neurrira egindakoa. Zeledon eta Neska Txikik ongi pasatzeko gonbita egin zieten milaka haurri, eta umeek ederki aprobetxatu zituzten haientzako espresuki prestatutako ikuskizun eta jolasak. Eguraldi paregabea lagun, Gasteizko kaleek gainezka egin zuten egun osoan.

Egunak, batez ere, bi izen berezi izan zituen: Anartz Sereno eta Nerea Balbas, aurtengo Zeledon eta Neska Txiki. Haiek arduratu ziren haurren artean irribarrea eta energia kutsatzeaz. Ederki bete zuten beren eginkizuna, gainera. Goizean goiz ekin zioten eguna girotzeari. Lehenengo geldialdia Andre Maria Zuriarekin izan zuten, San Migel elizaren atarian. Ohiturari jarraituta, ohorezko aurreskua dantzatu zuten aurrena, hamaika haur eta gurasoren begiradapean. Irribarre lotsatiarekin agertu zen Balbas jendaurrean, eta aurpegi serioagoarekin, berriz, Sereno. Urduri zeuden biak. Abarkak ongi lotu eta blusa apur bat lisatu zuen Zeledon Txikik dantzan hasi aurretik, Neska Txikik belarrira zer edo zer esaten zion bitartean. Dotore bete zuten dantzaldia, hilabetean aurreskua dantzatzen irakatsi dien irakaslea gertu zutela. Txalo zaparrada batekin eskertu zieten bildutakoek dantza erakustaldia.

Ondoren, lore sorta bana paratu zuten Andre Mari Zuriaren irudiaren aurrean. Eskaileran igota zeudela, ozen oihukatu zuten «Gora Andre Mari Zuriaren jaiak!».Eskaileratik jaisteko imintzioa egin zuen Zeledon Txikik, baina segituan gogorarazi zion Neska Txikik gauza gehiago oihukatu behar zituztela: «Gora Zeledon eta Neska Txiki!», «Gora Gasteiz!», esan zuten. Kementsu hasi zuten goiza bi gaztetxoek, eta, ostean kazetariei aitortu zietenez, «hunkituta» zeuden. Biak «pozik» zeuden erakustaldiarekin: «Aurreskua ongi dantzatu dugula uste dut», esan zuen Zeledon Txikik. «Entseatuta genuen», erantsizuen Neska Txikik.

Emozio gehiago gordeta zuen egunak haurrentzat. Plaza Berrian izan zuten hurrengo ekitaldia, eguerdian, Zeledon eta Neska Txikiren jaitsierarekin. Plaza haurrez lepozegoen: gurasoen bizkarrera igota batzuk, aitona-amonen eskuari lotuta beste batzuk, eta denak begiak zabal-zabalik gora begira. Zeledonen abestiaren lehen doinuak entzun ziren, eta Aitor Divar gaztetxoa agertu zen, makila eskuan, Udal Banda zuzentzera.

Udaletxeko balkoitik Zeledon eta Neska Txikiren panpinak prest zeuden. «Zzzzzzzzz! Danba!», entzun zen zeruan. Suziria jaurti zuten Iker Aostri eta Alaia Fariñasek, iazko Zeledon eta Neska Txikik, eta plaza saltoka jarri zen segituan, panpinek buruen gainetik hegan egiten zuten bitartean. Balkoira iritsi eta hezur-haragizkoak agertu bezain pronto, berriro ere saltoka eta kantuka jarri zen plaza. «Zeledonek etxe berri bat egin du...» kanta ezaguna abestu zuten txiki zein nagusiek, bi gaztetxoak agertokira hurbiltzen ziren bitartean.

Taula gainera igo, eta ongi pasatzeko gonbita helarazi zieten aurrean zituzten milaka umeri, umore eta guzti: «Txikiok dakigun modura ospatzera gonbidatzen zaituztegu, jolasten, saltoka... eta gurasoei litxarreriak eskatzen, nahiz eta garai hauek gero eta garestiagoak diren». Krisia ahaztera eta dantza egitera animatu zituzten, halaber. Hala egin zuten biek, denen aurrean, fandango batekin. Opari bana eman zieten ondoren udal agintariek, eta, Gorka Ortiz de Urbina Zeledon handia agurtzearekin bat, txikienen jai handia hasi zuten. Ordura arte gordetako indarrak atera zituzten milaka haurrek orduan.

Bazterik bazter

Txupinazoaren ondotik, eskaintza zabalarekin topo egin zuten txikienek, hiriburuko hainbat txokotan. Alde batera zein bestera bultzatu zituzten gurasoak, jolastoki gogokoenetara. Inoiz baino aulkitxo eta puxika gehiago ikus zitezkeen hiriko kale nagusietatik, eta, sargoria ez ezik, koloretsua ere izan zen eguna. Eskaintza zabala zegoen ongi pasatzeko: abentura gunea eta ludoteka, buruhandien konpartsak, erraldoiak eta gargantua,bertso antzerkia, kirol lekua, dantzaldiak, puzgarri erraldoiak... Ikuskizun eta jolas denak gainezka egon ziren.

Eta noski, beste ezeren gainetik, barrakak. Ohi baino merkeago zirela aprobetxatuta, seme-alabak barraketara eraman zituzten guraso askok. Tonbola, tiroa, txu-txu trena, matxinsaltoa... Mendizabalako inguruetan etengabea izan zen jendearen joan-etorria. Gaur blusa eta neska beteranoek hartuko diete lekukoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.