«Filosofia irakasleei eskertu behar diet begiak ireki izana»

Herriko organistari entzunez piztu zitzaion musikarako zaletasuna Sabin Salaberriri (Aramaio, 1934), eta ibilbide oparoa egin du ordutik; besteak beste, egungo Arabako musikari ezagunenen irakaslea izan da kontserbatorioan.

Anakoz Amenabar.
2010eko urriaren 24a
00:00
Entzun
Musika eta Salaberri, biak bat. Ezin laburtu daiteke lerro gutxi batzuetan aramaioarraren musika ibilbide luzea. Hainbat kantu ezagunen sortzaile, Jesus Guridi musika eskolako irakaslea, Diputazioan musika irakaskuntzako arduraduna... Erretiro garaia heldu zen, baina ezin musikatik banandu.

Zortzi urte igaro dira. Askatasuna eman zizun erretiroak ala oraindik lanaren falta sumatzen duzu?

Gustuko nuen nire lana, irakaskuntza, eta batik bat goi mailakoa. Ikasleak prestakuntza bikainarekin datoz maila honetara, eta ikasteko gogoarekin. Ikasteko gogoa duenari irakastea gauza benetan hunkigarria da. Lana utzi behar nuela esan zidatenean beheraldia izan nuen, irakaskuntzan beste hainbat urtez jarraitu nezakeela uste nuelako. Erlojuaren kontrolpetik askatzeko baliagarri izan zen, halere. Alde horretatik, bai, askatasuna.

Musika ez duzu bazterrean utzi, ordea.

Antzeko lanetan nabil orain ere, baina erlojuari begiratu gabe. Musika idazten dut orain ere, nagusiei eskolak ematen dizkiet, Euskadiko Orkestraren aholkularia naiz...

Aramaioko apaizari txikitatik laguntzen omen zenion musikarekin.

Zortzi urterekin hasi nintzen elizako koruan kantatzen eta lehenengo solfeo urratsak ikasten, eta hamabi bat urterekin hasi nintzen harmoniumarekin apaizari laguntzen.

Musika entzuteko, disko gutxi helduko zen orduan Aramaiora, ala?

Etxean musika zaleak ziren, baina ez zegoen diskorik. Herrian bazeuden, halere, hiru bat piano, eta gogoan dut organista izandakoaren etxe azpitik igarotzen nintzenean han geratzen nintzela Mozarten Turkiar Martxa entzuten. Soinu jotzailea ere igandero etortzen zen, eta han egoten nintzen ni begi-belarri.

Piano ikasketak ondoren, teologia eta filosofiarekin batera. Nolakoa izan zen Gasteizerako jauzia?

Gasteizko apaiztegian izan nituen humanismo ikasketak eskertu behar ditut. Batez ere filosofia irakasleei eskertu behar diet, nahiz eta momentu hura kontserbadore samarra izan, begiak ireki baitzizkidaten beste pentsamenduetara. Oso baliagarri izan zait.

Noiz erabaki zenuen apaiztegia uztea?

Hainbat liskar izan nuen orduko gotzainekin. Apaizen artean mugimendu indartsu bat izan zen Eliza berritzeko; ni Arabako ordezkari moduan nengoen, bertan osatu zen batzordean, eta hor izan zen lehenengo liskarra. Bigarrena Katedral Berria inauguratu zutenean gertatu zen. Francok etorri behar zuen, eta niri deitu zidaten abesbatza zuzentzeko; hiru hilabetez desagertu nintzen, ez zekien inork non nengoen, eta horrek ere arazoak ekarri zizkidan. Hortik aurrera, han ez nuela ezer egiten erabaki nuen.

Fededuna zara egun?

Fededuna naiz bai, baina Eliza honetan ez daukat inolako konfiantzarik. Felix Placer edota Joxe Arregiren bide beretik noa.

Araba Korua heldu zen ondoren, besteak beste, Manu Sagastume edo Antxon Leterekin batera.

Ordura arte apaiztegiko hormen atzean ibili eta gero sekulako aldaketa izan zen niretzat. Beste bizitza bat hasi nuen, eta munduan jende oso ona, konprometitua zegoela konturatu nintzen. Koruaren helburuetako bat euskara indartzea zen, eta horregatik sarritan zentsuratu gintuzten. Gurea da Principal antzokian abestu genuen lehenengo aldia zirraragarria izan zen; gogoan dut abesti amaieran «itsas-mendietako gizonak gora!» oihukatzearekin batera jendeari geratu zitzaion harridura aurpegia.

Gasteizen orkestra sortzea ere ametsa izan duzu urte askotan.

Eta oraindik ere badut amets hori. 1993an Gasteizko Gazte Orkestra sortu genuen, eta beste herrialdeetako gazteekin hainbat topaketa egin genituen. Erakundeetatik ez genuen babesik izan, eta ezin aurrera eginda geratu zen, baina horri esker sortu zen, hein handi batean, Euskadiko Gazte Orkestra. Erakundeak mugitzen saiatu naiz orkestra sortzeko, baina orain badirudi ez dela momentua.

Auditorioum berriak emango al dio musikari behar duen bultzada?

Lehendabiziko proiektua aurkeztu zutenean, Juan Navarro Baldewegen auditoriuma, haren alde agertu nintzen, argi eta garbi, eta sekulako kritikak entzun behar izan nituen. PPren zerbitzura nengoela... Proiektu berriaren inguruan nahiago dut isilik egon.

Musika ikastea gozagarri baino gehiago penitentzia izan da askorentzat... Aldatu al da metodologia?

Guztiz aldatu da. Hizkuntza guztietan bezala, musika lehendabizi entzun egin behar da, belarria landu, jolas egin, eta interesa sortzen denean ikasleak berak eskatuko du musika hori idaztea eta irakurtzea. Gaur egun ikasleak oso gustura joaten dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.