Bilboko Aste Nagusia

Festara, debeku guztien gainetik

Aurten ere, Kaskagorrik eta Txori Barrotek ezin izan dute txosnarik jarri, baina inoiz baino gogotsuago ari dira parte hartzenKaskagorrik atzo izan zuen egun nagusia, eta ekitaldi andana antolatu zituzten

Txosnarik izan ez arren, ekitaldi ugari antolatu zituzten atzo Kaskagorriko kideek; kontzertu ibiltarian jende ugari batu zen. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
gotzon hermosilla
Bilbo
2011ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Aurten ere, Kaskagorri eta Txori Barrote konpartsetakoek ezin izan dute txosnarik jarri Bilboko Aste Nagusian. 2009an, bi urtez txosna jartzeko debekua ezarri zien Bilboko Udalak bi konpartsa horiei, euskal presoen argazkiak erakutsi zituztela leporatuta. Debekuak debeku, ezin esan bi konpartsa horiek Aste Nagusitik landa utzi dituztenik. Alderantziz: aurten, iaz bezala, inoiz baino ugariagoak dira bi konpartsa horietako kideak, gainerako konpartsen txosnetan txandak egiten eta Konpartsa Batzordeak antolaturiko beste ekitaldietan ere.

Kaskagorriri dagokionez, ahalegin handia egin dute aurten inoiz baino egitarau osatuagoa eskaintzeko. Asterix da konpartsa honen ikurra, eta Goscinnyk eta Uderzok asmatutako pertsonaiak erromatarren aurrean egiten zuen moduan, Kaskagorrikoak ere ez dira kikiltzen oztopo eta erasoen aurrean. Baina, Asterixek ez bezala, Kaskagorri osatzen duten gazteek ez dute edabe magikorik behar; ilusioarekin eta festarako gogoarekin nahikoa daukate.

Atzo izan zen Kaskagorriren egun nagusia, eta hainbat ekitaldi prestatu zituzten egun osoan, eguerditik hasita, orduantxe abiatu baitzen Kaskagorriren batukada Arriaga antzokiaren atzeko aldetik, hots, konpartsak Aste Nagusian historikoki bete duen txokotik. Aurten, txoko horretan ez dago gorriz apaindutako urteroko txosna, baina Asterixen irudia daukan dorre handia paratu dute beti bezala.

Jende asko eta giro ona

Batukadara bildu direnen artean Irati Ugalde Kaskagorriko kidea dago. Lehenengo asteburuko nekea ez zaio nabaritzen: «Pozik gaude, orain arte dena ondo ateratzen ari delako. Euri pixka bat izan dugu, baina jendea erantzuten ari da». Igande gauean, ekaitzaren mehatxuari muzin eginez, Sarkor, Egurra Ta Kitto eta El Lobo de Armañon taldeak aritu ziren Asterix erraldoiaren begiradapean dagoen agertokian, Kaixo, Kobeta Mendi eta Kaskagorrik antolatuta, eta jende anda batu zen kontzertua ikusteko.

«Nahiz eta txosnarik jarri ez, aurten erakutsi nahi izan dugu inoiz baino indartsuago eta gogotsuago gaudela», adierazi du Ugaldek, «eta horregatik egitarau txukuna prestatu dugu, eta arreta berezia jarri diogu eguneko egitarauari. Izan ere, gauez kontzertuak eta horrelakoak antolatu ohi ditugu, eta badirudi askok gaueko giroarekin lotzen dituztela gazteak, baina aurten saiatu gara egunez ere ekitaldi asko antolatzen».

Batukada taldeak ekin dio burrunba ateratzeari: «Iaz hasi ginen entseatzen, eta aurten badirudi hobeto jotzen dugula. Hala esaten digu jendeak behintzat», adierazi du Ugaldek. Jai esparruan osteratxo bat egin ondoren, berriro ere Kaskagorriren txokoan amaitu da batukada. Han, konpartsako kideentzako bazkaria zuten zain, bai eta plastikozko igerileku eramangarria ere, bazkaldu aurretik bere burua freskatu nahi zutenentzat.

Kontzertu ibiltaria

Bazkalostean, konpartsako kideen arteko jokoak egin dituzte, eta, ondoren, egitarauko ekintzarik ikusgarrienetako baten txanda izan da: kontzertu ibiltaria. Kamioi baten gainean, sound system bat jarri dute, disko jartzaile eta guzti, eta, atzetik, Euskal Herriko zenbait hip hop taldetako kideak ibili dira txosnetako gunean barrena. Komantxe konpartsaren txosnaren aurrean iritsi direnean, hor aritu dira hip hop abeslariak, errimak eta erritmoak uztartuz. Gau partean, beste kontzertu bat egitekoa zen agertokian, Bilbomatiks eta Itziarren Semeak taldeekin.

Datozen egunetarako, ekitaldi gehiago antolatu dituzte Kaskagorrikoek. Horietako batzuen gainean mehatxua dago, Dignidad y Justicia elkarteak debekatzeko eskatu baitio Espainiako Auzitegi Nazionalari: «Ostegunean, jazarpena jasandako Kaskagorriko kideen eguna izango da», esan du Ugaldek, «eta senideekin bazkaria eta beste ekitaldi bat antolatu ditugu. Gu zain gaude, epaileek oraingoz ez baitute ezer adierazi. Gure asmoa da ekitaldi guztiak egitea. Gero, debekua ailegatzen bada, ikusiko dugu».

Kaskagorriko kideen ustez, badago Bilboko jai eredua ezbaian jartzeko asmo ezkutua, eta debekuak asmo horren atal bat baino ez dira: «Udalak gero eta oztopo gehiago jartzen ditu, jai pribatu eta elitistak antolatu nahi dituztelako. Horregatik uste dugu jai eredua defendatu behar dela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.