Festak eta nekazari azokak bat egingo dute Eibarren, San Andres egunean

Asteazkenean izango da nekazari azoka berezia, baina beste hainbat ekitaldi ere badituzte San Andres jaien harira

Euskal produktuen azoka egingo dute Eibarren San Andres egunean. ETA KITTO.
Adrian Garcia.
2011ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Eibartarrak hasi dira sanandresak ospatzen. Azaroaren 13an hasi zituzten jaiak, eta, ordutik, festetan dabiltza. Asteazkenera arte izango dute zer egina Eibarren.

Gastronomiarekin lotura duten ekitaldiak izango dituzte herrian gaur: bakailao txapelketa. Lehiaketa 11:30ean hasiko da, Untzaga plazan. Kofradiako ohorezko kideen zin egiteak eta Goruntz abesbatzaren saioak osatuko dute goizeko egitaraua.

Asteburuan bapo jan ondoren, asteartean izango da energia horiek erretzeko aukera. Dantzaldia antolatu baitute Untzaga plazan.DJ Arno izango da gaua musikaren bidez alaitzeko arduraduna, 23:00etatik 02:00etara. Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Kontsumo Sailak eta Eibarko Udalak drogen inguruko karpa informatiboa jarriko dute, Egogain kalean. Drogen kontsumoari buruzko informazioa emateaz gain, drogei analisia egingo diete karpan.

Azoka, asteazkenean

San Andres eguna asteazkenean izango da. Jaietako azken eguna izanagatik, ez da aurrekoak baino apalagoa izango. Usadioari jarraituz, nekazaritza azoka egingo dute asteazkenean. Behingoz, supermerkatuetako produktuei uko egin, eta inguruko baserritarrek ekarritako produktu naturalak erosteko aukera izango da nekazaritza azokan. Barazkiak, frutak, gazta, ogia, eztia, mermelada eta beste hainbat produktu natural eskainiko dituzte Untzaga plazan ipiniko dituzten postuetan. Eraginkorrak izan ohi dira halako azokak baserritar txikien ekonomia suspertzeko.

Nekazaritza azoka ez ezik, ganadu erakusketa ere egingo dute. Inguruko baserritarrek goizean goiz ekarriko dituzten abereak ikusteko aukera izango dute Untzaga plazan biltzen direnek. Epaimahaikideek 09:30ean ekingo diote azokako postu eta produktu onenak izendatzeko lanari.

Musika eta bertsoek ere izango dute lekua San Andres azokan. Usartza Txistulari Bandaren doinuek alaituko dituzte Eibarko kaleak. 11:00etatik aurrera, kalejiran ibiliko dira. Eguerdian, berriz, Narbaiza eta Gorrotxategi bertsolarien errimak entzun ahal izango dira. Trikitilariek lagunduko diete bertaratutakoak animatzen. Bukatzeko, Sostoa abesbatzak zarzuela emanaldia eskainiko du, Coliseo antzokian, 19:30ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.