Egunean Behin lehiaketako hirugarren denboraldiko finala asteazken iluntzean jokatu zen eta bigarren aldiz jarraian, Segurara joan da txapela: Eñaut Arretxe izan da hamar erantzunak ondoen eta azkarren erantzuten. Bigarren denboraldiko finala beste segurar batek irabazi zuen, Eneko Agirrezabalek.
Jende bizkorra dago Seguran.
Ez dakit zer pasatzen den. Ura dagoen berezia, edo zortea den.
Zerbait bada.
Kasualitatea. Aurrekoan Eneko Agirrezabalek irabazi zuen eta oraingoa nik.
Aspalditik ari zara parte hartzen Egunean Behin lehiaketan?
Ez dakit seguru noiztik ari naizen baina gogoratzen nazi iazko Aste Santuan ere jokatzen nuela. Hasiera samarretik ari naiz, 2.000 lagunek bakarrik jokatzen genuen orduan eta orain 100.000tik gora gara.
Eguneko momentutxoa izaten da Egunean Behineko partida.
Horrela hartzen dut nik. Normalean iluntzeetan egiten dut, afal ondorenean, bakarrik nagoenean. Interferentziarik gabe. Kontzentrazio handia behar da. Ondo egitea garrantzitsua da baina azkar egitea ere bai. Saiatzen naiz ahalik eta azkarren egiten.
(jarraitu irakurtzen, Goierriko Hitza-n)