Uda hurbiltzearekin eta giroa epeltzearekin batera ugaritzen dira herriko festak Euskal Herrian. Abadiñoko Matiena auzoan (Bizkaia) gaur hasiko dira San Prudentzio jaiak. Bi asteburutarako egitarau oparoa prestatu dute, edonoren gusturako, hara biltzen direnek festaz goza dezaten.
Arratsaldean lehertuko da jaia Matienan. Auzoko kuadrillak Trañako zubian bilduko dira, 19:00etan, eta Donien Atxa jasotzearekin emango zaie hasiera festei, 20:00etan. Pertsona askoren artean altxatzen dute zuhaitza, eta oso ikusgarria izaten da. Bizkarra fanfarreak alaituko du ekitaldia. Musikaz gain, dantza ere ez da faltako. Iluntze taldeak dantza saioa eskainiko du, eta urteko pertsonarik ospetsuena sarituko dute. Gauean ere jai giroak jarraituko du kalean. Traña plazan jaialdia antolatu dute Luhartz taldearekin.
Asteburuari gogotsu ekingo diote bihar. Haurrei eskainitako eguna izango da; horregatik, ekitaldirik gehienak haientzat izango dira. Festa eta kirola lotuko dituzte goizean. Aretoko futbol partidak jokatuko dituzte, eskoletan, 10:00etan. Ordu horretan bertan, Txanbolin taldekotxistulariak kalera irtengo dira giroa alaitzera. Haurrentzako quad-ak antolatu dituzte,Trañako plazan, 10:30ean, eta Malas Compañia zirku taldeak haurrentzako antzerki ikuskizuna eskainiko du, 12:00etan. Eguraldiak laguntzen ez badu, frontoian egingo dute antzerkia. Bazkaldu eta indarrak hartu ondoren, mus txapelketan parte hartzeko aukera egongo da, 16:00etan, eskolako aterpean. Arrano elkartea da antolatzailea. Ondoren, haurren jaialdia izango da Trabañarren etorbidean, 18:00etan. Eguna su festarekin eta kontzertuekin bukatuko da. Orion Child, Leihotikan, Seiskafes taldeek joko dute Traña plazan. Onda Futuraren doinuak entzuteko Trañabarren etorbidera joan beharko da.
Larunbat gauak utzitako arrastoak kentzeko modua egongo da igandean, ekitaldiz beteta baitator eguna. Haurren lekukoa erretiratuek hartuko dute. Jaizale txistularien elkarteak eta Done Zezili abesbatzak kontzertua emango dute, elizan, 12:00etan. Bazkalaurreko mokadutxoa hartzeko Pinoko plazara joan beharko da; perretxiko pintxoak egongo dira salgai han, eta Iluntze taldea dantzatuko da. Erretiratuen bazkariaren ondotik, jaialdia eta xake erakusketa izango dira, Pinoko plazan. Pilota gustuko duenak San Prudentzio pilota txapelketaren finalaurreko partidetan gozatuko du, 17:00etan. Ondoren, tute txapelketa antolatu dute, eskolako aterpean. Entzierro hitza zezenekin lotzen da, baina Matienan lotura horrek huts egiten du. Ahariak ateratzen dira kalera, eta Trabañarren etorbidetik Traña plaza arteko bidea egingo dute. 18:00etan izango da hitzordua. Lasterkaegin eta gero, suspertzeko Olot-La Garrotxako produktuen dastatzera joateko aukera dago, Trañako plazan, 20:00etan.Lotxo musika taldeak afaldu aurretik, eta Correfocek ondoren, entzuleak dantzan jarriko dituztegauean.
Aste barruan jaiak ez du etenik izango Matienan. Astelehen eta astearterako ere egitarau oparoa prestatu dute. Hiru eguneko atsedenaren ondoren, datorren asteburua ere ekitaldiz josita etorriko da. Herri bazkaria, kuadrillen arteko jokoak eta bertso saioa izango dira larunbatean. Sebastian Lizaso, Igor Elortza, Onintza Enbeita eta Odei Barrosok abestuko dute Errota Kultur Etxean larunbat gauean. Igandean amaituko dira festak, Donien Atxa botatzearekin batera.
Jaiak. Sanprudentzioak Matienan
Festa usaina nagusituko da zortzi egunez
Haurren eta erretiratuen egunak ospatuko dituzte asteburuan; egitarau oparoa prestatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu