Iruñeko Sanfermin txikietarako egun gutxi falta dira, eta festan murgiltzeko eta parte hartzeko deia egin du Alde Zaharreko jai batzordeak. Ostiralean hasiko dira jaiak, eta, hiru egunez, igandera arte, musika eta parranda izanen dira auzoan jaun eta jabe. Dena dela, dena ez da poza jai batzordean, eta udalaren jokabideaz «nazkatuta» daudela kritikatu dute. Aurten ere ukatu egin die udalak festak ordaintzeko taberna bat jartzeko baimena, eta entzungor egin dio egitarau bateratua adosteko jai batzordeak egindako proposamenari ere.
Heldu den ostiralean, 12:00etan dute ordua Alde Zaharreko bizilagunek. San Fermin Txikiko festak hasteko, suziria botako dute Corazonistak plazan, eta jaia lehertuko da auzoan. Krisiak krisi, egitarau oparoa prestatu du jai batzordeak. Ez da faltako ez musikarik ez eta jende guztiarentzako ekitaldirik ere. Auzoko Erraldoi eta Kilikien Konpartsa egunero aterako da goizez edo arratsaldez.
Zaldi Zurian jarri du jai batzordeak auzoaren jai gunea, eta han hainbat ekitaldi antolatu dituzte: afariak eta kontzertuak, nagusiki. Kabaret ikuskizun bat ere prestatu dute larunbaterako, 20:00etan. Baina Zaldi Zurian ez eze, Alde Zaharreko beste plaza, kale, taberna eta peñetan ere hamaika ekitaldi izanen dira.
Udalarekin «nazkatuta»
Atzo aurkeztu zuen egitaraua jai batzordeak, eta Alde Zaharreko bizilagunei jaian murgiltzeko deia egin zien Norberto Rodriguezek jai batzordearen izenean. «Hiru egun karrikan eta auzokideekin ongi pasatzeko presta daitezela». Udalaren jarrera kritikatzeko ere baliatu zuten gonbidapena. Izan ere, jai batzordea «nazkatuta» dago UPNren udal agintaritzaz, jaiak antolatzeko tenorean «trabak besterik» ez dielako jartzen. Duela hiru aste eskatu zituzten jaietako ekitaldiak antolatzeko baimenak, baina azken unera arte ez zaizkie iritsi. Joan den ostiralean udalbatza txikia antolatzeko prestatu zuten ekitaldirako baimena berandu iritsi zitzaien. Goizeko hamaiketan zuten ordua, eta baimena bi ordu eta erdi beranduago iritsi zen.
Hori bakarrik ez, urteak dira jaiak finantzatzeko taberna bat jartzeko baimena eskatua duela jai batzordeak, baina udalak ez die baimenik eman nahi, eta aurrerantzean ere ez diela emanen erantzun die. Udal gobernuaren asmoa euren uztarrikoak ez diren taldeak desagerraraztea dela uste du jai batzordeak. «Ongi dakite kolektiboak ekonomikoki itotzeak ondorioak ekartzen dituela horien lanean. Gu desagertzea nahi dute, eurek politikaz eta hiriaz duten ikusmoldearen alternatiba izan ez gaitezen».
Baimenez gain, jaien antolaketan udalak darabilen jokabidea ere salatu du. Udalak bere egitaraua antolatzen du, eta azken ordura arte ez dio jakinarazten jai batzordeari. Horrela, hainbat ekitaldi bikoiztu egiten dira. «Izugarri poztuko gintuzke auzokideek antolaturiko egitaraua aberastuko lukeen udal egitarauak, baina horrek jai batzordearekin elkarlanean aritzea lekarke, eta ez dira gai horrelako arrandia politikoa egiteko». Ekitaldiak bikoiztea ez ezik, «dirua alferrik gastatzea da hori, eta krisi garaian, are larriagoa da».
Festak kalean bizitzeko gonbita egin du San Fermin Txikiko jai batzordeak
Ostiralean botako dute suziria, eta hiru egunez jaietan murgilduko dira Iruñeko Alde Zaharreko bizilagunak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu