Film mutu musikatua ikusgai

Buster Keatonen hiru film musikatuko ditu The Silent Band musika taldeak, gaur, 22:30ean, Zumaian

Buster Keaton, zinema mutua lantzen zuen aktorea. BERRIA.
2012ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Zinema eta musika uztartuko dituzte, gaur, Zumaiako (Gipuzkoa) Mari kalean, 22:30ean. The Silent Band taldeko musikariek Buster Keatonen hiru film mutu musikatuko dituzte: Fatty Jolas Parkean (Cony Island), nahaspila erromantikoak eta bikotekideen arteko eztabaida txikiak kontatzen diren filma; Ontzia (The Boat), familia baten gorabeherak kontatzen diren filma; eta Sukaldaria (The Cook), hankaz gora dagoen jatetxe bateko sukaldari eta zerbitzari baten istorioa. Ohiko bilakatu da Musika eta zinea saioa, eta Zumaiako musika jaialdian bere lekua hartu du, urteroko legez.

Buster Keaton 1910eko eta 1920ko hamarkadetan puntan ibili zen aktorea da, eta 30 film labur baino gehiago egin zituen protagonista gisa. Ikusleak harritzeko moduko gag berritzaile eta originalez gain, abilezia akrobatiko harrigarriak erakusten ditu. Bere aurpegiera du ezaugarri nagusia, eta ezbehar handienei ere zirkinik egin gabe egiten die aurre.

Ikusleek hiru film dibertigarri edukiko dituzte ikusgai, ongi pasatzeko eta barre egiteko helburua dutenak. Eztabaida eta une tragikoei alderdi komikoa ateratzen die Keatonek, eta Javier Perez de Azpeitiak zuzendutako The Silent Band taldeak eskainitako musikak ikuslea filmean barneratzen du.

THE SILENT BAND - BUSTER KEATON

Noiz. Gaur, 22:30ean.

Non. ZumaiakoMari kalean (Gipuzkoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.