First Lego League (FLL) lehiaketak aurten elikadura segurtasuna bermatzea izango du helburu. Elikagaien kalitatea ziurtatzeko, intsektu bakterio eta beste elementu batzuen bidezko kutsadura saihesteko eta biltegiratzeko baldintzak hobetzeko bidean lanegingo dute aurtengo partaideek. FLLren aurtengo aldian, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 350 ikaslek parte hartuko dute.
Abenduaren 3an egingo da kanporaketa nagusia, Bizkaiko Zientzia eta Teknologia parkean, eta lehiaketatik lehen hiru postuetan geratuko diren taldeak Espainiako finalera igaroko dira. Iragan urtean Bilbon egin zen final hori, eta aurten Iruñeari egokitu zaio txanda.
FLL nazioarteko sariketa da, eta aurten 55 herrialdek parte hartuko dute, 16.000 taldetan banatuta. Orotara, lehiaketan 130.000 ikasle baino gehiago lehiatuko dira. Sariketa honekin, neska-mutikoen artean zientzia eta teknologia bokazioak sustatu nahi da. Horretarako, berrikuntzaren balioak eta sormenaren lana taldearen kontzeptuarekin garatuz lortzea da helburua. Zientzia eta teknologia bokazioak sustatzeko erabiltzen duten oinarria, gainera, jostailu bat da: Lego markako piezekin egiten baitituzte gaztetxoek euren proiektuak. Hala ere, lehiaketan parte hartzeko garaian, pieza zehatz batzuk ematen zaizkie partaideei, eta horien bidez garatu behar dute euren lana.
Ezartzen zaien gaiaren inguruan, irtenbidea bilatu beharko dute; horretarako, robot bat Lego piezekin garatuko dute. Aurtengoan, elikaduraren segurtasuna bermatu beharko dute mundu osoko milaka haur eta gaztek, tartean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeetakoek.
First Lego Leaguek elikagaien segurtasunean lan egingo du
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 9 eta 16 urte arteko 350 ikaslek parte hartuko dute aurten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu