Bultzada eta erresistentzia. Biak beharko dituzte gaurtik aurrera Atarrabian (Nafarroa). Eguerdian botako dute suziria, eta orduan lehertuko da festa. Lehen bultzada izango da, baina zortzi eguneko festa izango dute haren atzetik, eta hor sartzen da erresistentziaren beharra. Iaz baino aurrekontu txikiagoa izan du aurten udalak festak antolatzeko, baina eutsi egin diote festen iraupenari eta eskaintzari. 92 ekitaldi prestatu ditu, guztira, udalak; eta programa herrikoia ere antolatu dute herriko elkarteek. Ongi pasatzeko aukerarik ez da faltako, beraz, festazaleen neurriko astea izango baita hau.
Beherantz doa Atarrabiako festen aurrekontua urtez urte. 100.000 eurora murriztu zuten iaz, eta 92.000 eurora aurten. Halere, pozik mintzo da Mikel Oteiza kultura zinegotzia, festei eusten asmatu dutelako. Eutsi egin diete, bai festa egunei, baita egitarauko ekitaldi kopuruari ere. «Eutsi egin diogu iazko programari, gutxi gorabehera». Eutsi egin diote haurrentzako ekitaldien kopuruari eta herriko elkarteekin zituzten hitzarmenei. Bigantxei eskainitako saio bat murriztu dute, halere.
Denerako tartea izango da, zortzi egunez, festetan. Dantzaldiak izango dira gauero, asteazken eta ostegunean izan ezik. Kirolak ere izango du bere tartea. Asteartean, esaterako, Mikel Goñi eta Goñi III.a arituko dira Eugi eta Eulateren aurka. Jana, edana, dantzaldiak, zezensuzkoak eta zinema ere ez dira faltako. Ostegunean ospatuko den film laburren lehiaketa da horren froga.
Asteburuko giroa
Asteburuetakoak dira programaren egunik beteenak. Orduan izaten da jenderik gehiena festetan, Iruñetik eta inguruko herrietatik joaten direnei esker, eta herritarrak izaten dira nagusi, ordea, aste barruan. Egun batez atseden hartzeko baliatzen dute astea, gainera, atarrabiarrek: ostegunekoa. Filmak ikusteko baliatuko dute gaua.
«Oso jai herrikoiak dira gureak», azaldu du Oteizak, eta txupinazoa nork botako duen hautatzeko prozesua aipatu du adibidetzat. Orain arte alkateak hautatzen zuen hori, baina herritarren esku utzi dute hautua. Eta Atarrabiako Caritas elkartea izango da jaiei hasiera emango diena. Badute hainbesterako meriturik, egiten duten boluntario lanaren bidez, diruz gaizki dabiltzanei jatekoa eta arropa ematen baitizkiete urte osoan.
Udalak antolaturiko egitarauan ageri diren ekitaldiez gain, bestalde, Atarrabiako Jai Herrikoien Batzordeak ere egin du bere ekarpena. Txosna gune bat izango dute herrian, eta egitarau propioa izaten dute han, zenbait ekitaldi udalaren programan ere ageri badira ere. Txarangak, bazkariak, kontzertuak eta tailerrak. Orotariko ekitaldiak prestatu dituzte, baita mozorro lehiaketa bat ere astelehen gauean.
Ostegunerako ere antolatu dituzte patata tortilla txapelketa eta kontzertuak. Eta Euskararen Eguna izendatu dute hurrengo igandekoa. Festen azken eguna, alegia. Bazkaria, dantzaldia eta euskal dantzak izango dira arratsaldean. Mihi dantza ederra, festei amaiera ona emateko.
Jaiak. Atarrabia
Festazaleen neurriko astea
Gaur eguerdian botako dute txupinazoa udaletxetik, eta hurrengo igandera arte ospatuko dituzte festak AtarrabianIaz baino aurrekontu txikiagoa izan du aurten udalak programa prestatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu